HIZKUNTZAK
  • Aurrerapausoak

    Etorkizuneko jendartearentzako hezkuntzak etorkizunean pentsatu behar du

Hezkuntza-proiektura egokitutako espazioak

Haur Hezkuntzan umearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten da lan Orereta Ikastolan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta: bera da bere bizitzako protagonista, Ikastola bere bidelagun da.

Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogia abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea da Ikastolaren xedea. Profesionalen formazio jarraiaz gain, espazio eta guneak berak ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude. Zirkulazio librerako, harremanak garatzeko, autonomia
lantzeko, senak dioena garatu ahal izateko… erabat berritu edota egokituta daude Ikastolako espazioak.

Aurrerapauso hori eman duen lehen ikastetxea da Ikastola Orereta-Errenterian.

Baratzea

Ikastola inguru berdean, mendialdean, egoteak konpetentziak ikasgelatik kanpo ere lantzen laguntzen du.

Lehen Hezkuntzan, baratzeko proiektua da horren adibide. Ortuaren erritmoez ohartzeko, natura zein emankorra eta jakintsua den ezagutzeko, gure ingurua zaintzearen garrantziaz konturatzeko, lanabesak egoki eta zuzen erabiltzen ikasteko, euskarazko hiztegia aberasteko zein talde lanaren garrantziaz ohartzeko aukera bikaina eskaintzen du Añabitarteko baratzeak. Autokonpostarako guneak ere badira Ikastolan.

Baso-eskola

2020-21 ikasturteko berrikuntza nagusietakoa da baso-eskola Orereta Ikastolan. Haurrek jolas librean eta esperimentazioaren bidez inguruarekin duten harremana sendotzea da helburua. Ikasleek naturaren parte direla sentitu eta zaintzen ikasten duten bitartean, hezkuntzako arlo ezberdinak gozamen eta askatasunetik lantzen dira.

Ikastolako hezkuntza-proiektu eraldatzailean basoa bera ikasgela bihurtzen da, bere errutina, arau eta edukiekin. Azken horiek kurrikulum ofizialean oinarrituta daude eta baliabide didaktiko garrantzitsuena natura bera da.

Ezagutu baso-eskolaren xehetasun gehiago

Ikasgela inklusiboak

Behar jakinak dituzten ikasleei laguntzeko baliabideak dira pedagogiaren zutabe garrantzitsuetako bat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programa eta Curriculum Aniztasuneko Proiektua martxan dira. Horiei esker, behar jakinak edota bereziak dituzten ikasleak hobeto artatzeko aukera du Ikastolak. Ikasgela bakoitzak bi tutore izatea da ikasle eta familia orori arreta zuzenagoa eskaintzeko aukera ematen duen beste baliabideetako bat.

“Horiei esker, behar jakinak edota bereziak dituzten ikasleak hobeto artatzeko aukera du Ikastolak.”

Batxilergoan, orientazio pertsonalizatua eskaintzen zaie ikasleei; bereziki, etorkizunean hartuko dituzten erabaki garrantzitsuetarako laguntza eskainiz. Horrez gain, ikasle zein familientzako banakako arreta eskaintzen da tutorearen bitartez. Ikasle bakoitzaren beharrak asetzea da helburua, ikasle, irakasle eta gurasoen elkarlanari esker.

KIV-a programa

KIVa programa bullying edo eskola-jazarpenaren prebentzio eta kudeaketarako egitasmo berritzailea da, jazarpenaren beraren eta haren mekanismoen gaineko punta-puntako ikerketak egin eta baliatuz Finlandiako Turku Unibertsitateak garatua, herrialde hartako Hezkuntza eta Kultura Sailaren babesarekin.

Lehen Hezkuntzan hasi zen Ikastola KIVa programa lantzen eta, sendotzen ari dela ikusita, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere hasi da programa abian jartzen.

Orientazio mintegia (tutoretza-plana)

Orientazio mintegiak lan eta leku berezia betetzen du Orereta Ikastolan. Tutoretza planaren bitartez edo taldeko zein banakako ekintzen bitartez ikasleari bere jardunean lagundu nahi zaio, eta aldi berean, gizarteratzeko estrategiak nahiz bizitzari osotasunean aurre egin ahal izateko baliabideak garatzen saiatzen da Orereta Ikastola.

Adinaren araberako lan espezifikoa egiten da:

  • Haur Hezkuntzako etapan, behaketa lanak garrantzia handia du. Maila prebentiboan beharrik antzemanez gero, ikaslearen premiei erantzun ahal izateko esku-hartzea abian jartzen da Ikastolan. Horretarako, bi espezialista daude: psikomotrizista eta logopeda.
  • Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, hizkuntzari, bereziki irakurketa-idazketari, eskaintzen zaio arreta. Hala, ikaskuntza kooperatiboa, bizikidetza aintzat hartuko duen berdinen arteko harremana zein oinarrizko konpetentziak oinarri dituen irakaskuntzaren jarraipena egiten da. Halaber, aurretiaz antzemaniko kasu konkretuei heltzen zaie eta balizko kasu posible berriak antzeman ahal izateko estrategiak ere badira Orereta Ikastolan.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, aurreko etapetan bezala, ikasleen beharrei erantzuna ematen jarraitzen du Ikastolak. Adinotako ikasleen beharren partikulartasuna aintzat hartuz, beharraren balorazioa, deskribapena eta esku-hartzearen diseinua burutzen da kanpo espezialistekin batera. Era berean, mintegiaren bidez bideratzen dira geroko ikasketa aukerak -unibertsitate edo lanbide hezkuntza mailakoak-, informazioa helaraziz, ikasleen zalantzak argituz nahiz erabakia hartzeko prozesu horretan lagunduz.

Ikasketa kooperatiboa (Ikaskide programa)

Ikasketa metodo tradizionalen balio onenak jasoz, kideekin eta elkarrekin lanean jardunez ikasketa bultzatu nahi duen metodologia berriekin egiten da lan Orereta Ikastolan.

Taldean lan egitea, kideen arteko solidaritatea eta ikasleak bere ikasketa prozesuan parte-hartze autonomoa izatea garatu nahi duen mekanismo kolaboratzailea da ikasketa kooperatiboa.

“Taldean lan egitea, kideen arteko solidaritatea eta ikasleak bere ikasketa prozesuan parte-hartze autonomoa izatea garatu nahi duen mekanismo kolaboratzailea da ikasketa kooperatiboa.”

Metodo honek ikasleen arteko interakzioa du oinarri. Ikasleak 3-5 pertsonakoak izan ohi diren taldeetan antolatzen dira eta elkarrekin lan egiten dute izaera anitzeko gaien inguruan ikasteko. Ikasketa metodo honetan hezitzailearen laguntza garrantzitsua da, prozesua diseinatu ondoren, lana zuzentzen eta gainbegiratzen baitu.

Matematika manipulatiboa eta ABN metodoa

Hezkuntzaren munduan aldaketa sakonen garaian gaudela onartuta, programa honetan matematikaren irakaskuntzan jarri da begirada. Urteetan testu liburuetan oinarrituta funtzionatu izan da eta horrek matematikaren garapena arrotza, hotza, iluna eta mekanizista egitera eramaten du. Horri buelta eman nahi zaio Orereta Ikastolan: matematikari berezkoak dituen ukigarritasuna eta jostagarritasuna atera nahi zaizkio.

Lehen Hezkuntzako eduki eta gaitasun matematikoak aztertzen jardun ondoren, kontzeptuetara senetik eta esperientziatik hurbiltzeko teknikak, moduak, jolasak eta baliabide materialak badaudela ikasi da Ikastolan. Azken horiek Lehen Hezkuntzako hasierako urteetan duten isla ezagutzea eta praktikatzea da, hain zuzen ere, proiektu honen helburua.

Ikastolan fokua jarri zaio, gainera, oinarrizko eragiketa matematikoak egiteko ABN algoritmoei. Azken hamarkadan, zeresan handia izan dute ABN algoritmoek eta tradizioz erabili izan diren algoritmoekin alderatuta, aukera oso interesgarria dira.

Tik-Tak-Tek (pentsamendu konputazionala)

Pentsaera konputazionalaren helburua unibertsala da: kontzeptu informatikoak aplikatuz inguruko arazoak ebaztea. Eta horretan dago Ikastola, pentsaera eta hizkuntza-modu horri bide ematen.

Bidaide programa

Bidaide programaren helburua eskola-arrakastako indizeak hobetzea da, eta, horretarako, xede hauek lotu nahi dira:

  • Oinarrizko konpetentzien garapena hobetzea; batik bat, irakurketa, gai instrumentalak, lanaren antolaketa eta ikaste-ohituren eskurapena.
  • Ikasleek beren gaitasunei buruz dituzten itxaropenak eta Ikastolak ikasleei buruz dituenak hobetzea.
  • Familien eta Ikastolaren arteko harremana hobetzea.

Tutoreek proposatutako ikasleen familiei programa honetan parte hartzeko aukera ematen zaie eta, ados badaude, astero Ikastolako irakasleek bi saio ematen dizkiete. Jarduera horiek irakasle, tutore eta etapako zuzendaritzak koordinatzen dituzte.

Eleaniztasuna

Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte lantzen da eleaniztasuna Ikastolan, euskara zutabe hartuta.

Haur Hezkuntzatik lantzen da ingelesa, eta frantsesa hautazko irakasgaia da Bigarren Hezkuntzan. Egindako lanaren agiri ofizialak lortzeko aukera eskaintzen da Batxilergoan: HABEren 3. euskara-maila lortzeko prestaketa (AEKren laguntzaz) eta ingeleseko B2 titulua lortzeko Oxfordeko azterketa egiteko aukera (hala nahi duen herritar ororentzat irekia) eskaintzen dira.

Etxeko otorduak

Zerbitzu osagarriak hezkuntza-proiektuan erabat integratzeko apustua egin du Orereta Ikastolak; ikasgelatik haratago, hezkuntza modu integralean lantzeko apustua, hain justu.

Besteak beste, orain bi ikasturtetik hona, ikasle denen otorduak Ikastolako sukaldean bertan prestatzen dira.

Ikastola kardiobabestua

Orereta eta Oiartzo Ikastola dira EAEko lehen ikastetxe kardiobabestu integralak. Izan ere, eraikin guztietan desfibriladoreak jarrita egoteaz gain, ikasleek zein langileek osasun arretarako formazio jarraia eta eguneratua jasotzen dute. Emergentziak Osakidetzarekin eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin elkarlanean bideratutako proiektua da aipatutakoa.

Orereta Ikastola_ikastetxe kardiobabestua