HIZKUNTZAK

Kilometroak Eguna: mila esker, denei! (argazki eta bideo galeria)

Urriaren 1eko Kilometroak Eguna igaro berritan, mila esker bihotz-bihotzez Kilometroak Urtean eta Kilometroak Egunean zuen hondar aletxoa jarri duzuen den-denei: izen-abizenak dituzuen 1.200 boluntariotik gorari eta ekimenetan parte hartu duzuen guztiei, norberak ahal izan duen moduan eta momentuan errioan ur tanta izan zaretelako. 2022ko azaroan itsasoratu zen Erriola; eta 2023ko urrian porturatu, itsasgora bizi-bizi bezain ederrean. Marea biziekin egin zuen bat igandeko Kilometroak Egunak, kasualitatez; ala, akaso, ez.

Denok elkarrekin, elkarlanean, auzolanean, herrigintzan, amaiera paregabea eman diogu urte osoko lanari: errioko uretan, elkarren isla izan dira Kilometroak Urtea eta Kilometroak Eguna. 2022ko urrian Ibarrako Uzturpe Ikastolaren eskutik lekukoa hartu genuenean esan genuen gure helburua zela Ikastola zer den erakustea, gure ezaugarri eta balioak bistaratu eta elkarrekin indartzen saiatzea. 

Orereta Ikastola, aurten, inoiz baino gehiago: auzolana izan da, desberdinen arteko elkarlana, helburu komun bat lortzeko; euskara izan da, euskara eta euskal kultura sustatzea; parte-hartzea izan da, inplikatzea, ardurak hartzea, eskuzabaltasunez; erabakiak denon artean hartzea izan da, elkarri entzunez eta eztabaidatuz; eskerrak ematea izan da, izan zirelako garelako eta garelako izango direlako; muga administratiboen gainetik, herri bat garela erakustea izan da; herri bizi honi zerbait eskaintzea izan da, hezkuntzatik ere eraikitzen baita herria.

Gure gorabeherekin, joan-etorri gazi-gozoekin, errioak berezkoak dituen horiekin ere, gozo porturatu da Erriola eta goza dezagun biharamun eder honetaz. Mila esker guztiagatik, den-denei!


ETXEKO TXIKIENTZAKO TAILERRAK ETA KULTUR ESKAINTZA



MUSIKA



DANTZA



ERRONKA



KALEA



JAN-EDANA


erriola Kilometroak