HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 5. buletina (21.01.27)

Hona 2021eko urtarrileko Artezkaritza Kontseiluan landu diren gaien laburpena.

Udalarekin bilera

Urtarrilaren 20an izan zen Udalaren eta Ikastolaren arteko bilera instituzionala. Artezkaritza Kontseiluak helburu gisa jarri zuen, eguneroko jarduerari lotutako bilerez eta harremanez gainera, urtean behin bi erakundeen arteko bilera bat egitea, elkarren asmoen berri izateko. Ikastolaren izenean, Artezkaritza Kontseiluko lehendakaria, zuzendari nagusia eta zuzendari pedagogikoa izan ziren bileran; Udalaren izenean, alkatea eta hezkuntza zinegotzia.

Ikastolako ordezkariek Ikastolaren berezko ezaugarriak gogoratuz hasi zen bilera eta, ondoren, ikasturte honetako berrikuntza nagusiak azaldu zituzten. Udalak ere urteko asmoak eta esku artean dituen proiektuak azaldu zituen.

Udalak eta Orereta eta Oiartzo Ikastolek Santo Angel de la Guardako eraikinaren inguruan duten hitzarmena ere izan zen aipagai bileran, eraikinak konponketak behar baititu. Bestalde, Udala eta Ikastola beste hitzarmen bat aztertzen ari dira, Ikastolak Añabitarten dituen instalazioak Zamalbideko eta gainerako auzoetako herritarrei irekitzeko.

Matrikulazio kanpaina

Datorren ikasturteko matrikulazio kanpainan bete-betean gaudela egin da urtarrileko Artezkaritza Kontseiluko bilera, beraz, matrikulazio datuak oraindik itxi gabe daudela.

Aurten, COVID-19ak ekarri duen egoerak eraginda, aldaketak egin behar izan dira Ikastolak guraso potentzialengana iristeko erabili ohi dituen moduetan. Hala, ez da ate irekietako ohiko jardunaldirik egin. Nolanahi ere, gurasoek izan dute Ikastola bertatik bertara ezagutzeko aukera. Izan ere, talde txikitan egin zaie harrera eta Ikastolaren eta bere proiektu pedagogikoaren inguruko azalpen zehatzak eman zaizkie, Esmalteriako gelak ikusteko aukera ere izan dute, eta zalantza eta galderak argitu zaizkie. Harrera horretan aritu diren Ikastolako profesionalek oso modu positiboan baloratu dute harrera egiteko modu hau.

Artezkaritza Kontseiluak matrikulazio kanpainan lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie: Ikastolako zuzendaritza, kanpainan zuzenean lan egiten duten profesionalak (komunikazioa, bulegoa…), Haur Hezkuntzako zuzendaritza eta profesional guztiak, beste etapetako zuzendaritzak eta profesionalak, guraso ordezkariak, testigantza-bideoak egin dituzten gurasoak… Agerikoa da Ikastolaren etorkizuna guztion artean eraiki behar dugula.

Egoera ekonomikoa eta tarifak

Urriko Artezkaritza Kontseiluan erabaki zen azpibatzorde bat sortzea Ikastolaren diru sarrerak eta gastuak aztertzeko eta, horren arabera, tarifak egokitzeko proposamena lantzeko. Batzordea Artezkaritza Kontseiluko hainbat gurasok -tartean etapetako guraso ordezkariak eta kooperatibako diruzaina-, zuzendari nagusiak eta langileen ordezkariek osatu dute. Urriaz geroztik aritu dira lanean Ikastolako galera eta sarreren kontuak sakon aztertzen, eta urtarrileko Artezkaritzara Ikastolaren azken urteetako defizita orekatzeko proposamen zehatza eraman dute.

Proposamen horren arabera, kontuak orekatzeko eta etorkizunari begira Ikastolak dituen proiektuei aurre egiteko (besteak beste, Linoko eraikina birmoldatzea) ezinbestekotzat ikusten da tarifak igotzea eta gastuak kontrolatzea. Horretaz gainera, beka sistema egituratzea eta ezagutzera ematea ere aurreikusten da, ordaintzeko zailtasunak dituzten familiei laguntzeko.

Tarifen proposamen berria Batzar Nagusira eramango da, Ikastolako bazkideek, egoki ikusten badute, onar dezaten. Horren aurretik, hasierako egoeraren, egin den lanaren eta proposatzen den aldaketaren berri eman nahi zaie Ikastolako komunitatea osatzen duten talde desberdinei, haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko.

Zehazki, bilera bat egingo da gurasoekin; beste bat, Zaintza Batzordearekin; eta hirugarrena, langileekin. Gurasoen kasuan, guraso batzorde bateratu eta irekia egitea proposatzen da, otsailean. Ohiko bideetatik egingo da bilerarako deia eta, osasun egoera kontuan hartuta, bileran parte hartzeko asmoa dutenei aldez aurretik baieztatzeko eskatuko zaie, behar izanez gero txanda edo egun gehiago zehazteko.

Batzar Nagusiko deialdia

Ohikoa da Ikastola kooperatibaren Urteko Ohiko Batzar Nagusia otsailaren amaieran egitea. Aurtengo egoera berezia bada ere, Batzarreko deia egiteko prozesuari ekin zaio. Asmoa Batzarra aurrez aurrekoa izatea da, bertaratuen segurtasun neurri guztiak betetzea bermatuko duen aretoren batean.

Datozen egunetan zehaztuko da behin betiko data eta emango dira legeak aurreikusten dituen pauso guztiak, deialdi ofiziala egiteko. Batzarrean aztertu beharko diren gaien zerrenda dagoeneko erabaki da.


Artezkaritza Kontseilua: 5. buletina (pdf-a)