Hona 2020ko urriko Artezkaritza Kontseiluan landu diren gaien laburpena.
COVID-19aren kudeaketa
COVID-19aren arduradunak azaldu du nola ari diren kudeatzen Ikastolako ikasleen eta langileen artean agertu diren kasuak, Osakidetzarekin harreman estuan. Azken bi asteak nahiko korapilatsuak izan dira: positibo asko izan ez badira ere, ikasle asko izan ditugu konfinatuta, positiboekin kontaktu zuzena izan direlako. LHn gela bat etxera bidali behar izan da eta HHn, berriz, 6 gela guztira.
Ahalegin berezia ari da egiten familiei egoeraren berri emateko eta etxean gelditu behar izan duten ikasleei erantzuteko.
Artezkaritzak egoera honen kudeaketan modu batera edo bestera laguntzen duten guztiak eskertu nahi ditu: zuzendaritza, maila guztietako tutoreak eta gainerako irakasleak, zerbitzuetako arduradun eta langileak, komunikazioa, guraso ordezkariak… Denen laguntza ezinbestekoa da egoera ahalik eta modurik egokienean kudeatzeko.
2020-21 ikasturteko aurrekontua
2020-2021 ikasturteko aurrekontua aurkeztu du zuzendari nagusiak. 2019-2020 ikasturtea galerekin itxiko dugu eta galera horiek aurreikusitakoak baino handiagoak izango dira, COVID-19ak ekarri dituen gastu gehigarrien ondorioz. Hala ere, badirudi Eusko Jaurlaritzak laguntzaren bat eman dezakeela gastu horiek arintzeko.
2020-2021 ikasturteari dagokionez, oraingoan ere galerak aurreikusten dira. Zaintza, garbitasun eta jangelako gastuak handitzea ekarri dute COVID-19ari begira hartu behar izan diren neurri bereziek eta sarrerak ez dira proportzioan igoko.
Hori ikusirik, azpibatzorde bat sortuko da egoera aztertzeko eta, horrekin batera, Ikastolako beka-sistema indartzeko eta aurreikusita dauden inbertsioetan lehentasunak jartzeko.
Oiartzoko berriak
2019-20 ikasturteko Unibertsitateko hautaprobako emaitzen berri eman du Oiartzoko ordezkariak. Ikasle guztiek gainditu dute hautaproba; gainera, gehiengo handi batek egin du proba, batxilergoko 2. mailako ikasleen % 92k. Oro har, bai batxilergoko batezbesteko notak eta bai selektibitatekoak igo egin dira eta, hortaz, ikasketa batzuetan sartzea zailagoa izan da.
2020-21 ikasturteari dagokionez, azpimarratzekoa da orientazio arloa indartu dela, beste pertsona bat sartu baita ikasleekin bai orientazio akademikoa eta bai psikopedagogikoa lantzeko.
Bestalde, irakasleek saioak streaming bidez eskaintzeko lehen urratsak eman dituzte, etxean konfinatuta gelditu behar duten ikasleek eskolen erritmoa gal ez dezaten.
Hasi berria da aisialdiko begirale ikastaroa, Ikastolen Elkarteko Aisiolaren eskutik. Urte osoko ikastaroan, 46 ikaslek eman du izena eta bi urtetan egiteko ikastaroan ere bada jendea.
Azkenik, Oiartzoko Patronatua berritzeko lehenengo pausoak eman dira. Orereta Ikastolak bi ordezkari ditu Oiartzoko Patronatuan, Xabier Egibar (Patronatuko lehendakaria) eta Maider Gezala. Egibarrek urtearen amaieran ardura utziko duenez, Maider Gezalarekin batera, Itziar Navarro proposatzen da Oreretaren bigarren ordezkaria izateko Oiartzon. Patronatuari dagokio bertako ardurak banatzea.
Baserriaren kudeaketa
Baserriaren kudeaketaz arduratzen den guraso taldeko ordezkari bat izan da bileran, azken urtean egin duten lanaren berri emateko: kudeaketa, konponketa txikiak… Halaber, azaldu du azken asteetan Baserria modu desegokian erabili dela eta, egoera horri aurre egiteko, Baserriaren erabileraren araudi eguneratua landu eta Artezkaritzara ekarri dute, honek ontzat eman dezan. Artezkaritzak ontzat eman du proposamena eta, hortaz, osasun egoerak ahalbidetzen duenean jarriko dira indarrean arau berri horiek. Baserrian bertan ikusgai egongo dira eta bazkideei ere helaraziko zaizkie, Baserria berriro ireki daitekeela ikusten denean.
Artezkaritzak Baserriaren kudeaketaz arduratzen den taldeari eskerrak eman nahi dizkio hilabete hauetan egin duen lanarengatik eta erakutsi duen ekimenarengatik. Era berean, bazkideei gogoratzen die Baserria denok erabiltzeko dagoela, eta, horregatik beragatik, denok arduraz jokatu behar dugula.