Ikasturteko lehen bi asteak pasata, martxa hartuta, ikasturte berria inauguratutzat emateko moduan gara.
Aukera baliatuko dugu 2022-23 ikasturtearen irteerako argazkiaren berri emateko, horrexek behar baitu ekaineko helmugakoaren lehen pausoa.
Hemen azpimarra nagusietako batzuk; eta bideo labur honetan, guztien bilduma.
Alor pedagogikoa: inoizko baliabide pedagogiko gehien
Alor pedagogikoari dagokionez esan, Ikastolak ahalegin berezia egin duela inoizko baliabide pedagogiko gehien izateko. Horren adibide dira:
- DBHko Curriculum Anitzeko Gelak egonkortu dira 3. eta 4. mailetan, inklusibitaterako bidean pauso bat gehiago emanez.
- HIPI programari (hizkuntza indartzeko programari) berariazko hauspoa eman zaio Euskal Herrira iritsi berriak diren eta euskaraz ez dakiten ikasleentzat hizkuntza ez dadin ikasketa-prozesurako traba eta zailtasun izan, ahal den heinik handienean.
- Hezkuntza-berrikuntzarako irakasle talde eta erreferenteak egituratu eta indartu dira; estrategikoa eta ezinbestekoa den Ikastolako I+G+B motorraz ari gara.
Zerbitzuak: Linoko jangela eraberritua
Aipatutakoaz gain, Linoko eraikineko (HH4 eta HH5) jangela eraberritu da. Ohiko eskola-orduz kanpoko jarduna hezkuntza proiektuan ahalik eta gehien txertatzeko bidean aurrerapauso bat gehiago emateko helburuz, ikasleen neurriko altzariak jarri dira eta haurrak beraiek otorduan subjektu aktibo izateko baliabideak ipini dira.
Lankidetza jasangarriaren sarea indartzen jarraitzea
Azpimarra jarri nahi da Ikastola josten ari den lankidetza sare jasangarrian. Gure balore eta ezaugarriei jarraiki, bertakoak, irabazi asmorik gabeak, kooperatibak, euskaran eta euskal kulturan ardazten direnak… diren eragileekin elkarlana sendotzen ari gara. Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibarekin jada bagenuen elkarlanaz gain, gaur egun Errigorarekin, Gureak-ekin eta Inikarekin ere badugu lankidetza. Jangelarako jaki eta produktuak erosten dizkiogu lehenari. Gureak-en bitartez etorritako lankide bat gehitu dugu jangelako lantaldera. Eta Inika erabiltzen hasi gara Ikastolako kudeaketa tresna gisa, Euskal Herrian sortu, garatu eta aritzen den plataforma delako, gertuko arreta eskaintzen digulako eta euskaraz aritzen garelako arduradunekin; denak ala denak Ikastola izaera eta ereduarekin bat egiten duten ezaugarriak.