HIZKUNTZAK

"Zakarrekin atzealdean fabrikak eta mahai gainean hondakinak dituen "Azken afaria" sortu dugu"

Orereta Ikastolako DBH 1. mailako Sormen Tailerreko taldeak Leonardo Da Vinciren “Azken afaria” obraren erreplika bat sortu du jolastokian eta Ikastolako zakarrontzietan topatutako zakar eta hondakinekin. Atzealdean fabrikak eta mahai gainean hondakinak dituen “Azken afaria”, munduaren akabera. Badu honek mamia eta elkarrizketa egin diegu gure artistei. Segi irakurtzen, lagun 👉

Zein izan zen proiektuaren abiapuntua?

Zaborra erabiliz artelanak sortzen zituen artista baten berri izan genuen Sormen Tailerreko klasean; Vik Muniz artistaren berri, hain justu. Artista honen helburua sortzen ditugun hondakinen gaineko kontzientzia sortzea eta hartzea da. Guk ere horrelako zerbait egin genezakeela pentsatu genuen. Hasieran, talde txikitan koadro bat baino gehiago egitea pentsatu genuen, baina azkenean, denen artean artelan bakarra egitea adostu genuen.

Nola aukeratu zenuten bertsionatuko zenuten artelana?

Bi taldetan banatu ginen eta talde bakoitzak artelan desberdinak proposatu zituen. Talde bakoitzak artelan gustukoenen rankinga egin zuen. Prozesuan zehar konturatu ginen aukeratu genituen artelanek ez zutela lotura handirik eman nahi genuen mezuarekin. Pixka bat gehiago hausnartu ondoren, Leonardo Da Vinciren “Azken afaria” artelanaren bertsioa egitea adostu genuen.

Zein antzekotasun eta desberdintasun ditu sortu duzuenak jatorrizkoarekin?

Desberdintasun asko ditu. Alde batetik, neurria. Hasieran jatorrizko artelanaren neurri berekoa egin nahi izan genuen, baina konturatu ginen ez zitzaigula tailerrean sartuko. Hortaz, neurria egokitu behar izan genuen tailerreko paretara. Bestalde, koadroa sortzeko erabili ditugun materialak ere desberdinak dira: jolaslekuan eta geletako edukiontzietan topatu ditugun hondakinak erabili ditugu artelana sortzeko. Horren ondorioz, ez ditugu jatorrizko koloreak errespetatu.

Irudiari dagokionez ere aldaketak egin ditugu: leihoen atzealdean fabrikak jarri ditugu; eta mahai gainean, hondakinak.

Antzekotasunei dagokionez, jatorrizko artelanaren egitura ahalik eta modu fidelenean errespetatzen ahalegindu gara, eta pertsonaiak ere Da Vinciren koadroan bezala marraztu ditugu.

Zein materialekin sortu duzue?

Lehen esan dugun bezala, koadroaren zatirik handiena Ikastolan jaso ditugun hondakinak erabiliz gauzatu dugu. Detaile txikiak egiteko, aldiz, birziklatutako materialak erabili ditugu: kortxoak, ontzien tapak, kafe kapsulak…

Zer adierazi nahi izan duzue?

Asko kutsatzen dugula. Zabor asko sortzen dugula eta ez dugula modu arduratsuan jokatzen: Ikastolan tuperrak ekartzeko aholkua ematen digute, baina hala ere, askok plastikozko ontziak ekartzen ditugu. Eta askotan, lurrean bukatzen dute.

Sortzen dugun zabor guztiaren ondorioz, jaten ditugun elikagaiak ere kutsatzen ditugu. “Azken afariko” mahai gainean hondakinak jarri ditugu afaltzeko elikagai gisa, kontsumitzen ditugun elikagaiak ere kutsatuta egon daitezkeela adierazteko.

Bestalde, mundua suntsitzen ari gara eta koadroaren izenburuak adierazten duen bezala, “azken afaria” egiten ari direla irudikatu dezakegu, munduaren amaiera.

Non jarriko duzue ikusgai?

Ez dakigu. Oso handia da eta ez dakigu Ikastolan jartzeko leku aproposik ba ote dagoen. Oraingoz, DBHko eraikineko tailerrean dago. Ikastolaren Eguneko erakusketan jartzea ere gustatuko litzaiguke, baina lekuz aldatzen hasten bagara, akaso puskatu egingo zaigu.

Zerbait erantsiko zenukete?

Espero genuena baino hondakin gehiago topatu ditugu jolaslekuan. Tamaina errealean egin izan bagenu ere, bilduko genuen koadroa osatzeko adina hondakin.

Bestalde, hasi ginean uste genuen azkarrago bukatuko genuela, baina azkenean sekulako lana izan da; uste baino denbora gehiago pasa dugu koadroa sortzen.

ingurumena plastika