HIZKUNTZAK

Ikasleen lanak, ikasleen ahotan (I): Ama-hizkuntza eta euskararen erabilera

Gure Ikastolako ikasleen lanei leku egitea eta lan horiek beren ahotik azaltzea interesgarria denaz zalantzarik ez dugulako, “Ikasleen lanak, ikasleen ahotan” atala sortu dugu blogean.

Hona hemen lehen sarrera, Ikastolako DBH 3. mailako Saioa Aierbe, Miren Susperregi eta Marem Tomé ikasleek bigarren ebaluaketan, euskarako konpetentziaren harira, egin duten ikerketa soziolinguistikoa.


DBH3ko ikasleok bigarren ebaluaketa honetan, euskarako konpetentziaren harira, ikerketa soziolinguistiko bat egin dugu. Landu ditugun edukiak egoera erreal batean aplikatzeko konpetentzia azterketa egin ordez, proiektu hau egitea proposatu digute hainbat saiotan, ondoren, gure ikerketak gelari eta herriari erakusteko. 

Gure taldeak aztertu duena honakoa izan da: gure Ikastolako irakasle eta ikasle batzuen ama-hizkuntza kontuan hartuta, hau da, txikitatik etxean irakatsi dieten hizkuntza kontuan hartuta, familiarekin, lagunekin, eskolaz kanpo eta jolasgaraian zer hizkuntzatan mintzatzen diren. Hain zuzen ere, adin desberdinetako pertsonen ama-hizkuntzak kontuan hartuta, haien euskararen erabileran eremu anitzetan desberdintasun handia ote dagoen ikusi nahi izan dugu.

“Honakoa aztertu dugu: Ikastolako irakasle eta ikasle batzuen ama-hizkuntza kontuan hartuta, familiarekin, lagunekin, eskolaz kanpo eta jolasgaraian zer hizkuntzatan mintzatzen diren; adin desberdinetako pertsonen ama-hizkuntzak kontuan hartuta, haien euskararen erabileran desberdintasun handia ote dagoen jakiteko.”

Hau egiteko, galdetegiak prestatu ditugu ondoren ikasleek bete ditzaten. Galdetegiak, DBH1etik DBH4 bitarteko gela batzuetako ikasleei egin dizkiegu. Elkarrizketako galderak ere prestatu ditugu, baina elkarrizketak ikasleei egin ordez, irakasleei egin dizkiegu. Elkarrizketa hauek grabatu ditugu eta behin eta berriro entzun ondoren, ondorioak atera ditugu.

Datuak aztertzeko gisa honetako grafikoak erabili ditugu:  

Bukatzeko, ondorio orokor batzuk atera ditugu. Horietako bat ikasleen artean, geroz eta helduago, orduan eta euskara gehiago erabiltzen dutela da. Eta Ikastolak eragina duela ere ikusi dugu, hau da, Ikastolan ikasle gehiagok hitz egiten dutela euskaraz. Nahiz eta irakasleek haien egunerokoan euskara nahi baino gutxiago erabili, Ikastolan denek euskaraz hitz egiten dute eta, gainera, euskaraz gehiago hitz egitea gustatuko litzaieke. 

Guri proiektu hau oso entretenigarria iruditu zaigu; izan ere, nahiz eta lan handiko proiektua izan, ikerketa gustura egin dugu eta azterketa bat ordezkatzeko modu paregabea izan da. Gure errealitatea behatu eta aztertu dugu, euskarak duen osasuna nolakoa den ikusi dugu. Egoera hobetzeko proposamenak egin ditugu, gainera. Guztion artean indartu dezagun euskara!

Saioa Aierbe, Miren Susperregi eta Marem Tomé

EKI EKI proiektua