Ikastola Eredua
Denona eta denontzako
1500 ikaslek, 1000 familiak eta 170 profesional baino gehiagok osatzen dute Orereta Ikastola. Irabazi asmorik gabeko erakundea, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kidea eta herri onurako kooperatiba da. Herrikoa eta parte-hartzailea, beraz. Denon artean egina; denona eta denontzako.
“Irabazi asmorik gabeko erakundea, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kidea eta herri onurako kooperatiba da Orereta Ikastola.”
60. hamarkadan ireki zituen ateak Orereta Ikastolak, euskaran eta euskal kulturan oinarritutako kalitatezko hezkuntza behar zela eta posible zela sinestuta. Egun, horretan sinesten jarraitzen du eta posible dela esan dezake. Hala erakutsi du orain arte egindako bideak, emaitzak horren lekuko. 0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu euskalduna, nazionala eta burujabea da Orereta Ikastolarena, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia.
“0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu euskalduna, nazionala eta burujabea da Orereta Ikastolarena, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia.”
Aitzindaria izan da Orereta Ikastola eta hala izaten jarraitzea du desio. Aurrera egin nahi du: pedagogia eraldatzailea oinarri, Ikastola jendartearen beharretara egokitu eta gaur egunerako zein etorkizunerako prest izango diren pertsonak hezi nahi ditu. Hezkuntza akademikotik haratago, pertsona baikorrak, berengan konfiantza dutenak, akatsei beldurrik ez eta haietatik ikasten dutenak, aldaketen aurrean kikiltzen ez direnak, ezintasunei aurre egiten diotenak, eta laguntza eskatu zein eskaintzen duten pertsonak heztea du xede Orereta Ikastolak. Pertsona biziak, aurrera egingo dutenak.
Ikusmira
Ikastola ereduan sinesten dugu. Herritik herrirako sortutako hezkuntza-eredu propio euskalduna, burujabea eta kalitatezkoa posible da, frogatu dugu; emaitzak dira horren isla. Komunitate moduan, profesional taldearen eta guraso zein bazkideen gidaritzapean aritzean, eta hezkuntza-eredu aitzindariak eta eraldatzaileak, jendartearen beharretara egokitzen direnak, garatu eta erabiltzean dago giltza.
Eginkizuna
Ikastolaldia bukatzean, bere bizitzako edozein egoerari erantzuteko gaitasuna izango duen pertsona euskaldun, libre eta zoriontsuak heztea da Orereta Ikastolaren misioa.
Baloreak
Euskalduna, Euskal Herrikoa, herritarra, hezkuntza-eredu propioduna, irekia, parte-hartzailea, bizia, kalitatezkoa, ekintzailea, berritzailea, berdea eta eraldatzailea da Orereta Ikastola.
Ekimen herritarrak
Herritarrek osatzen dute, finean, Ikastola. Sortu ere hala egin zen, ekimen herritarrez. Herritarra eta herritarrentzako da Orereta Ikastola; eta herriari zor dio dena, hari egin nahi dio ekarpena.
Hainbat ekimen antolatzen ditu herrian edota herritarrentzako, euskara eta euskal kultura zein hezkuntza eta formazioa hauspotzeko xedez.
Antolaketa
Bazkideek osatzen dute Orereta Ikastola eta haiek marraztu bere ibilbidea. Hala nahi duen bazkide edota guraso orok du horretan parte hartzeko aukera. Urteko Batzar Orokorra, Artezkaritza Kontseilua, Hezkuntza Batzordea, Guraso Batzordeak zein askotariko beste hainbat batzorde dira horretarako organoak. Ikastolako erabaki estrategikoak organo horien bitartez hartzen dira, elkarlanean: guraso zein langileen artean, eta Ikastolen Elkartearen proiektu eta material propioen gidaritza eta babespean. Ikusi Ikastolako organigrama
Emaitzak
Gipuzkoan emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen artean dago Orereta Ikastola. Ikaslearen arrakasta neurtzeko aldagai bakarra ez den arren, garrantzitsua da emaitza onak lortzea ere.