HIZKUNTZAK

DBH Asteko oharrak (23.05.12)


ETAPA MAILAKOAK


Hizkuntza politika tutoreentzat egokitua, hemen

Guraso bilera orokorrak datozela eta, honako irizpide hauek kontuan izatea garrantzitsua delakoan gaude. “Ikastolako Hizkuntza Politika” dokumentua oinarri hartuta, tutoreentzat irizpideak argitzeko lana egin dugu. Gainera, aurtengo tutore bakoitzak osatu duzuen galdetegiari esker, bertako datuak baliagarriak izango dira hurrengo urteko tutoreareentzat, modu horretan ikasturte hasierako guraso bilera orokorrean zein hizkuntza irizpide jarraitu beharko duten aurreikusi ahal izango baitu.

Hona hemen guraso bileraren aurrean, dugun eszenatokiaren arabera, egin beharrekoa:

Ikastolako hizkuntza nagusia eta lehenetsia euskara denez, irakasleak azalpenak euskaraz emango ditu. Gurasoen informazioa ulertzeko duten eskubidea bermatuko da, eta euskara ulertzen ez duen gurasorik baldin badago, hainbat aukera baliatu ahal izango dira ulermena bermatzeko:

  • Bileran jorratuko diren eduki nagusienak jakinaraziko zaizkie (aztergaien garapena webgunean/idatzizko euskarrian… izango dute haiek aukeratutako hizkuntzan).
  • Pantaila bidez eman daitekeen informazio guztia (gai-zerrenda, irakasleen zerrendak, oharrak…) bi hizkuntzetan eskuragarri egongo da.
  • Elebakarrak gutxi baldin badira (≤3), xuxurlatze-teknika baliatu ahal izango da, aurrez guraso-boluntario elebidun batekin adostuta.
  • Elebakar kopurua handiagoa denean (>3), gaztelaniazko laburpen bat egingo da gai bakoitzaren amaieran

3E txangoa

Maiatzaren 17an DBH3Eko ikasle taldearekin txangoa egingo dute Ametsek eta Egoitz Verdugok. Egun horretan ez dira gurean izango, beraz.

LH6koen bisita

Hurrengo astelehenean, hilak 15, 09:10etik 10:00ak aldera LH6ko ikasleak bisitan etorriko zaizkigu etapara. DBH4.mailako 10 ikasle arituko dira gidari lanetan 2. saioan. Bestalde, Zuzendaritza taldeak hurrengo ikasturterako aukeratu beharreko gaien aurkezpena eta funtzionamendu orokorra ere azalduko dizkiegu.

Berrikuntza pedagogikoa: diziplina arteko proiektuak

Asteleheneko Berrikuntza saioan aurreratu genizuen bezala, 3. ebaluazioko “Diziplina arteko proiektuen euskarria” SAIOKAn izango dugu. Proiektuetako egokitzapen guztiak egin ostean matrikulatuko zaituztegu eta ikusgai izango duzue.

SAIOKAko antolaketa sitesean genuen berbera izango da: mailaka, materiala eta proiektua izango dituzue ikusgai. Horiekin batera, lehenengo eguneko 1. orduko JARRAIBIDEAK eta soluzioak ere eskura izango dituzue.

Nolanahi ere, 3. ebaluazioko antolaketa “berria” denez, datorren asteazkenean, maiatzak 17 14:10ean ikus-entzunezko gelan biltzeko proposamena luzatu nahi dizuegu, argibideak eman eta zalantzak argitze aldera. Nahi izanez gero, bertan izango gaituzue. 


Bestalde, jakizue Ekaitzen berrikuntza pedagogikoari zegokion liberazioa Maialenen lanaldian erantsi dugula, ikasturte amaierari begirako helburuak arrakastaz betetzeko eta liberazio orduak etapan asetzeko baliagarriak izango baitira.

Lan egutegia, guraso bileren egunak

Bilera orokorrak 17:30ean abiatuko direnez, ordura arteko tartea lan egutegian erregistratuta dagoela gogorarazi nahi dizuegu.

Asteazkenak, zaintza antolaketa-egokitua

Akatsen bat tarteko, jakizue taula egokitu eta irakasle geletan jarri dugula. Berrikusi, mesedez. Eskerrik asko.

Analisiak direla-eta

Datorren astean odol eta gernu analisietarako data daukagu; zuzendaritzan dauzkazue pixa-potoak.


IKASTOLA MAILAKOAK


Autoebaluazioa

Klaustroetan edota zuen arduradunen bidez, autoebaluazioaren berri izan edo izango duzue hurrengo egunetan. Autoebaluazioaren helburua etengabeko hobekuntza da, eta beraz, langilearen garapena sustatzea. Horrez gain, hurrengo ikasturterako prestakuntza planaren oinarria ere izango da.

Langile guztiok beteko dugu. Betetzeko epea zabalik dago eta maiatzaren 31 izango da bidaltzeko azken eguna. LHn horretarako aukera izan duzue aste honetan; DBHn eta HHn, berriz, hurrengo astean (maiatzaren 17an, eguerdian). Administrazio eta zerbitzuetako langileek zuen martxan bete ezazue.

Langile atarian duzue autoebaluazio-galdetegia; goialdean ezkerrean, karpeta eta arkatza azaltzen diren botoi borobilean.

Prestakuntza: eskaintza berria

Hezkuntza digitalak dakartzan erronka eta aukerei buruzko jardunaldiaren berri duzue langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean).

Kilometroak 23: hainbat aipamen

“12 ORDUZ ERRIOLAN” KULTUR MARATOIA: ESKERRIK ASKO!

Pasa den maiatzaren 6an egin genuen Agirre Lehendakaria plazan, Linon, “12 orduz Erriolan” kultur maratoia eta eskerrak eman nahi dizkizuegu modu batera edo bestera egun eder hura posible egin zenuten denei! Irakurri kronika eta ikusi bideo-galeria langile-atarian.

HERRI URRATS – KILOMETROAK: GAZTETXOEN ERRONKA, ZUBI

Igandean, maiatzaren 14an, ospatuko den aurtengo Herri Urrats jaiko Erronka berezia izango da. Naziotasuna ardatz izango duen Erronka eredu berri honetan, lurralde bakoitzetik (Xilaba, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa Garaia) Ikastola ordezkari bana arituko gara elkarrekin lehian eta jolasean. Kilometroak 23 gu ari garenez antolatzen, Orereta Ikastolak ordezkatuko du Gipuzkoa! Igande honetan, zoaz Ikastolako erronkariak animatzera eta, bidez batez, Herri Urratsez gozatzera.

“ADAXKA BERRIAK” EGITASMOA: KONTZERTUA MUSIKASTEN (MAIATZAK 20)

“Adaxka Berriak” egitasmoari esker, Ikastolako 2. mailako ikasleak, Ziburu eta Hendaiako Ikastoletakoekin batera, tradiziozko 6 euskal kanten moldaketak ikasten ari dira, Landarbaso Abesbatzaren eskutik. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa eta Euskal Kultur Erakundea (Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren garapena eta hedadura helburu dituen erakundea) ditugu bidaide proiektu honetan.

“Adaxka Berriak” ekimenaren azken helburua maiatzaren 20an, Musikasteren programaren barruan, kontzertu bat eskaintzea da. Emankizun horretan, Hendaia, Ziburu eta Orereta Ikastolako ikasleez gain, Herri Arte Eskolako dantza eta musika ikasle eta irakasleek, eta Thierry Biskary eta Sua Enparantza artistek ere parte hartuko dute. Jon Maya Sein da gidoilaria; eta Maddalen Dorronsoro, musika-zuzendaria.

Erosi emankizunerako sarrerak (10€) langile-atarian.

TONBOLARAKO OPARIAK BEHAR DITUGU

Aurten ere izango du tonbola Kilometroak jaiak, diru-iturri baita. Arrakastatsua izan dadin, opari bila gabiltza. Enpresa, saltoki, taberna edota jatetxe baten jabe edo bertako langile den norbait ezagutzen baduzu, anima ezazu opariak eskaintzera inprimaki hau betez! Edozein balio eta gisatakoak izan daitezke, fisikoak edo opari-txartelak.

MADALENAK 2023 – ERRIOLA GUNEA: BOLUNTARIOAK BEHAR DITUGU

Aurtengo Madalenetako Ikastolaren gunea berrikuntza ugarirekin dator. Lehenengoa, izena bera: Erriola Gunea. Guneari indarra emateko asmoz, gastronomiaz gain, kultur eskaintza zabala ere izango da bertan. Horregatik, jende gehiagoren laguntza ezinbestekoa izango zaigu. Erriola Gunean parte hartu eta txandaren bat egiteko prest bazaude, bete langile atarian topatuko duzun galdetegia. Zalantzarik, proposamenik edo iradokizunik izanez gero, idatzi mezua erriolagunea@oreretaikastola.eus helbide elektronikora.


ETAPA ARTEKOAK


Oiartzo | Martxoak 8: itzalpeko itzal handiko Euskal Herriko emakumeen bila

Egun geroz eta seinalatuagoa da martxoaren 8a gure egutegietan. Eta hala behar du, gainera. Bistaratzeko eta aldarrikatzeko asko dago oraindik. Aitzitik, horretarako erreferentziazko emakumeen bila hastean, atzerrira jotzen dugu maiz. Izango ziren eta izango dira ba Euskal Herrian ere gisa horretako emakumezkoak? Dudarik gabe: izan dira eta badira itzalpeko itzal handiko emakumeak gurean, bere txikitasunetik eta inurri lanetik mugarri diren euskal emakume guzti-guztiez ahaztu gabe.

Hari horri tira diote aurten batxilergoko bigarren mailako ikasleek; sokari tiraz, ezerezaren pare gordeta egon diren erreferentziazko hainbat euskal emakume itzalpetik argira ekartzeko asmoz. Irakurri egindako lanaren nondik norakoak eta ezagutu emaitza langile-atarian (albisteen atalean).


BESTELAKOAK


Errenterian 11 Kolore jardunaldien VIII. edizioa, herrian

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 21a, eta horri lotuta, azken urteetako ohiturari jarraikiz, Errenterian 11 Kolore jardunaldiak antolatu ditu Udalak maiatzaren 15etik 21era. Jakingo duzuenez, ikasleekin jada bagabiltza gaiaren inguruko lanketa egiten eta gaurkoan, ekimenaren datorren asteko hitzorduetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu. Hemen duzue ikusgai Errenterian 11 Kolore jardunaldien programa.

Ikastolen Elkartea: EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren gaineko irakurketa

Ikastolen Elkarteak aste honetan egin du publiko EAEko Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren gaineko bere irakurketa. Hemen duzue irakurgai.

Hainbat artikulu interesgarri