LHko Guraso Batzordearen 2020-2021 ikasturteko laugarren bileran ondorengo gaiak landu dira.
Ikastolako “Ikasleen Irteera Profila”: gurasoen parte-hartzea
Ikastolako Hezkuntza Batzordea etapa bakoitzaren amaierako Ikasleen Irteera Profila definitzen eta ezartzen ari da. Lan horretan, gurasoen ekarpenak jaso nahi dituzte. Horretarako, familien parte-hartzea nolakoa izan daitekeen aztertzea eta antolatzea proposatu da. Prozesu horretan parte hartu nahi duten gurasoentzako deialdia zabaldu nahi da.
LHko gurasoei gaia oso interesgarria iruditu zaie. Kontua familiekin lantzeko biderik egokiena Ikastolak berak deialdi irekia egitea dela uste da.
COVID-19: jangelako txandak
COVID-19aren eraginez, LHko haurrek hiru txandetan bazkaltzen dute. Horrek hainbat desabantaila ere baditu (LH 1. eta 2. mailako haurrek ikas-orduak galtzea, bazkaltzeko denbora murritza izatea, Eskola Kiroleko antolaketa zailtzea…). Gauzak horrela, jangelan bi txandetara itzultzeko proposamena heldu da Ikastolako zuzendaritzatik. Aldaketa horrek aipatutako arazo horiek guztiak konponduko lituzke eta ez luke arriskuan jarriko ikasleen osasuna. Hori bai, positiboren bat izatean, agian orain arte baino ikasle gehiago etxeratuko lituzke Osasun Sailak.
Bi aukeren alde onak eta txarrak aztertu ondoren, bi txandetara itzultzeari oniritzia eman zaio, egoerak txarrera eginez gero atzera egitea baztertu gabe.
Eguberriak aurreko Ikastolako azken eguna
Egoerak ez du uzten urtean zehar egiten diren ospakizunak betiko moduan antolatzen. Hala ere, urteari bukaera emateko LHn Txistor-Krosa antolatu da. Antolaketaren xehetasunak entzun ondoren, gurasoek pozik hartu dute nolabaiteko ospakizuna aurrera eramateko aukera.
Mari Domingi Baserrian: bisitak
Abenduaren 19tik 22ra, Mari Domingi Añabitarteko Baserrian izango da, ikasleak agurtu eta haien gutunak jasotzeko. Osasun protokolo guztiak kontuan hartuta, ekimena gauzatzeko gurasoen laguntza eskatu da. Egun batzuetan zuzendaritza-taldeak bideratuko ditu saioak, baina guztietarako ez dute jenderik. Horrela, asteburuko egunetan bina guraso behar dira bertaratzen diren familiei harrera egokia egiteko. 4 gurasok bere burua aurkeztu dute.
Matrikulazio-kanpaina: auzo-elkarteak
Matrikulazio kanpainari begira jarrita, aurten herriko auzo elkarte desberdinekin zuzenean lan egin nahi da, bertan Ikastolaren proiektua aurkeztu eta azaltzeko. Horretarako, bertako bazkide diren gurasoen laguntza eskatu da, Ikastola eta auzo elkarteen arteko zubi-lana egiteko. Eskaera aintzat hartu eta beste gurasoen artean zabaltzea ondo ikusi da.
Material pedagogikoa: genero-ikuspegia
Ikastolako materiala genero-ikuspegitik aztertzen ote denaren kezka azaldu da. Orokorrean hala egiten dela, baina kasu jakinetan ikuspegi hori aintzat hartzen ote denaren gaineko kezka azaldu da.