HIZKUNTZAK

Guraso Batzordea LH: 1. buletina (2020.09.09)

LHko Guraso Batzordearen 2020-2021 ikasturteko lehenengo bileran ondorengo gaiak landu dira.

COVID-19: hainbat gai

OSASUN NEURRIAK

Guraso batzordeko ordezkariek etapako zuzendaritzarekin izandako bileran zehaztu ziren osasun neurriak azaldu dira. Besteak beste, bizikidetza-taldeka antolatzea, irteera eta sarrera protokoloak, jolasgaraien ordutegiak, musukoaren erabilera, COVID-19 kasuen aurrean nola jokatuko den…

SITE-A

Ikastolak zabaldu duen site-a oso ondo baloratu da: argia eta informazio ugari. Abuztuaren bukaeran, nolanahi ere, guraso batzuek kezka agertu zuten, ez baitzuten Ikastolaren aldetik informazio ofizialik jaso. Ikastola lanean ari zen arren, gurasoek ez zuten horren berririk. Horregatik, beste baterako zera proposatu da: abuztuaren bukaera aldera ohartxo bat bidaltzea, informazioa eta argibide guztiak familiei noiz emango zaizkien adieraziz.

ZERO UNITATEA

Aurreko ikasturtea hain era berezian itxi zenez, aurtengo ikasturterako “zero unitatea” diseinatu da maila guztietarako. Unitate horretan alor afektibo-emozionalari emango zaio garrantzia, eta, aldi berean, ikasleen ebaluazioari (ikasleak zein maila akademikotan dauden ezagutzeko). Zero unitateak iraupen desberdina izango du maila bakoitzean; ikusten diren beharrei erantzuteko, gehiago edo gutxiago iraungo du.

BALIZKO HIRU AGERTOKIAK

Ikastolak 3 agertoki prest ditu ikasturte berrirako.

  • Irakaskuntza presentziala 25 ikasleko taldeekin
  • Irakaskuntza presentziala 15-20 ikasleko taldeekin
  • Irakaskuntza telematikoa

Ikastolaren asmoa ikasturte guztia lehen agertokian egitea da. Hala ere, gela bat edo ikastetxe guztia konfinatuko balitz, maila guztiak prest egongo dira hurrengo egunetik etxetik lanean aritzeko: LH4-5-6 mailak, Google Classroom bidez aritzeko;  eta LH1-2-3, Google site-ak erabiliz eta irakasleek deiak astero eginez.

MOMENTUKO/BAT-BATEKO KOMUNIKAZIOA

Iaz gertatu ziren egoera zailei momentuko erantzun zuzena eman ahal izateko familien eta Ikastolaren artean komunikazio azkarragoa izateko modua bilatu nahi da. Horretarako aukera desberdinak aztertzen ari da Ikastola.

AUTOBUS-GELTOKIAN KUTSATZEKO ARRISKUA

Geltokietan kaosa egon da lehen egunean. Osasun neurriak guztiek arduraz betetzeko eskaera egin da.

Ikastola eta familien arteko komunikazio-bideak

Gaiaren gaineko kezka azaldu da. Egun dugun sistemaren inguruan guraso batzuk kexa dira oso argia ez delako: batzuetan email-a, bestetan Alexian berria, beste batzuetan Alexian oharra dugunaren notifikazioa… Hori guztia ondo antolatzeko beharra ikusten da.

Aurtengo ikasturteko Guraso Batzordearen bileren egutegia

Aurten Linoko eraikinean biltzea ondo ikusi da, asteazkenetan, arratsaldeko 18:30ean. Ikasturteko datak finkatu dira.

Gelako guraso bileretarako jarraibide komunak

Ikasturte hasierako bileretan ordezkari guztiek era beretsuan jokatu ahal izateko jarraibide komunak adostea eskatu da. Zuzendaritzarekin hitz egin eta gidoia proposatuko da.


Guraso batzordea LH: 1. buletina (pdf-a)