HIZKUNTZAK

Jarraipen batzordea DBH: 3. buletina (2023.02.23)

DBHko Jarraipen Batzordearen 2022-23 ikasturteko hirugarren bileran ondorengo gaiak landu dira.

“Zer da Ikastola?” aurkezpen-bideoa: etapa hasierako ikasturte hasierako guraso bilerak

Guraso bilera orokorretan, ikasturte hasieran, DBH 1. mailan Ikastola zer den azaltzen duen bideoa jartzea egoki baloratu da. Urtero egitea beharrezkoa ikusten ez bada ere, azpimarra batzuk egitea komeni dela baloratu da, halere.

Hedatze proiektua: ikuskariaren balorazioa

Orereta Ikastolako ikuskariak ontzat eman du aurkeztutako Hedatze proiektuko txostena. Eskaintzari dagokionez, hobekuntza proposamen zenbait egin ditu, eta Hedatze ez dela goizeko jardunaren segida adierazi du. Horretaz gain, Ikastolaren eskaintzaren balorazioa egin da, eta proiektu zein saio jakinetan ikasleak aktibo ari direla baloratu da. Horretaz gain, pendienteen kudeaketan ikasleak aurrera egiten ari direla aipatu da, oro har.

Ebaluazio bakoitzaren amaieran, hurrengo ebaluazioan egingo den eskaintzaren berri eman ohi zaie familiei; beraz, eskaintzaren bat proposatzekotan, indartu nahi bada, zuzendaritza-taldeari garaiz adieraztea nahikoa litzateke. Gurasoren batek saioren bat bideratzeko prestutasuna izango balu, zuzendaritza-taldeak lagunduko lioke.

Ingeleseko mintzapraktika saioak

Ingeleseko mintzapraktika saioen helburua aberaste curricularra da; ingelesaren ahozkotasuna modu ludiko batean lantzeko baliagarria den saioa da, hortaz. Hori dela eta, ingelesa pendiente duen ikasleak ingeleseko errefortzu-pendientearen jarraipeneko saiora joan beharko du, eta ez mintzapraktikara. Ikasle taldea animatu behar da mintzapraktika saioetara, ingeles hiztun batekin bideratzen baitira saio horiek gaur-gaurkoz; tutoretza saioetan nahiz etxeetan ikasleak animatu behar dira.

Guraso eskolak: balorazioa

Leyre Canorekin eginiko saioen balorazioa egin da. HH eta LHko gurasoen parte hartzea izan da gehien bat, eta emozioen kudeaketari buruzko tailerra arrakastatsua izaten ari da. Canok erabilitako materiala webgunean dago martxoaren 9ra arte.

Ikaste teknikei dagokien saioan ikasleak ez ziren gurasoekin bertaratu oro har, eta horrek dinamika aldarazi zuen. Kasu honetan interesgarria litzateke jarraipena ematea, bertan proposatutako estrategiak nola aplikatzen diren baloratu eta hobetu ahal izateko familietan.

AGIPAD saioari buruzko balorazioa eta egungo egoeraren tendentziak eta lanketa azaldu dira. Guraso eskolan 7 guraso izan ziren, eta drogez gain, bestelako menpekotasun larriak badirela azpimarratu da: bideo-jokoak, sakelako telefonoa, Tik-toka…

EmanTik proiektua eta aurkezpen saioa interesgarri baloratu dute gurasoek. Bertaratutako gurasoen kopurua 15 ingurukoa izan zen, eta gehiago etortzea espero zen. Horrelako saioak herrian (Linon edo Esmalterian) egitea hobetsi da. Horretarako ahalegina egingo da.

Guraso eskoletan zein gai landu nahi diren Hezkuntza Batzordean aztertuko da, beraz, ekarpenak bertan egitea garrantzitsua da, beharrak identifikatu eta asebetetze maila egokia izan dadin.

Matrikulazioa

2023-24 ikasturterako badira herriko eta Berako zenbait familia interesatu DBHn. DBH 1. mailara eta DBH 3. mailara ikasle berriak etorriko zaizkigu.

Harrera plana

Atzerritik ikasle berri bat etorri ohi den aldiro, Ikastolak zein prozedura jarraitzen duen azaldu da. Etorrera horien berri Jarraipen Batzordean komunikatzea egoki ikusi da, ez da zabalpenerako beharrik ikusi. Laguntzarik behar izatekotan, gelako guraso ordezkariaren kontaktua pasako litzaioke familia etorri berriari gurasoen artean erreferentzia bat gutxienik izan dezan. Prozedura egoki baloratu da.

Norberak lekarkeena

  • Inikaren balorazio galdetegia egingo da aurki. Gurasoen asebetetzea eta hobekuntza proposamenak aztertzeko aukera izango da.
  • Plangintzan halabeharrez egin behar izan diren aldaketak komunikatu dira.