HIZKUNTZAK

Jarraipen batzordea: 4. buletina (2022.04.04)

ESKOLATZE BATZORDEA: MATRIKULAZIO BIZIA

Tokiko Eskolatze Batzordetik esleitu dizkiguten ikasleen harrera prozedura azaldu dugu. Ikaslea zein ikasmailatara datorren jakitean, tutore taldearekin batera, zein gelatan inkorporatu eta zein baliabide eskaintzeko aukera dugun aztertzen da. Oraingoz balorazio positiboa egiten dugu, eta ikasle zein irakasleek ahalegin handia egin dute harrera egokia bideratzeko garaian. Etorkizunean interesgarria litzateke familia horien laguntza sarea lantzea, guraso bilera orokorretan guraso ordezkarien laguntzarekin has gintezke (bileran gerturatuz…)

IKT: “ORAIN PREBENTZIOA”, GURASOEN HITZALDIAREN BALORAZIOA

Hasierako guraso bilera orokorretan gaia aurkeztu eta kokatzea interesgarria da, dagokion garrantzia emanez. Gurasoen parte hartzea txikia izan zen, gutxi bertaratu ziren tailerrera. Teknologiaren erabileraren arriskuen lanketan jarraitu beharra dago, hezi behar ditugu, mugak jarri (etxean…).

GURASO BILERAK (LH6-DBH1)

Maiatzeko guraso bilera orokorretan LH6. mailako bileretan parte hartuko dugu DBHko  zuzendaritzako kideok. Modu horretan LH6ko gurasoen zalantzak eta etapa trantsizioaren inguruko argibideak emango ditugu. Aukerako gaien azalpena, DBH1.mailako funtzionamendua… Eskertuko genuke guraso ordezkarien artean galderen edota kezken zerrenda bilduma egingo balitz, prestaketa erraztuko luke, eta asebetetzea indartu.

PISA ETA ETAPA AMAIERAKO EBALUAZIO DIAGNOTIKOA 2022

Orereta Ikastolako DBH4. mailako zenbait ikaslek kanpo ebaluazioren bat egin beharko dute maiatzean zehar. Orereta Ikastola izendatu baitute horretarako. Ebaluazio horiek ez dira inolaz ere ikasle jakin horien ebaluazioa egiteko, ikastetxekoa baizik.

ENGLISH MINTZAMENA

Hobekuntza planari dagokionez, DBH1. mailako ikasleekin Eoghan ingeleseko irakaslearekin mintzapraktika saioak antolatu ditugu oporren aurretik. Saio horien helburua, modu ludikoan eta borondatez ikasleen ahozkotasuna eta entzumenaren ulermena indartzea da. 20-25 minutuko saioak izango dira, eta talde txikietan egingo dira (5-6 lagun). Oraingoz esperientzia hau gauzatu eta baloratzeko konpromisoa hartu dugu, 40 ikaslek eman dute izena DBH1.mailan. Segidan bigarren mailara igarotzea aproposa den baloratuko da, hala balitz, ikasturte amaieran gauzatuko lirateke saio horiek.

IKASBIDAIAK

Gaur egun COVID neurriak malgutu direnez, irakasle taldeak proposatutako baldintzen pean, DBH4.mailako ikasbidaia egingarria dela baloratu da. Halere, DBH4.mailako ikasbidaiaren harira zenbait gurasoren aldetik jasotako “presioa” handia izan da, eta tutoreenganako mezu batzuk desatseginak izan direla aipatu da. Guztiontzat da garrantzitsua ikasturtea egoki amaitzea, eta horretan ahalegin handia egin dela azpimarratu da.

Maila guztietan ahalegin handia egin dute tutore taldeek ikasleek irteerak egin ditzaten: horren adibide: Arantzakoa gauzatzear dela, DBH3.mailako eski irteera… Irakasle taldeak ez du zalantzan jarri maila bakar batean ere ikasbidaiak egitea.

Gurasoen aldetik…

BERRESKURAPEN EMAITZEN JAKINARAZPEN PROZEDURA

Ebaluazio bilerak erabaki gune dira, eta hortaz, ebaluazio bilerak gauzatu baino lehen ezin dugu berreskurapen azterketen emaitzarik eman. Azterketa egin eta bi astera jaso dituzte notak ofizilaki, buletin bidez. Ebaluazio osteko bilera horiek, monografiko gisa planteatzen ditugu, eta ikasleen kasuan kasuko jarraipena egiten da. Hortaz, ikasgaitik haratagoko informazioa partekatu eta lehentasuna ikasleak izan dezakeen ibilbidea aztertzea da.

GREBA-PARO DEIALDIAREN PROZEDURA

Greba eta paro deialdien prozedura azaldu da. Eskubide eta betebeharen araudia aintzat hartuz, DBH3-4ko ikasleen eskubidea da greba eta paro horiek gauzatu ahal izatea. Ikastolak eskubide hori bermatzeko prozeduran besterik ez du laguntzen, eta jakina, ez du asanblada edota bozketa horietan parte aktiboki hartzen, prozeduran bidelagun baino ez gara. Gurasoen esku dago ikasleek (seme-alabek) nahikoa heldutasun baduten baloratzea eta eskubide horri zein balio edota izaera ematen dioten baloratzea. Horregatik, bideratu ohi dugu ikasturte hasieran baimen orria, familia bakoitzak eskubide hori bermatzeko aukera eman edo ez erabaki dezan.

Ikasturte hasierako guraso bilera orokorretan azalpena ematen bada ere, xehetasun gehiago emateko ahalegina egingo dugu. Horretaz gain, komunikazioa fintzeko saiakera egingo dugu, ez dagokio Ikastolari greba edota paroa egitearen arrazoiak eta testuingurua azaltzea, ikasleen greba eta paro deialdiak baitira.

DBHko Zuzendaritza taldea-DBHko Guraso ordezkariak