HIZKUNTZAK

Guraso Batzordea HH: 1. buletina (2020.10.05)

HHko Guraso Batzordearen 2020-2021 ikasturteko lehen bileran ondorengo gaiak landu dira.

COVID-19: 2020-21 ikasturtearen antolaketa eta funtzionamendiaren nondik norakoak

Ekain bukaeratik gaur arte HHko zuzendaritza-taldeko kideekin hitz egin eta kontrastatu diren gaiak azaldu dira.

2020-21 ikasturtea antolatzeko garaian Guraso Batzordetik heldutako proposamen asko aintzat hartu dira. Lino Berria egin ez bada ere udan, obra txiki batzuk burutu dira.

Ikasturte berrirako protokoloa modu irekian aurkeztu zitzaion Guraso Batzordeari publiko egin aurretik eta hori begi onez ikusi da. Baita ikasturtea hasi aurretik gurasoekin bilerak egin izana ere, kurtsoaren nondik norakoak azaltzeko. Guraso batzuen aldetik desadostasunak egon dira eta bide egokiak erabili dira horiek bideratzeko (tutore eta zuzendaritza-taldera jo dute).

ARRATSALDEKO ZAINTZA

Guraso batzuk kexu izan dira arratsaldeko zaintzarik ez delako eskaintzen aurten, momentuz. Goizetan burbuilak mantenduta zaintza-txokoa eskaintzak gainkostu handia ekarri du, baina Ikastolak eustea erabaki du; beharrezkoa delako, erabiltzaile asko dituelako. Arratsaldean, berriz, kostu handia du eta erabiltzaile gutxirentzako da.

Galdetegi bat betetzeko eskatu zen arratsaldeko zaintza-txokoa nork erabiliko lukeen jakiteko. Amaitu da erantzuteko epea, eta, erantzunak aztertu ondoren, erabakia ezezkoa da; ez baita bideragarria. Haur gutxi eta bizikidetza-talde ezberdinetakoak dira eskaera egin dutenak. COVID-19ak gainkostu handia eragin du oro har (garbiketa, goizeko zaintza eta jangela burbuilaka…). Egoera normalizatzen denean arratsaldeko zaintza berreskuratuko da.

POSITIBOAK NOLA KOMUNIKATUKO DIRA?

Kasu positiboren bat dagoenean nola komunikatuko den galdetu da. Zuzendaritza-taldearekin egingo da kontsulta.

0 UNITATEA

Lanketa emozionala egiteko sortu da 0 unitatea. Azaroan egingo da unitatearen balorazioa bakarkako guraso-bileretan. Umeak nola topatu dituzten azalduko dute irakasleek.

PSIKOMOTRIZITATE-SAIOAK

Esmalteriako psikomotrizitate-gela martxan dago. Linon 4 urtekoentzako irekiko da zenbait mugarekin eta protokolo zehatzarekin, eta ez da izango lehengo maiztasunarekin. 5 urtekoek ezingo dute erabili, baina psikomotrizitatea beste era batera landuko dute: Txirrita parkean, eskaileretan…

HAINBAT ZALANTZA/ESKAERA

  • Linoko jangela: Haurrek zenbat jan duten jakiteko aukerarik ba ote dagoen galdetu da. Gurasoak eraikinera sartu ezin direnez, informazioa helarazteko zein bide egon daitekeen jakin nahi da (papera kanpoan jarrita, Alexiaz…).
  • Musukoaren erabilera haurrek sei urte bete ahala: HH5eko haurrek sei urte bete ahala Ikastolara musukoarekin etorri behar duten galdetu da.
  • Pilaketak Esmalteriako sartu-irteeretan.

Bazkalosteko telebista HH2n

HH2ko haurrek bazkalostean telebista ikusten dutela eta garai hori beste modu batera bidera daitekeen jakin nahi da.

Ikasturteko erronkak

Ordezkari bakarra izatea baino taldeka lan egiterantz jo behar dela argi ikusi da. Nola egin finkatzen hasi behar da. Horrez gain, guraso-bileretan ordezkariek ere parte hartu beharko luketen aipatu da; ordezkariek zer egiten duten azaltzeko eta jendea parte hartzera animatzeko. Azalpen hori idatziz jartzea erabaki da, guraso-bileretan txerta dadin.

Proiektu pedagogikoan gurasoek jokatu behar duten paperaz hausnartu da. Umea-gurasoa, gurasoen papera Ikastolan, guraso-irakasle harremana. Horiek nolakoak izan beharko luketen txertatu beharko litzateke proiektu pedagogikoan. Ekarpen eta zehaztapen horiek profesionalekin batera egin beharko lirateke, elkarren bidelagun izanda. Azken batean, familia-profila landu beharko litzateke.

Azkenik, euskararen erabileraren gaia atera da, kontzientziazioa bultzatu beharra. Ikastolako HIZPRO taldea martxan dago lanketa hori egiteko, baina egoera kezkagarria da, are gehiago konfinamenduaren ondoren. Goian aipatutako familia-profilean hori ere kontuan hartu beharko litzateke.


Guraso Batzordea HH: 1. buletina (pdf-a)