HIZKUNTZAK

Guraso Batzordea DBH: 2. buletina (2022.12.01)

DBHko Guraso Batzordearen 2022-23 ikasturteko bigarren bileran ondorengo gaiak landu dira.

Premia bereziko ikasleen arretaz, etapa aldaketaz eta udako errefortzuzko lan osagarrien trataeraz, eta ikas-ereduez (DBHko zuzendaritza-taldearen eskutik)

a) PREMIA BEREZIKO IKASLEEN ARRETAZ
DBHko gurasoen eskariz, Egoitz Verdugok, Ikastolako zuzendari pedagogikoak, eman ditu azalpenak eta Ikastolako funtzionatzeko moduaren xehetasunak.

Jakin nahi da nola kudeatu den aurten DBHko PTaren jarduna erdira murriztu izana. Egoitz Verdugok azaldu du horrela dela, murriztu egin diotela jardun hori Ikastolari. Eusko Jaurlaritzaren irizpide aldaketa bat egon da. Orotara, egun, PT bat gutxiago jarri diote Ikastolari: erdi bat LHn eta beste erdi bat DBHn. Hori dela eta, DBHko PTa jardun osoa izatetik jardun erdia izatera pasatu da. Horren harira, Ikastolatik neurri bat hartu da: irakasle ordu gehiago bideratu dira hala dagokion ikasgelara. Ikastolak onartzen du PTaren orduak jaistearekin ikasleek galera izan dutela, eta hurrengo ikasturtera begira berreskuratzen saiatu behar da berriro. Ez dago Ikastolaren esku.

Gurasoek ez dute horren guztiaren berri izan eta izan beharko luketela adierazten da. DBH 3. eta 4. mailako curriculum anitzeko ikasgelen lorpenaren inguruan informatu zen, baina DBH 1. eta 2. mailako PTaren jardunaren murrizteaz eta hartu diren neurriez ez.

b) LH6-DBH1: ETAPA ALDAKETA ETA UDAKO ERREFORTZUZKO LAN OSAGARRIAK
LH6tik DBH 1. mailara salto handia dagoela eta ikasturte hasierako guraso bilera orokorretan ez dela informazioa behar bezala jasotzen adierazten da. Zuzendaritza-tadetik aipatzen da aurten LH6ko kurtso bukaerako bileran beraiek egon zirela familien galderak erantzuteko prest; ez zela dudarik egon, baina normala dela momentu horretan zalantzarik ez izatea. Bilera orokorretan, denbora gutxian, informazio asko ematen dela eta guztia barneratzeko astirik ez dela izaten aipatzen dute familiek.

LH6tik DBH1era pasatzen diren ikasleen udako lanen deboluzioaren harira, adierazten da deboluzioa nola egingo den hausnartuko dela eta egingo dela.

c) IKAS-EREDUEN AFERA
Ikas-ereduek ez dute eraginik ikasleengan, ezta beren euskara-mailan ere.

Artezkaritza Kontseiluak argi du honekin bukatu egin behar dela eta Ikastolako zuzendaritzako kideak bilerak egiten ari dira kontua bideratzeko. Artezkaritzak onartutako bide-orriaren berri ematen da. Familiek beren seme-alabak zein eredutan matrikulatuta dauden jakin nahi dutela adierazten dute.

Hezkuntza Batzordeko informazioa

Hezkuntza Batzordean parte hartzen duen gurasoak azken bileran hitz egindakoen berri ematen du. (Ikus Hezkuntza Batzordeko buletina hemen).

Abenduko zenbait bilera garrantzitsu

a) KILOMETROAK
Abenduaren 5ean, 18:00etan, bilera bat egingo da. Tanta zozketa-txartelak saldu behar ditugu, familia bakoitzeko nahitaezko kopuru bat egongo da. Kilometroak finantzatzeko dagoen iturri nagusia da. Bileran informazio xeheagoa emango da.

Desadostasuna azaldu da salmenta nahitaezkoa izatearekin. Familia batzuek errifak saltzeko zailtasunak izango dituztela ere aipatu da. Abenduaren 5eko bilerara joatea komenigarria dela azpimarratzen da, horrelako zalantzak, kezkak edota kexak bertan adieraztera.

b) EAEKO HEZKUNTZA LEGE BERRIA
Abenduaren 15ean Ikastolako komunitate osoari zuzendutako bilera bat egingo da EAEko Hezkuntza Lege Berriaren nondik norakoak azaldu eta hurrengo pausoez aritzeko.

Beste: norberak lekarkeena

a) HEDATZE PROGRAMA
Zalantza bat adierazi da: aurreko ikasturteko pendienteak dituzten ikasleak derrigorrezkoa dute saioetara joatea. Hedatzen-en apuntatzeko epea urriaren 28an itxi zen. Berriro irekiko da urtarrilean.

b) GAU BELTZA
Festa amaitzean trikimakoak etxera eraman behar ez izateko, antolaketa fintzea eskatzen da.

c) GURASO BOLUNTARIOA GURASOEN SARETZE ETA UDAL ESKOLA KONTSEILUAREN BILERETARA JOATEKO
Boluntario bat eskatzen da Gurasoen Saretze eta Udal Eskola Kontseiluaren bileretara joateko. Ikastolak parte hartzen du horietan herriko beste ikastetxe batzuekin batera. Besteak beste, familiak saretzeko, euskara bultzatzeko eta bestelako proiektuak sustatzeko izaten dira bilera horiek. Ikastetxe bakoitzeko bizpahiru guraso biltzen dira Gurasoen Saretze saioetan; Udal Eskola Kontseiluan aldiz, familiak zein zuzendaritzetako partaideak biltzen dira. Urtean hiruzpalau bilera izaten dira. Ez da boluntariorik atera.