HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 8. buletina (2022.04.27)

Artezkaritza Kontseiluak apirilaren 27an bilera egin du, gai bakarra lantzeko, Bihar prozesuari dagokiona.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Ikastolen VII. batzarra prestatzeko prozesua da Bihar. Ikastolen endekalogoa abiapuntu hartuta, endekalogo horretako hamaika ezaugarrietako bakoitzak zenbateko garrantzia eta presentzia duen gaur egun eta etorkizunari begira nola ikusten dugun aztertu nahi da. Horretarako, inkesta bat bidali zaigu ikastolako ikasleei, profesionalei eta gurasoei, online betetzeko. Eta hasierako erantzun horiek aztertzeko egin da Artezkaritza Kontseiluko bilera.

Lehenengo, ikasleek, profesionalek eta gurasoek bete duten inkestaren emaitzak irakurri dira, horietatik ondorioak ateratzeko. Ondoren, hamaika ezaugarrietatik bi aukeratu dira, gure ikastolan lantzeko: inklusiboa eta publiko-herritar eredua.

Inklusioaren ezaugarria endekalogoan beste herrialdeetatik etorri berriei eskaintzen zaien arretara mugatu da, nahiz eta beste gai asko ere azter daitezkeen inklusioaren barruan. Gurean garrantzia eman zaio, iruditzen zaigulako gero eta pisu handiagoa izango duen gaia dela eta pausoak eman behar ditugula egoki erantzuteko.

Bestalde, publiko-herritar eredua hautatu da Hezkuntza Legeak eta gaur egun gizartean dagoen eztabaidak ezinbesteko egiten dutelako ikastolako komunitate osoak argi edukitzea zer garen, hori barneratu ondoren, inguruan ere transmititzen jakiteko.

Maiatzean bilera bat antolatuko da bi ezaugarri horiek komunitateko kideekin lantzeko.