HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 6. buletina (2022.02.16)

Artezkaritza Kontseiluak otsailaren 16an egin du bilera, otsailaren 23an egingo den Batzar Nagusia prestatzeko. Batzarrera eramango diren hiru puntuak landu dira:

PLAN ESTRATEGIKOA

2021eko Batzar Nagusian, Artezkaritza Kontseiluak Orereta Ikastola kooperatiba elkartearen datozen urteetako plan estrategiko berria osatzeko konpromisoa hartu zuen. Planak etorkizuneko proiektu sendo baten oinarriak ziurtatzen lagundu behar digu, non gauden ikusi eta nora iritsi nahi dugun eta nola erabakitzeko.

Ikasturtearekin batera heldu zaio prozesuari, Aurkene Redondo Enbor aholkularitzako arduradunak gidatuta. Artezkaritza Kontseiluko lantalde batek hainbat bilera egin ditu irailetik: misioa, ikuspegia eta balioak eguneratu ditugu; AMIA analisia egin dugu (kanpoko mehatxuak eta aukerak eta gure erakundearen indarguneak eta ahultasunak aztertu ditugu); informazio horrekin planaren lerro estrategiko nagusiak, helburu estrategikoak eta estrategiak definitu ditugu; eta, ondoren, ekintzak definitzen hasi gara, baita planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak ere.

Batzarrera plan estrategikoaren lehen bertsioa eramango da, aipatutako prozresuaren ondorioz adostu ditugun sei lerro estrategikoak eta horietako bakoitzaren azpian definitu ditugun helburuak. Hauek dira sei lerro estrategikoak:

LE1: Ikastolaren komunitateko kide izatearen sena berpiztu ikasle, guraso eta lankideengan

LE2: Eraldaketa pedagogikoaren bitartez, Ikastolaren hezkuntza eredu propioa garatu

LE3: Antolaketa sistema parte hartzailea eta eraginkorra sendotu

LE4: Lantaldearen bilakaera profesionalean eta pertsonalean indarra jarri

LE5: Herrian eragile aktiboa izan

LE6: Ikastolaren egonkortasuna bermatu

Proposamen hori eramango da batzarrera, bazkideen oniritzia jasotzera. Batzarraren ondoren, ekintzak zehazten hasiko gara, profesionalekin, gurasoekin eta Zaintza Batzordearekin. Nahi duenak, hortaz, izango du ekarpenak egiteko aukera.

TARIFAK EGUNERATZEKO PROPOSAMENA

Otsailaren 2ko Artezkaritza Kontseiluaren bileran, Ikastolako zerbitzuen prezioan eta kuota osagarrian egin beharreko eguneratzeak aztertu ziren. Iazko batzarrean bi urtez prezioak igotzea onartu zen, Ikastolako kontuetan sortzen ari zen desoreka ez handitzeko. Baina ikusi dugu iazko ikasturtea espero baino galera txikiagoekin amaitu dugula, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari lotutako gastuak estaltzeko laguntzak eman dituelako. Aurtengo ikasturterako ere laguntza hori izango denez, erabaki zen prezioak % 2 inguruan igotzea, inflazioaren eragina arintzeko (nahiz eta 2021eko KPI % 6,5ekoa izan).

Bilera horretatik gaur arte, etorkizunari begira Eusko Jaurlaritzaren itunetatik jasotzen diren kopuruak handitzea espero dela adierazi digute hainbat eragilek. Informazio hori aurrean izanik, batzarrean proposatuko da tarifak, oraingoz, bere horretan uztea. Nolamahi ere, orain arte jaso dugun informazioa okerra izango balitz, batzarra deituko genuke, sor daitezkeen desorekak aztertzeko.

ARTEZKARITZA KONTSEILUA BERRITZEA

Artezkaritza Kontseiluan lau aldaketa proposatuko dira: langileen hiru ordezkarik utziko dute ardura (Lehen Hezkuntzako irakasleen ordezkariak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen ordezkariak, eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkariak) eta gurasoen ordezkari batek. Horien ordezkoak proposatuko dira Batzarrean.