HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 2. buletina (2022.10.26)

Gai hauek landu dira Artezkaritza Kontseiluaren urriko bileran:

Kilometroak 23

Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria izan da bileran eta Kilometroak-ek eta Ikastola antolatzaileak sinatzen duten hitzarmenaren berri eman du. Hitzarmen horretan jasotzen dira Ikastola antolatzailearen eta Kilometroak Kultur Elkartearen betebeharrak, Gipuzkoako Ikastolen jaia antolatzeko. Datozen egunetan, testuaren beraren inguruko zalantzak argituta, hitzarmena sinatuko da.

Azaroaren 4ko aurkezpen ekitaldiari dagokionez, Artezkaritza Kontseiluko kideei eskatu zaie ekitaldiaren aurretik gonbidatuei Esmalterian egingo zaien harreran parte hartzeko, herriko eragileen eta beste Ikastola batzuetako ordezkariekin egon ahal izateko.

Denda azaroaren 5ean irekiko da.

Hasierako ekitaldi horietaz bereziki Ikuskizun Batzordea, Arropa Batzordea eta Komunikazio Batzordea ari dira arduratzen. Gogor eta gogoz ari dira lanean, Artezkaritza Kontseiluak ahalegin hori eskertu nahi du.

Hilaren 7tik aurrera, batzordeak osatzen jarraitzea izango da erronka. Koordinatzaileek batzorde bakoitzarekin bilerak egingo dituzte, lanean hasteko. Gainera, urteko ekintzen lehen zirriborroa landu da, hilaren 12an Ikastolan bertan egin genuen lan saioan ateratako ideiekin.

Plan Estrategikoa

Joan den ikasturtean landu genuen Plan Estrategikoari azken ekarpenak egin dizkiete Artezkaritza Kontseiluko kideek. Ekarpen horiekin, onartuta gelditu da datozen lau urteetarako Ikastolaren jardunaren iparrorratza izango den dokumentua.

Inbertsio eskaria

IKTei lotuta, gure azpiegituraren zati bat aldatzeko eskaera egin du zuzendaritzak, laster behar bezala funtzionatzeari utziko diolako. Alde batetik, Firewall-a zaharkituta geratu da eta dagoeneko gure sarearen konexioen zati oso txiki bat baino ez du babesten. Beste alde batetik, Wifi sareko antenak arazoak ematen ari dira, batez ere DBHn, eta hornitzaileak dagoeneko ez du laguntza teknikorik eskaintzen.

Gaur egun azpiegitura horiek gure eguneroko lanerako behar-beharrezkoak direla ikusirik, Artezkaritza Kontseiluak ontzat eman du aldatzea, inbertsio hori ikasturteko hasierako aurrekontuan aurreikusi gabe bazegoen ere.

Gipuzkoako Lurralde Batzarreko berriak

Joan den ikasturte bukaeran, Gipuzkoako Ikastolok Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen Artezkaritza Kontseiluan dugun ordezkaritza berritzeari ekin zitzaion. Orain arte, Pasaia Lezo Lizeoa, Beasaingo Andra Mari Ikastola eta Tolosako Laskorain Ikastola izan dira ordezkariak. Beasaingo Ikastolaren eta Tolosakoaren ordezkaritza berritu behar da orain. Tolosa ordezkari izaten jarraitzeko prest azaldu da, baina Beasainek beste Ikastola baten esku utzi nahi du ordezkaritza, urte luzez aritu baita lan horretan.

Uda aurretik, Gipuzkoako Lurralde Batzarrean bozkatu eta Tolosak ordezkari izaten jarraitzea onartu zen. Orain, irailean, Arrasateko Arizmendi Ikastolak aurkeztu du Gipuzkoako Ikastolen ordezkari izateko hautagaitza, besteak beste kooperatibismoaren balioetan sakontzen egin dezakeen ekarpena azpimarratuz. Gainerako Ikastolok ontzat eman dugu hautagaitza.