HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 11. buletina (2021.06.30)

2021eko ekainaren 30ean egin dugu Artezkaritza Kontseiluko 2020-2021 ikasturteko azken bilera. Bileran gai hauek landu dira:

2020-2021 Urteko Kudeaketa Plana eta 2021-2022 Urteko Kudeaketa Planaren zirriborroa

Zuzendaritzak 2020-2021 ikasturteko Urteko Kudeaketa Planaren ebaluazioa aurkeztu du. Aurreikusitako ekintzetako asko bete dira; kasu batzuetan, COVID egoerak berak ekarri du planifikatutakoa ez betetzea, horretarako aukerarik egon ez delako edo beste helburu batzuei lehentasuna eman zaielako.

2021-2022 ikasturteko Urteko Kudeaketa Planaren zirriborroa ere aurkeztu da. Irailera arteko epea dute kontseilukideek Plan horri proposamenak egiteko. Hala, iraileko Artezkaritza Kontseiluan onartuko litzateke ikasturteko Kudeaketa Plana.

Plan Estrategikoa egiteko prozesua

Aurreko buletinean adierazi bezala, irailetik aurrera, plan estrategikoa berritu behar du Ikastolak, datozen urteetarako norabidea zehaztuko duena. Aurkene Redondo aholkulariari eskatu zaio prozesua diseinatzeko eta prozesuan laguntzeko. Aurkenek prozesuaren proposamen zehatz bat egin du, 2021eko irailean hasi eta 2022ko otsailera arte gauzatzeko. Zuzendaritzaren, irakasleen eta gurasoen parte hartzea bermatzen du prozesuak.

Data, dinamika zehatz eta aurrekontuaren inguruan sortu diren hainbat zalantza argitu ondoren, proposamena onartu da. Aholkulariak zehaztutako daten barruan mugituta, 2022ko Batzar Nagusian aurkeztuko genuke plan estrategiko berria. Horrela, 2023ko Kilometroak antolatzeko prozesuaren lan handieneko garaia hasi aurretik bukatuta egongo litzateke.

Oiartzoko eraikineko inbertsioak

Udalak Oiartzoko eraikinean datozen urteetan egingo diren inbertsioak jakinarazi ditu. Eraikina Udalaren jabetzakoa da eta Oiartzorekin eta Oreretarekin lagapen hitzarmena sinatuta du, baina orain arte ez da bertan inbertsiorik egin. Legegintzaldi honetako hiru urteetan zenbateko inbertsioa egingo den eta zertan zehaztu da orain. Irisgarritasuna bermatu nahi da 2021eko inbertsioekin; ondoren etorriko lirateke teilatua eta leihoak.

Plan hori ikusita, eta Oreretako jangelarako erabiltzen den eraikinaren zatiko leihoak oso gaizki daudela ikusirik, Ikastolak Udalari proposatuko dio leihoen inbertsioa aurreratzea.

Kilometroak 23 bilera irekia

2023ko Kilometroak Orereta Ikastolak antolatuko zituela erabaki zenean, komunitateari mezu baten bidez eman zitzaion erabakiaren berri. Ondoren, hedabideetan ere izan zuen oihartzuna erabaki horrek. Baina Artezkaritzak egoki ikusten du bilera ireki baterako deia egitea, hedabideetan jasotakoak gure komunitateko kideei aurrez aurre azaltzeko. Uztailaren 5ean egingo da bilera, honakoak azaltzeko: Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak zergatik antolatu nahi dituen, jai horrekin zein helburu lortu nahi ditugun, zein diren Kilometroetako eredu berriaren ezaugarri nagusiak, eta zein hurrengo pausoak. Bilera horrekin amaitutzat emango genuke Kilometroei lotutako lehenengo komunikazio fasea.

Datorren ikasturtearen hasierarekin batera, Hastapen Taldea osatuko da (nagusiki, Orereta Ikastolako Artezkaritzako kideek eta Kilometroak Elkarteko profesionalek osatua), lehenengo urratsak emateko.

Komunikazio arduradun berria

Komunikazio arduradun berria hautatzeko prozesua amaituta, Kizkitza Larretxea hautatu dugu zeregin horretarako. Kizkitzak ekaineko azken hastean eta uztailean Leireren laguntza izango du lan berrira egokitzeko.

Irailean, ikasturte osoko kontratua egingo zaio. Ongi etorri gurera!

Eskola Kiroleko koordinatzaile berria

Unai Esnal Eskola Kiroleko koordinatzaileak eskola ordu gehiago izango ditu 2021-2022 ikasturtean. Horregatik, Eskola Kiroleko ardura Ane Rubiok hartuko du datorren ikasturtean. COVIDaren eraginez, ikasturte hasieran, behintzat, ez dirudi eskolaz kanpoko beste jarduerarik antolatu ahal izango denik..

Errigoraren proposamena jangelarako produktuak erosteko

Errigora hainbat ikastolarekin proiektu bat lantzen ari da, Nafarroako ekoizleen produktuak ikastoletako jangeletan urte osoan erabiltzeko. Gurean, urte osoko olioa dagoeneko Errigoraren bitartez erosten dugu. Datorren ikasturteari begira, beste 3-4 produkturekin hasiko gara.

Bestalde, Behemendi elkarteak ere proiektu bat du gure inguruko nekazariek ekoitzitako barazkiak eta produktuak jangeletan erabiltzeko. Proiektu hori ere interesgarria iruditzen zaigu, 0 KM-ko filosofiarekin bat eginez, gure inguruko baserritarrekin lan egiteko aukera emango baitigu.

Furgoneta berria

Añabitarten prestatutako janaria Linoko eta Esmalteriako eraikinetara garraiatzeko lana kanpoko enpresa batek egiten du gaur egun. Artezkaritzak erabaki du zeregin hori Ikastolak berak bere gain hartzea. Horretarako, gaur egun mantentze lanetarako erabiltzen den furgoneta prestatuko da. Eta mantentze lanetarako beste furgoneta bat erostea onartu da. Kasu honetan, furgoneta berria elektrikoa izango da, Ikastolak ingurumenarekiko duen konpromisoarekin bat.