HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 10. buletina (2022.07.11)

Artezkaritza Kontseiluak uztailaren 11n egin du ikasturteko azken bilera. Gai hauek izan ditu aztergai:

DBHko ordutegi jarraitua

2022-23 eta 2023-24 ikasturteetan Bigarren Hezkuntzan jardun jarraitua egin ahal izateko eta horri lotutako berrikuntza proiektuen garapenean parte hartzeko deialdia (HEDATZE) sare guztietako ikastetxeetara zabaldu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta Artezkaritza Kontseiluak, ezohiko bileran, deialdi horretan parte hartzea erabaki du, azken urteetan familiek egindako eskaerari erantzunez.

Deialdiaren irizpideak kontuan hartuta, proiektua definitu da eta Hezkuntza Sailak ezarritako prozedurari jarraituz, bozketa presentziala egin da, DBHko familien artean. Bozketan familien % 75,8k hartu du parte eta bozka horietatik % 96,6 proiektuaren aldekoak izan dira eta % 3,4 kontrakoak.

Ekainaren 24an, Hezkuntza Sailari proiektua eta bozketaren emaitzak aurkeztu zitzaizkion eta uztailaren 7an jaso da eskaerari baiezkoa ematen dion ebazpena, eskaera egin duten ikastetxe gehienetan bezala.

Beraz, datozen bi ikasturteetan “Hedatze” proiektua gauzatuko du Ikastolak eta ikasleek ordutegi jarraitua izango dute. Asteko hiru arratsaldetan izango dituzten proposamen zehatzak ikasturtearen hasieran jakinaraziko dira.

Eskola egutegia erabakitzeko prozedura

Aurreko Artezkaritzan adierazi bezala, datozen urteetan eskola egutegia erabakitzeko prozedura zehaztu da. Hemendik aurrera, pauso hauek jarraituko ditugu:

Proposamena
  1. Hezkuntza Sailaren jarraibideak argitaratzen direnean, Zuzendaritzak eskola egutegiaren zirriborroa idatziko du.
Kontrastea
  1. Etapako zuzendariek Jarraipen Batzordeetan aurkeztuko dute.
  1. Guraso Batzordeetan proposamena landuko dute.
  1. DBHko zuzendariak behin-behineko eskola egutegia ikasle ordezkariei aurkeztuko die.
  1. Zuzendari pedagogikoak behin-behineko eskola egutegia Hezkuntza Batzordeko gainerako kideei ere helaraziko die, aztertu eta nahi dituzten proposamenak landu ditzaten.
Erabakia
  1. Hezkuntza Batzordean zuzendaritzaren proposamena aurkeztuko da, kideen proposamenak aztertuko dira eta behin betiko eskola egutegia onartuko da.

2021-22 ikasturteko pedagogia proiektuak eta 2022-23ko helburuak

Pedagogia Batzordean 2021-22 ikasturteko hezkuntza proiektuen ebaluazioa egin da eta datorren ikasturterako lan ildo nagusiak adostu dira. Bai ebaluazioaren eta bai lan ildoen berri iraileko Hezkuntza Batzordean emango da xehetasun handiagoz.

Hauek dira datorren ikasturterako lan ildo nagusiak:

  1. Gure hezkuntza proiektuak definitu duen pertsona eredutik abiatuta, bereizgarri bakoitzaren ezaugarriak definitzea eta horietako bakoitzerako jarrerak adostea.
  2. Ebaluazio markoa garatzen jarraitzea.
  3. Ildo metodologiko orokorrak adostea (ikasketa kooperatiboa, proiektuetan/arazoetan/erronketan oinarritutako ikaskuntza…)
  4. Hezkuntza proiektuaren baitan, Baso Eskolako proiektua sendotzea.
  5. Hizkuntza Proiektua berritzea eta indartzea.
  6. Heziketa espazioen inguruko hausnarketa egitea.
  7. Proiektu pedagogikoan familien parte hartzea indartzea.

Pedagogia baliabideen eskaera ontzat eman du Artezkaritza Kontseiluak.

Berrikuntza Taldea

Azken urteetan Pedagogia arloko antolaketan egin den eraldaketa nagusietako bat etapetako berrikuntza erreferentearen figura sortzea izan da, duela urte batzuk zuzendari pedagogikoak bere gain hartzen zituen eginkizun batzuk banatzeko. Erreferente horiek Berrikuntza Taldea osatu dute, ikaskuntza berrikuntza prozesuak sustatu, dinamizatu eta koordinatzeko, lotura emateko eta norabide koherente bakarrean jartzeko. Talde hori koordinatzeko berrikuntza arduraduna izendatzea onartu du Artezkaritzak, zuzendaritzaren eskariari erantzunez. Hala, 2022-23 ikasturtetik aurrera, Oñatz Gontzalez irakaslea izango da berrikuntza arduraduna.

Oiartzoko berriak

Oiartzoko Patronatuan aldaketak izango dira datorren ikasturteari begira. Arnaitz Bergaretxe Haurtzaroko guraso eta ordezkariak ardura utziko du eta Haurtzarok haren ordezkoa izendatuko du. Oreretari dagokionez, Anartz Muxika zuzendari nagusiak 6 urte egin ditu Patronatuan, Orereta Ikastolako zuzendaritzako ordezkari gisa eta honek ere bere ardura utziko du. Artezkaritza Kontseiluak erabaki du Anartzen ordezkoa Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoa edo Irati Muxika DBHko zuzendaria izatea.

Artezkaritza Kontseiluak Patronatuko ordezkariei eskerrak eman nahi dizkie urte hauetan egindako lanarengatik.

Bestalde, ikasturte bukaeran zuzendaritza ardurak aldatzea egokitzen bazen ere, zuzendaritza taldea beste urtebetez jarraitzeko prest agertu da. Horrekin batera, kudeaketako ardurak klaustroko kide guztien artean banatzeko proposamena egin dute, lantaldeetan antolatuta.

Linoko jangelan mahai berriak jartzea

Jangelako espazioa ikasleen premietara eta marko pedagogikora egokitzeko bidean, 4 eta 5 urteko ikasleek Linoko jangelan mahai eta aulki berriak izango dituzte irailerako, euren neurrira egokituak. 6 kideko taldetxoetan bazkalduko dute. Jangelan haurrek eginkizun aktiboa izatea bultzatuko da eta ardurak gehituko dituzte eguneroko jardunean, hala nola, mahaia jarri eta jasotzea edo ogia eta ura banatzea.

Egitasmo hori dagoeneko partekatu da guraso ordezkariekin.

Garraio kostuaren igoera

2022-23 ikasturteko garraio aurrekontuak negoziatzen ari da Ikastola. Energia gaien prezioen bilakaera ikusirik, gure ohiko bi hornitzaileek igoera aurreikusten dute, % 10-15 ingurukoa. Oraindik datu zehatzak ez baditugu ere, igoera hori garraio kuotara eramatea onartu du Artezkaritza Kontseiluak, bere garaian garraio gastuei aplikatuko zitzaien irizpidea kontuan izanda (Ikastolak galerarik ez izatea hezkuntzaz bestelako jarduerekin). Familiei ikasturte hasieran jakinaraziko zaie nola gelditu den negoziazioa eta horrek zein eragin izango duen garraio tarifetan.


Artezkaritza Kontseilua: 10. buletina (pdf-an)