HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 1. buletina (2022.09.28)

Gai hauek landu dira 2022ko iraileko, 2022-23 ikasturteko lehen, Artezkaritza Kontseiluaren bileran.

Ikasturte hasierakoak

Etapaz etapa, ikasturtea nola hasi dugun azaldu dute zuzendariek. Aurreko bi urteekin alderatuta, hasiera lasaiagoa izan da, COVIDari lotutako protokoloak bertan behera gelditu baitira. Indarrean jarraitzen duen neurri bakarra garraioari dagokio: garraio publikoan bezala, Ikastolako autobusetan musukoa erabili behar da.

Pandemian hasitako bideari jarraituz, etapa guztietan 0 unitatea txertatu da, ikasleak aurreko ikasturtetik nola datozen jakiteko; ikasketeei begira ez ezik, baita alderdi emozionalari dagokionez ere. Horrela, ikasturtea egoki hasteko neurriak hartu ahal izango dira.

Arlo pedagogikoari dagokionez, etapa guztietan jarraituko da ebaluazioaren gaia lantzen, ebaluazio sistema eta txostenak konpetentzietan oinarritutako hezkuntzarekin koherente izan daitezen. Gainera, orientazio lana ere indartu nahi da, ikaslearen beharrak erdigunean jarri eta arreta pertsonalizatua eskaintzeko.

HHn, 3 urtekoen atseden gunea prestatu da eta Linoko jantokia berritu da, etapa horretako proiektu pedagogikoarekin bat egiteko: ikasleek talde txikietan bazkaltzen dute eta ardurak banatzen dituzte.
LHn, hizkuntza markoa aberasten jarraitu nahi da eta, aurten, bereziki ulermenean jarriko da arreta. Lehen zikloan, Innovamat ezartzeaz gainera, zirkulazio autonomoan eta txokoen antolaketan aurrerapausoak eman nahi dira; bigarren zikloan, ko-irakaskuntzan eta diziplinarteko proiektuen sorkuntzan jarriko da indarra.

DBHn, Hedatze programari urrian emango zaio hasiera. Lehenengo hiruhilekoko eskaintza definitu da eta datozen hilabeteetarako aberasteko asmoa dago, besteak beste gurasoen edo komunitateko beste kide batzuen parte hartzea bultzatuta.

Oiartzok, maila bakoitzean 4 gela izango dituela kontuan hartuta, Oreretarekin hainbat irakasle partekatuko ditu. Horrek ordutegiak egiteko orduan zailtasunak baditu ere, Oreretaren eta Oiartzoren arteko koordinazioari lagundu diezaioke.

Ikasturtea normaltasunez hasteko, garrantzi handia dute aurreko prestaketa lanek. Horregatik, Artezkaritza Kontseiluak Ikastolako lantalde osoaren lan eskerga azpimarratu eta eskertu nahi du: irakasleena, zerbitzuetako eta administrazioko langileena, zuzendaritzarena… Ikasturte hasieran lana pilatzen da arlo horietan guztietan eta langile guztiek egiten duten ahaleginari esker lortzen da dena prest egotea ikasleak iristen direnerako.

Kilometroak 23

Hasi gara Kilometroak 23ko oinarrizko egitura eraikitzen. Batzordeburuetako batzuk dagoeneko izendatuta daude. Kasurik gehienetan, bi-hiru pertsonak hartuko dute batzorde bakoitzaren ardura eta Ikastolako profesionalek eta gurasoek elkarrekin egingo dute lan ardura horretan.

Ibarrako Kilometroei begira, bezperetako bi gauetan Ikastolako langileak eta gurasoak aritu dira zaintza egiten. Gainera, egunean bertan, euskararen erabilera neurtzen parte hartu du irakasle talde batek. Ekitaldi instituzionalean, lehendakariak eta zuzendariak lekukoa hartuko dute, hiru ikaslerekin batera.
Urriaren 3an bertan, ikasle guztiei emango zaie Kilometroen urtearen hasieraren berri. Familiei eta langileei batzordeetan parte hartzeko gonbita ere egingo zaie. Aurkezpen ekitaldia azaroaren 4an izango da, Lekuona Fabrikan. Ondoren, azaroaren 5ean, denda irekiko da, lehen Aurki taberna zegoen tokian, herriko enparantzan. Jabeek, Ikastolako guraso izanik, gure esku jarri dute lokala, urtean zehar erabiltzeko.

Garraio tarifak ez igotzeko erabakia

Familia guztiek ikasturte hasieran jaso genuen mezuan azaltzen zen bezala, Artezkaritza Kontseiluak erabaki du 2022-23 ikasturte honen hasieran garraio tarifak ez igotzea, nahiz eta garraio kostuak igo. Aurreko bilera batean proposatu bazen ere igoera hori tarifetara eramatea, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeei ematen digun laguntza handitu egingo zuela agindu zuenez, kopuru guztien argazkia eduki arte igoerarik ez aplikatzea erabaki du Artezkaritzak. 2023ko Batzar Nagusian aztertuko da berriro gai hori, dagokion erabakia hartzeko, KPIak eta garraioak ekarri dituzten gastu igoerak batetik eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza igoerak bestetik aurrean izanda.