HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 9. buletina (2022.05.25)

Artezkaritza Kontseiluak maiatzaren 25ean egin du bilera. Bileran landu diren gai garrantzitsuenak hauek dira:

Plan Estrategikoa 2022-26

Datozen lau urteetarako Plan Estrategikoa definitzeko prozesua amaitzeko, ekintzak definitzea, ekintza horiei lotutako adierazleak zehaztea, aginte koadroa osatzea, eta ebaluazio tresna eta ibilbidea diseinatzea falta dira. Ikasturte honen bukaera eta datorrenaren lehenengo asteak erabiliko ditugu ekintzak eta adierazleak definitzeko, eta helburuen arabera, dagokion kolektiboarekin (langileak, gurasoak, Hezkuntza Batzordea, Artezkaritza…) lotzeko. Ekintza eta adierazle horiek onartuta, 2022-23 ikasturteko Kudeaketa Plana planteamendu horren arabera osatuko dugu. Ikasturte berriko lehen lauhilekoa erabiliko dugu aginte koadroa eta jarraipeneko tresnak definitzeko. Horrela, 2022. urtearen amaierarako itxita izango genuke datozen lau urteetarako bide orria.

2022-23 ikasturteko egutegia

Datorren ikasturteko egutegia onartu da Hezkuntza Batzordean, Jarraipen Batzordeetan landu ondoren. Prozesuaren beraren inguruan zalantzak eta gaizki ulertzeak izan direnez, erabaki da datozen urteetan eskola egutegia erabakitzeko prozesua zein izango den idatziz jasotzea, denok argi edukitzeko. Artezkaritzaren hurrengo bilerarako egingo da proposamena.

DBHko ordutegi jarraitua

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezezkoa eman dio ordutegi jarraitua izateko gure eskaerari. Hala ere, ikastetxe publikoetan “Hedatze” egitasmoa bideratu da eta aukera hori ikastetxe guztietara zabaltzeko eskaera egin dute itunpeko sareetako ikastetxeek ere. Aukera hori irekitzen bada, berriro egingo zaio eskaera Hezkuntza Sailari.

Dirulaguntzak eta kontzertazioak

Gailu elektronikoak erosteko dirulaguntzen deialdiaren ebazpena iritsi da. Bai Orereta Ikastolan eta bai Oiartzon, eskatutako kopuruak onartu dizkigu Jaurlaritzak. Beraz, laguntza horretaz baliatuko gara ikasleen zein irakasleen ordenagailuak ordaintzeko.

Bestalde, itunpeko ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin duten kontzertazioari dagokionez, datorren urtean Hezkuntza Sailetik jasotzen dugun finantzaketan igoerak aurreikusten dira, ordezkapenetarako, mantenu eta azpiegituretarako eta orientaziorako, besteak beste. 2023-24 ikasturterako ere aurreikusten dira igoerak. Epe hori igarota, igoera horiek zer estaltzen duten ikusita, gure sarreren eta gastuen egitura berraztertuko dugu, familiek egiten duten ekarpena egokitzeko.

Kilometroak 2023

Datorren urteko Kilometroei begira, dagoeneko zehaztu da ildo komunikatiboa, alegia, eman nahi dugun mezua. Hiru ideia nagusiren inguruan eraikiko da ildo hori: eskertza (Ikastolak 60 urte beteko ditu eta une egokia da izan garena ezagutzeko, garenaz jabetzeko eta izango garenaz gogoeta egiteko), komunitatea (batzen gaituena azpimarratzea eta ikur gisa, baserria) eta euskara (euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustua).

Hiru ardatz horiek kontuan hartuta ekin zaio leloa eta logoa sortzeko prozesuari. Leloa sortzeko, komunitate osoak izan du proposamenak egiteko aukera. Logoa, berriz, DBHko lehen zikloko ikasleekin landuko da. Kasuetako bakoitzean, proposamenak talde tekniko batek jaso eta aztertuko ditu eta horietan oinarrituta, leloa eta logoa zehaztuko ditu. Bi talde tekniko horiek Ikastolen Elkarteko adituek eta Orereta Ikastolako komunitateko adituek osatuko dituzte.

Alderdi ekonomikoari dagokionez, Ikastolak hasiera-hasieratik esan du berehalako behar ekonomiko larririk ez duela oraintxe bertan eta horrek askatasun handiagoa ematen digu dirua zertarako erabili nahi dugun erabakitzeko eta erabilera hori gure proiektuaren oinarriekin lerrokatzeko.

Artezkaritza Kontseiluak erabaki du Kilometroetatik ateratako dirua hiru proiektutara bideratzea:

  • Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzera: ikastolak Euskal Herri osoan gaude zabalduta, baina guztiak ez gaude egoera berean. Une honetan, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolek guk baino egoera larriagoa bizi dute eta horiei laguntzera bideratuko dugu diruaren zati bat, elkartasuna baita ikastolen oinarrietako bat. Zehazki, Orereta Ikastolak harreman estua du Hendaia, Biriatu, Urruña eta Ziburuko ikastolekin, Zubiak Eraikiz egitasmoari esker, baita Lesakako eta Berako ikastolekin ere. Egitasmo hori sendotu nahi dugu, ikastola horietako gazteak elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko.
  • Euskarari lotuta, Orereta-Errenterian gaur egun dugun erronka bati erantzutera: Kilometroak jaiak Orereta-Errenteria herriari zerbait uztea nahi dugu, jaia ez dugu ikastolarentzat bakarrik egin nahi, herriarentzat eta herriarekin egin nahi dugu. Herriko beste eragile batzuekin batera (Udala, ikastetxeak, Lau Haizetara euskara elkartea, Badalab…), euskararen eta euskal kulturaren inguruan ikusten dugun hutsune bati erantzuteko proiektu bat erabaki eta aurrera eramateko baliabideak jarriko ditugu (euskararen erabilerari lotuta, etorri berriak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeari lotuta…).
  • Gure Ikastolarako ere utziko dugu diruaren zati bat, gure komunitatea osatzen dugun guztiontzat erreferentzia den gune bat berritu eta egokitzeko: Añabitarte eta baserria. Añabitarte eremu berezia da denontzat eta Baserria, urte hauetan guztietan zutik iraun duen ikurra, gure historiarekin lotzen gaituena. Añabitarte eta Baserria berriro ere Ikastolako komunitatearen topagune izatea nahi dugu.

2022ko urriaren 2an jasoko dugu lekukoa Ibarrako Uzturpe ikastolaren eskutik. Eta, ondoren, 2022ko azaroaren 4an, 2023ko Kilometroak aurkezteko ekitaldia izango dugu, herriko Lekuona Fabrikan.

 


Artezkaritza Kontseilua: 9. buletina (pdf-an)