HIZKUNTZAK

Ikastolako jangela, Errigora jangela

Udazkenean eta udaberrian egiten dituen kanpainengatik da ezaguna Errigora, bereziki. Bi garai horietan helarazten dira Euskal Herriko etxe eta despentsatara Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko nekazal produktuak; elikadura burujabetza, euskara eta auzolana sustatu eta hauspotzea helburu, betiere.

Eta ikastola, eskola eta lantegietako jantokietara ere arroza, olioa, piperrak, lekaleak… eskainiz sustatuko balira helburu berberak? Euskal lurraldeen artean harreman iraunkor eta egituratuak sortzeko aukera, modu planifikatuan tokian tokiko produktuen ekoizpena sustatzeko parada, ekoizle nahiz kontsumo ohituretan euskara indartzeko posibilitatea, eta auzolana hauspotzeko aukera.

Erronka hori bota zion Errigorak orain bizpahiru urte, besteak beste, Orereta Ikastolari. Orain bizpahiru urte erein genuen Orereta Ikastolako jangela eta Errigora lotu nahi zituen hazia, batak bestea elikatzen zuela pentsatuta. Eta orain bizpahiru urte irekitzen hasitako bidezidorrek bide zabalagoaren traza hartu dute egun. Orain, Euskal Herriko txoko askotan hasi dira loratzen hazi horiek. Datorren ikasturtetik aurrera, Euskal Herriko hogei ikastetxe eta lantokitako jangeletan (Orereta Ikastolakoan ere bai, noski) Errigora Balioekin bat egiten duten Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko zazpi ekoizleren produktuak izango dira mahaian. Euskara eta euskalgintza, elikadura burujabetza, Nafarroa erdialdea eta hegoaldea, eta auzolana, mahai gainean.

Maiatzaren 31n egin genuen denok elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko bilera. 2023-24 ikasturteak traza polita izango du. Jarrai dezagun bidea zabaltzen, jarrai dezagun aurrera!

errigora jangela