Agirre Lehendakariaren plaza Orereta Ikastolako hezkuntza komunitatearen parte garenen, izan direnen, izango direnen eta hala nahi izan zuen herritar ororen topaleku izan zen pasa den maiatzaren 6an. Izan ere, “12 orduz Erriolan” hamabi orduko kultur maratoia egin genuen plazan jarritako karpan. Dena esaten hasita, estalpea azkenerako ez zen beharrezkoa izan, eguraldia lagun izan baikenuen.
Sortzailez betetako egitarau zabala ondu zuen talde antolatzaileak, eta bata bestearen atzetik, errioaren ertzean eta herriko ola edo fabrika handienaren parean, hurbildu ziren guztiek urriaren 1eko festa handirako aperitibo oparoaz gozatu ahal izan zuten. Euskara hauspotzea, komunitatea indartzea eta sortzaileei plaza eskaintzea izan zen egunaren helburu hirukoitza.
Inguruan talentua badela erakutsi zuten egun osoan. Herriko eragileena izan zen, nagusiki, goiza; besteak beste, bertan izan ziren Lau Haizetara Euskaltzaleen Elkarteko kantujira, Beti Presteko dantzariak, Herri Arte Eskolako ikasleak, Lur Korta ipuin kontalaria… Hola Zirkukoek, talentua erakusteaz gain, akrobaziarako gaitasuna dutela berretsi zuten.
Orereta Ikastolako ikasleek osatutako musika taldeek, baita irakasleenak ere, egin zuten goizaren eta arratsaldearen arteko zubi lana. Bitartean, txosnan eta jatekoen gunean etengabe aritu ziren lanean, frijigailuarekin pazientzia izanez eta mimo handiz, egarri eta goseak berdintzeko asmoarekin.
Arratsaldean ere Erriola jarduera arragoa izan zen: dantza, magia, akrobazia, bertsoak, tailerrak, sevillanak…Ekitaldi maratoiaren azken herenak elektronika doinuak izan zituen: Lawless Records eta Zilibito Records-ek beren lana erakutsi zuten, eta Iker Rodriguez DJ-ak musika jarri zuen oholtzatik, gorputzak astintzen jarraitzeko.
Azkeneko emanaldia izan zen ikusmin handiena piztu zuena: Janus Lesterren kontzertua. Taldeak jarri die musika Jon Maia Soria bertsolariaren hitzei, aurtengo Kilometroak jaialdiko soinu banda osatzeko. Erriola abestia zuzenean jo zuten estreinako aldia izan zen larunbatekoa. Bezperan egin zen abestia publiko, eta batzuek azkar asko ikasi dutela argi geratu zen, eztarria ia urratu arte kantatu baitzuten.
Kilometroz kilometro itsasora, erriora! esaten du kantak, eta larunbatean orduz ordu edukiz bete zuten Erriola. Urriaren 1erako oraindik asko falta da, baina helmuga bezain ederra izan ohi da bidea. Jarrai dezagun aurrera!