HIZKUNTZAK

Naia Aramberri, Plastifisharen Kostera logo lehiaketako irabazle

Pasaiako Mater Museoak eta Ternuak bultzatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen sailak babestutako Plastifisharen Kostera ekimenak itsasoko plastiko-kutsadurari bere sorburutik, erreka eta ibai inguruetatik, ekitea du helburu, itsas-hondakinen %80a lehorretik baitator. Herritarrek arazoaren gaineko kontzientzia hartzea ere bada asmoa.

Pasa den astean egin zen Plastifisharen Kostera ekimeneko 2019-20 ikasturtearen amaiera ekitaldia. Besteak beste, emaitzen berri eman zuten: Gipuzkoako sei arro nagusietan (Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba) ia 2000 kilo zabor jaso dira, hainbat ikastetxe, itsas eragile eta herritarren artean.

Erreka eta ibai bazterren garbiketan parte hartzeaz gain, Orereta Ikastolako LH5. mailako ikasleek iniziatibaren logo lehiaketan ere parte hartu zuten iaz, etxealdi bete-betean. Pasa den asteko ekitaldian jakinarazi zen gure Naia Aramberrirena izan dela hautatua bozketa bidez, 170 proposamen baino gehiagoren artean. Orain, Ternuak bere udaberri-udako bilduman zabalduko du irudia mundu guztira seacycle ehunez (PET plastikoa itsasoko plastikoarekin nahastuta egindako haria) egindako kamiseta batean.


Naia Aramberri: “Lagunekin errekak garbitzera joan nahi dut Ternuako kamiseta jantzita”

Nondik etorri zitzaizun Plastifisharen Kostera ekimeneko logo lehiaketara aurkeztu zenuen proposamenaren ideia? Zer adierazi nahi izan duzu?

Itsasoak ez ditugula zikindu behar esaten digute, baina itsasoa zikintzen duen zaborrik gehiena lurretik eramaten dute arrastan ibai eta errekek. Hortik abiatu nintzen. Denok dugu ardura itsasoa zein lurra zaintzeko. Munduan bizi gara.

Lehenik, kartoi batean lurra marraztu nuen. Gero, gainean plastikoa, papera burdina… itsasten joan nintzen etxean nituen objetuetatik materiala bilduz.

Etxealdi bete-betean harrapatu zintuzten iaz lehiaketak. Musuko bat ere ikusten dugu zure proposamenean…

Polita izan zen. Plastifisharen Kosterarako logo lehiaketarako lanketak eguneroko jarduna, online eskolak… arintzeko balio izan zuen. Ikasle bakoitzak gure aldetik landu genuen, ordutegirik gabe.

Musukoa azaltzen da proposamenean, batetik, ginen egoeran islatzeko eta bestetik, zaborrak ere gaixoaldia irudikatzen duelako.

Mundu osora zabalduko da zure lana Ternuaren 2022ko udaberri-udako bildumaren bitartez. Ederra oparia, ezta?

Bai, oso pozik nago. Sari-banaketa baino astebete lehenago esan zidaten irakasleek nire proposamena izan zela irabazlea eta pixka bat urduritu ere egin nintzen…

Amaitzeko, zer duzu nahiago: eskularruak jantzi eta erreka bazterrak garbitzea ala eskulanetan aritzea?

Lehena…

Zure lana izango duen kamiseta jantzita, agian?

Bai!

ingurumena