HIZKUNTZAK

Pintura ekologiko eta jasangarriak erabili ditugu Lino Berria margotzeko

“Kolore, kolore ta gustu guziak” dio Mixel Ducau eta Zaldiboboren abestiak; artisten baimenaz, “kolore, kolore ta gustu berde guziak” gehitu genuke guk errepika horretara. Zergatik? Lino Berriko gela eta espazio guztiek nahi adina kolore eta alaitasun dutelako, eta horrez gain, pareta horiek margotzeko Keim pintura ekologiko eta jasangarriak erabili direlako; hala, Orereta Ikastola Gipuzkoan aitzindari bihurtuz “Cradle to Cradle” ziurtagiria duten produktuak erabiltzen.

Orereta Ikastolaren izaeraren eta baloreen artean naturarekiko errespetua dago. Horren adibide dira, besteak beste, Añabitarteko zelaiguneak, baso eskola propioa, mantenuko ibilgailu elektrikoa, energia berriztagarriaren sortzaile eta erabiltzaile izatea, sukalde propioa eta tokiko elikagaien aldeko apustua, eta baratzea eta autokonposta-gunea. Lino Berriak iraunkortasuna eraikinetan ere indartzeko aukera eman dio Orereta Ikastolari, esan bezala, gela eta gune berrituak margotzeko margo jasangarri eta arduratsuak erabiliz.

Pertsona guztientzat onura ugari dakartzaten pintura ekologikoez ari gara; eta bereziki, haurrentzat edo arnas aparatuko gaixotasunak dituztenentzat. Disolbatzailerik, plastifikatzailerik, kontserbagarririk eta bestelako substantzia biozidarik gabeko pintura da erabili dena. Konposizio mineraleko pintura horiek barne-klima osasuntsua ziurtatzeko modua dira, bereziki garrantzitsua da hori immunitate-sistema ahulena duten lekuetan, ikastetxeetan kasu. Bestalde, lizunak eta beste mikroorganismo batzuk ugaritzeko babes naturala eskaintzen duten pintura transpiragarriak dira, eta, aldi berean, segurtasunari dagokionez, haien konposizio mineralari esker, ez dute su hartzen eta ez dute gas toxikorik askatzen suteren bat jazoz gero. Horrez gain, merkatuko pintura konbentzionalek baino emaitza iraunkor eta erresistenteagoa eskaintzen dute.

Gora kolore eta gustu guztiak! Eta gora, bereziki, berdeak diren kolore eta gustu guziak!

aitzindaritza berrikuntza eraldaketa iraunkortasuna jasangarritasuna Lino Berria