Hartu du martxa 2023-24 ikasturteak, bada hilabete ikasgelak bizi-bizi daudenetik. Martxa horrek ematen die urteroko proiektu eta egitasmoei abian jartzeko aukera; urtea irudikatzen, idazten eta haren liburua edota istorioa osatzen hasteko parada.
Eta irakurzaletasunaz hitz egingo dugu, hain justu, hemen. Istorio eta kontakizunetan bezala, HHtik hasi eta DBHraino, irakurzaletasunaren haririk ez baitute galtzen Orereta Ikastolako ikasleek “Kontu Kontari”tik hasi eta “Irakurriz Gozatu” arterako egitasmoei esker.
KONTU KONTARI (HH2-LH3)
Irakurzaletasuna sustatzeaz gain, haur literatura (literatura klasikoa, Euskal Herriko literatura…) ezagutzea ere bada helburua.
Mailaka egiten da “Kontu Kontari“, HH2tik hasi eta LH3ra arte. Maila bakoitzeko tutoreek aste (HHn) edo hilabete (LHn) baterako lau ipuin aukeratzen dituzte eta horien azalak jartzen dituzte korridoreetako “Kontu Kontari“ren paneletan. Hortaz, ikasleek astero edo hilero lau ipuin entzun eta ezagutzeko aukera dute. Korridoreetako paneletan, entzun nahi duten ipuinaren azpiko zerrendan beren izena idatzi behar dute (txikienek argazkia itsasten dute); eta “Kontu Kontari“ren ordua iristen denean, hala dagokion ikasgelara joan. Ikasleek ez dute jakiten zein irakaslek kontatuko duen ipuina (ipuina bera aukera dezaten, ez irakaslea) eta ikasgela ezberdinetako haurrak nahasita egoten dira istorioak entzuten.
BOOKTUBERRAK, TERTULIA LITERARIOAK ETA AHOZKO LITERATURA ONDAREA (LH4-LH6)
HHn eta LHko lehen urteetan egindakoari jarraipena ematen zaio LHko goiko mailetan. Irakurzaletasuna sustatzearen helburu nagusiari beste bi gehitzen zaizkio: heziketa literarioa eta ahozko literatura ondarearen ezagutza. Horri jarraiki, honela banatzen da ikasturteko jarduna:
- 1. hiruhilekoan, liburu kuttunaren aurkezpena egiten da, zuzenean geletan edota booktuberren bidez. Horretarako, liburu bat irakurri ondoren, landutako arloak kontuan izanik (heziketa literarioa: generoa, liburuaren atalak, gustuko atalen baten azalpena, iritzi kritikoa…), fitxa teknikoa betetzen dute ikasleek. Horretan oinarrituta, liburua gelan bertan aurkezten dute edota booktuberra grabatzen dute.
- 2. hiruhilekoan, tertulia literarioak egiten ditugu. LH 4. mailan, modu xumean, irakasleak gidatuz; 6. mailan, moderatzaileak ikasleak beraiek izaten dira.
- 3. hiruhilekoan, ahozko literatura ondareari egiten diogu leku. 2022-23 ikasturtean, adibidez, LH 5. mailan, mitologian oinarritutako gure elezaharrei bide emanez eta horrekin irakurketaren adierazkortasuna landuz. 6. mailan, Orereta Ikastolako ahotsak proiektua gauzatzea izan zen xedea: ikasleek beren aitona-amonen haurtzoroko gertaera eta jolasak jaso zituzten elkarrizketak grabatuz.
IRAKURRIZ GOZATU (DBH)
“Irakurriz Gozatu” HIZPRO sortaldeak egindako irakurketa planetik jaio zen proiektua da. Irakurketa plan horren emaitzetatik ondorioztatu zen, besteak beste, gure ikasleen irakurzaletasuna sustatzeko beharra, eta horrekin batera, testuen ulermena zein ahozkotasuna lantzekoa.
Behar horiei erantzuteko helburuarekin, “Irakurriz Gozatu” proiektuak honakoa proposatzen du: ikasleei, hilabetean behin, nahi dutena irakurtzeko ordubete eskaintzea eta, hiruhileko bakoitzaren bukaeran, solasalditxo baten bitartez, irakurri dutenaren berri elkarri ematea; taldeka, maila ezberdinetako ikasleak nahastuta.
2022-23 ikasturtean, proba pilotu bat egin zen DBH1eko eta DBH3ko ikasleekin, eta aurten, 2023-24 ikasturtean, jarri da martxan “Irakurriz Gozatu” ekimena. Irakasleei beraie ere egiten zaie irakurtzeko liburua ekartzeko gonbita, ohitura onen eredu izan daitezen.
Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Orereta Ikastolako plazan!