HIZKUNTZAK

"Gure Añabitarte", mendi ibilaldiak eta kontzertuak komunitatea omentzeko

Urmuga Festibalarekin elkarlanean, uztailaren 19a egun konpletoa izango da. Goizean, mendi ibilaldi musikatuak Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubitik eta Endarlatsatik Oiartzungo Gurutze auzoraino. Arratsaldeko 17:00etan, errioan gora San Pedrotik etorriko den patatxan, musika emanaldia Lekuona Fabrikaren parean. 19:00etan, “Gure Añabitarte” kontzertu erraldoia Orereta Ikastolaren Añabitarte baserrian. Eta iluntzean, Añabitarte baserriaren erosketaren 50. urteurrena ospatzeko erromeria.

Urmuga Festibalak, mendia eta musika uztartzen dituen jaialdiak, eta Kilometroak festak antolatu dute egitaraua, hainbat eragilerekin elkarlanean: Urdaburu eta Girizia mendi taldeak, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Hibaika Arraun Elkartea eta Añabitarte Baserriko lantaldea, Orereta Ikastolaren baitako taldea. Egitasmoak, gainera, Orereta Ikastolak eta Ziburu, Hendaia, Urruña eta Biriatuko Ikastolekin batera abian duen “Zubiak Eraikiz” ekimena izango du abiapuntu.


Musika emanaldi erraldoi bat, Añabitarten. Ondoren, erromeria


Arratsaldeko 19:00etan izango da “Gure Añabitarte” kontzertu erraldoia Añabitarte baserriaren kanpoaldean. Bertan arituko dira bi orduz Urmugan Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen ari diren goi mailako musikariak.

  • Alaitz eta Maider
  • Janus Lester (Kilometroak 23ren kantaren egilea)
  • Alex Sardui
  • Olaia Intziarte
  • Arkaitz Miner
  • Aire Ahizpak
  • Xutik taldea

Sarrerak 20 eurotan salduko dira helduentzat (16 urtetik gora), 5 eurotan DBH eta LHko gazteentzat eta dohainik izango dira adin horretatik beherako haurrentzat. Sarrerak fisikoki salduko dira eskualdeko puntu hauetan:

  • Orereta-Errenteriako Erriola denda
  • Orereta-Errenteriako Xenpelar Kultur Denda
  • Oiartzungo Elorsoro kiroldegia
  • Oiartzungo Urrats Paper Denda
  • Lezoko estankoa
  • Pasai Antxoko Ibaiondo taberna
  • Pasai Donibaneko Patxiku taberna
  • Online: erosi hemen

Kontzertua amaitutakoan, erromeria egingo da Iratzar taldearen eskutik, Baserriaren pareko zelaian. Bertan afaltzeko aukera izango da, Eusko Label eta Euskal Sagardoak produktuekin, eta dantza eta festa giroa nagusituko dira.

Kontzertura igo eta jaisteko doako autobus zerbitzua eskainiko da 18:00etatik 19:00etara Orereta-Errenteriako Joxe Migel Barandiaran kaletik (Errioxa birilgunea) Añabitartera igotzeko, eta 21:00etatik gaueko 24:00etara handik jaisteko.


Goizean, mendi ibilaldi musikatuak


“Zubiak Eraikiz” ekimenak eta Urdaburu mendi taldeak antolatuta, Girizia mendi taldearen laguntzaz, bi mendi ibilaldi irtengo dira goizeko 09:00etan: bata, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubitik; bestea, Lesakako Endarlatsa auzotik. Oiartzungo Gurutze auzora iritsiko dira eguerdirako, eta bertako Beloaga gazteluan Leturia eta Iñaki Dieguezen musika emanaldi berezi batez gozatu ahal izango dute 14:00etan. Hala nahi dutenentzat, antolakuntzak doako autobusak ezarriko ditu joan-etorriak egiteko.


Arratsaldean, patatxa, errioa eta musika


Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatuta, patatxa ontzia San Pedrotik irtengo da Albaolako bertako eta Hibaika Arraun Elkarteko kideek eramanda. Lekuona Fabrikaraino iritsiko dira, eta 17:00etan errio gaineko kontzertua eskainiko dute Kilometroak ikastolen festaren omenez. Patatxatik bertatik egingo dute hori Arrabiten Zurdetan taldeko kideek, Arkaitz Miner musikariak eta bere taldekideek. Kontzertua doakoa eta irekia izango da. Ekitaldia amaitutakoan, 18:00etan doako autobusak irtengo dira Añabitarterantz.


Añabitarte baserria: historia bat herritarren zerbitzura


Orereta Ikastola 1963an herritik sortu zen eta Zamalbideko Añabitarte baserrian kokatu zuen nagusiki bere euskal hezkuntzaren jarduera nagusia 1973an. Duela 50 urte, alegia. Modu horretan utzi zuen atzean betiko 1495ean Iohan Miguel de Acorda lehenengo jabeak eta geroztik bere ondorengo guztiek eta maizterrek baserriari eman zioten berezko erabilera.

Añabitarte baserriak eta Zamalbide auzoak garrantzi handia izan dute Orereta-Errenteriaren historian; Añarbeko burdinola famatua eta hirigunearen artean kokatzen baita Añabitarte baserria. Añarben ekoizten ziren produktuak herrira, portura, itsasora, mundura eramateko Zamalbiden barrena garraitzen ziren. Horixe, auzoari jarritako izena, “Zamalbide”.

Gaur, Añabitarte baserriaren inguruan biltzen da Orereta Ikastolaren komunitatea. Hain zuzen, horiek izango dira ekitaldian omenduak. Itziar Navarro Orereta Ikastolaren lehendakariak azaldu duen moduan, “Añabitarte baserria lau horma baino askoz gehiago da. Orereta Ikastolaren komunitatearen elkargunea da, garena egiten gaituenaren sinboloa. Ondare materiala eta ondare inmateriala elkartzen dira, beraz, bertan. 50 urte bete dituen honetan, gure omenaldia egin nahi diogu berari, eta bera bizirik mantentzen duen Orereta Ikastolaren komunitate osoari. Herritar guztiekin partekatu nahi dugu poz hori, Añabitarte ere, Orereta Ikastola bezala, herritarren zerbitzura dagoelako”.

añabitarte erriola Kilometroak urmuga