HIZKUNTZAK

"Batasunaren bidean", euskara batuari gorazarre Euskaltzaindiak eta Ikastolok

Martxoaren 24an, Orereta-Errenteria eta Donostia lotuko ditugu 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. “Batasunaren bidean” ekitaldia Orereta Ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.

Milaka gazte, gaztetxo eta herritarrek osatuko duten giza katea Orereta-Errenteriako Gamon Zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko da.

Bidean, 8.226 metro eta Orereta-Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Euskal Herri osoko Ikastola ugaritako gazte eta gaztetxok osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Ez dago parte har dezaketen herritar kopuruarentzako mugarik, eta euskaltzale
guztiei bertaratzeko deia ere egin diegu.

Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera giza kateari eta 11:30 arte iraungo du. Une horretarako bost gune egokituko dira, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.

Euskara batua, herritik sortua eta continuumaren garrantzia

Euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona zehatz oroituko ditu “Batasunaren bidean” ekimenak (beherago zerrenda). Haatik, euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, horietako asko anonimoak direnak. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez. Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakar bat. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoak, eta horiek guztiek osatzen duten continuuma da giza kate honek irudikatu nahi duena.
Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia da ekitaldiak balioan jarri nahi duena. Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua.

Transmisioa, ekimenaren ardatz

Zentzu horretan, ikastolek euskara batuari zor diotena eta euskara batuak ikastolei zor diena izango dira “Batasunaren bidean” giza katearen oinarrietako bat. Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista. Horregatik, izaera koloretsu eta baikorra izango du ekimenak. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera adieraziko zaizkie.

Euskaltzaindiak herritar guztientzako prestatu duen dokumentua zabalduko da, “Euskararen Batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria” izenekoa. Bertan, euskara batuaren sorreraren ibilbide historikoa ezaugarritzen duten gako nagusiak azaltzen ditu Euskaltzaindiak.

“Batasunaren bidean”
Bereziki aipatuko diren Euskara batuaren sustatzaileen zerrenda

  1. Koldo Mitxelena
  2. Resurreccion Maria Azkue
  3. Pierre Broussain
  4. Jose Maria Satrustegi
  5. Julia Berrojalbiz
  6. Xabier Kintana
  7. Raimundo Olabide
  8. Julene Azpeitia
  9. Luis Villasante
  10. Henrike Knörr
  11. Arantxa Urretabizkaia
  12. Arturo Campion
  13. Gabriel Aresti
  14. Jean- Louis Davant
  15. Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”
batasunaren bidean euskaltzaindia ikastolak herriari Kilometroak