HIZKUNTZAK

Zirkulazio librea (II): Jolas sinbolikoa, haurraren barruaren isla

Orereta Ikastolako HHko proiektuaren funtsa konfiantzaren pedagogia da, eta zirkulazio librea hori garatu ahal izateko zutabe garrantzitsuetako bat. Ikastolako espazioa txoko ezberdinetan antolatzen da, bere interes eta beharren baitan, haurrak berak aukera dezan une oro non eta zer eginez ikasiko duen. Txoko horietako bat da jolas sinbolikoarena. (Ikus behean zirkulazio libreko beste txokoak)

Bereziki bi urtetik aurrera, garrantzia handia hartzen du jolas sinbolikoak haurrengan. Izan ere, ezin du irudimenarekin soilik jolastu, jolasa ekintza delako.

Espazio eta objektu aproposak behar dira jolas sinbolikoa aurrera eraman ahal izateko. Objektuei dagokienez esan, oso zehatzak eta konkretuak diren materialak eskainiz gero, jolas sinbolikoa mugatu egiten dela hein batean, sinbolizatzeko lana “eginda” ematen zaiolako haurrari. Hobea da gehiegi definitu gabeko materialak eskaintzea: mozorro jakin bat eskaini ordez, mozorrotzeko aukera ematen dieten zapiak, adibidez.

Era berean, haurrei beraiei espazioak transformatzeko aukera ematen dieten materialak eskaintzen zaizkie Ikastolan, beren itsasontzia, ospitalea edo baserria sortzeko.

Aipatutako guztirako aukera izan dezaten, garrantzitsua da espazioak zabalak izatea, haurraren jolas sinbolikoari nahikoa toki emango diotenak. Horri lotuta, mugimendurako aurreikusitako egiturak ere egokiak izan daitezke umeen jolas sinbolikorako. Adinean aurrera egin ahala, interesgarria da egituretan haurrek transformazioak egiteko aukera izatea; gortina, panel edo antzekoekin, esaterako.

“Jolas sinbolikoan ari denean bere barnea proiektatzen du haurrak jolas horretan. 2-8 urteko tartea beldur, kezka eta desio handietako garaia da.”

Jolas sinbolikoan ari denean bere barnea proiektatzen du haurrak jolas horretan. 2 urtetik 7-8 urtera arteko aldia beldur, kezka eta desio handietako garaia da. Eta mundu hori guztia jolasean islatzen du haurrak: bere txikitasuna gainditzen duen pertsonaia bihurtzen da, izugarrizko gaitasunak dituen pertsonaia, indartsua, hegan egin ahal duena, beldurrik ez duena, “gaiztoa” akabatzen duena, hilezkorra dena… Rol ezberdinak har ditzake umeak, bere inguruan dauden pertsonen ekintzetan bere bizipenak “antzeztuz”. Horregatik diogu, besteak beste, haurrak airea bezain beste behar duela jolasa Haur Hezkuntzan, jolasa behar baitu bizitzen ari den mundua ulertu eta kudeatzen ikasteko.

Bestalde, haurraren gorputz eta hitzezko komunikazioa eta sozializazioa garatzeko eszenatoki aparta da jolas sinbolikoa. Izan ere, jolasean modu naturalean sortzen dira haurren arteko elkarrizketak, negoziazioak eta rol banaketak…

Ikus zirkulazio librea bilduma: esperimentazioa

jolas sinbolikoa konfiantzaren pedagogia zirkulazio librea