HIZKUNTZAK

Zirkulazio librea (I): Esperimentazioa, zentzumenen ahalmena

Korronte pedagogiko berriak aztertu, hausnartu, gure behar eta errealitatera egokitu eta abian jartzeko ahalegin etengabearen fruitua da Orereta Ikastolaren hezkuntza-proiektu eraldatzailea. Proiektu propioa, haur eta gaztetxoen ongizatea oinarri eta autonomia helburu dituena.

Orereta Ikastolako HHko proiektuaren funtsa konfiantzaren pedagogia da: haurrak bere buruaganako konfiantza zein segurtasuna eta ingurukoekiko atxikimendua baldin baditu, bere gisara eta erritmora ikasteko nahia, sena eta jakin-mina izango ditu.

“Zirkulazio librea: espazioa txoko ezberdinetan antolatzen da, bere interes eta beharren baitan, haurrak berak aukera dezan une oro non eta zer eginez ikasiko duen.”

Hori landu eta egikaritu ahal izateko zutabe garrantzitsuetako bat zirkulazio librea da. Goizero ordubeteko-ordu eta erdiko tartea eskaintzen diogu Orereta Ikastolan zirkulazio libreari. Helburu eta asmo jakinez, espazioa txoko ezberdinetan antolatzen da, bere interes eta beharren baitan, haurrak berak aukera dezan une oro non eta zer eginez ikasiko duen. Irakaslea bidelagun/behatzaile, haurra bera da prozesuko protagonista.

Esperimentazio-txokoa, zentzumenekin ikasiz

Haurrak berezkoa du bere ingurua arakatzeko gaitasuna, besteak beste, hura manipulatuz eta esperimentatuz ikasten baitu. Ahalmen hori garatzen jarraitzeko, material ezberdinak manipulatu eta ezagutzeko aukera ematen du zirkulazio libreko esperimentazio-guneak. (Ikus behean zirkulazio libreko beste txokoak)

Horretarako, material anitzak (elementu naturalak, jakiak, botoiak, giltzak, pilota txikiak, lastotxoak…) jartzen zaizkie eskura haurrei: batzuk, egunero izaten dituzte eskura; beste batzuk, aldiz, momentu jakinetan eta helburu jakinak betetzeko. Hainbat material momentuan ikasgelan lantzen ari den gaiari lotutakoak izan ohi dira, esperimentazio soilaren abantailetatik haratago, esperimentazioa lanketa integralerako ere praktika baliagarria baita. Esaterako, “Hiru txerrikumeen” ipuina lantzean, egurra, lastoa zein harriak egoten dira esperimentazio-gunean.

Ikus zirkulazio librea bilduma: jolas sinbolikoa

esperimentazioa konfiantzaren pedagogia zirkulazio librea