Ikasle guztiak Ikastolara helduta eta ikasturteko ohiko ordutegiari jada ekinda, ikasturte berria inauguratutzat emateko moduan gara.
Iaz bezala, aurtengoan ere baliabide pedagogikoetan jarri nahi dugu azpimarra: Ikastolan inoizko baliabide pedagogiko gehien izango genituela esan genuen iaz, eta aurten gauza bera esateko poza dugu. Izan ere, Ikastolak berak onartu eta bere gain hartutako aparteko baliabideei esker (bestelako laguntza batzuen babesarekin), iazkoa gaindituta, inoizko baliabide gehien izango ditugu aurtengoan alor pedagogikoan lanean aritzeko.
Horiek horrela, iazko aurrerapausoez gain, DBHko Curriculum Aniztasuneko Proiektuak eskailera-maila bat gora egingo du: 4. mailan ez ezik, 3.enean ere ikasgela bat izango dugu; bi urterako bermearekin, gainera. Urteetan horretarako laguntzarik eskuratzea lortu ez badugu ere, taldeak egindako ahaleginak, lanak eta proposamenek eman dituzte fruituak: iaztik modu xumeagoan proiektuari Ikastolako baliabide propioekin berrekiteko apustuari Jaurlaritzatik erdietsitako iazko zein aurtengo laguntzak batu zaizkio eta proiektua nabarmen sendotzea lortu da.
HHren eta LHren arteko zubia sendotzeko harri bat gehiago ere jarriko dugu. LHko lehen zikloan HHko proiektuari jarraipen zuzena ematen hasiko gara, orain arteko pausoekin jarritako zoruak horretarako aukera ematen duelako. Koronabirusagatik udan Linoko eraikina eraberritzeari ekiteko aukerarik izan ez dugun arren, udako hilabeteetan (h)IZAN proiektuarekin aurrera egiten jarraitzeko egokitzapenak egin dira eraikinean, etorriko den eraberritze-obraren osagarri.
Baso-eskolari tartetxo bat eskaintzea garrantzitsua iruditu zaigu. Zailtasunek erronka eta aukera berrien aurrean ere jartzen gaituzte eta aurtengo ikasturtean baso-eskola izango da horren adibide garbia. COVID-19ak azeleratu badu ere proiektua, Orereta Ikastolako proiekturako ekarpen interesgarria izango denaz ziur gaude. Hasieran, HH ikaslerik zaharrenek eta LHko gazteenek erabiliko dute, nagusiki.
Ikastolako bide-orri digitala, pandemiak ekarritako beste aukera eta erronka bat
Pandemia heldu aurretik jada abian zen Ikastolako bide-orri digitala eta koronabirusak jarduna azeleratzeko aukera eman digu. Besteak beste, langileen zein ikasleen IKT baliabideak eta prestakuntza izango dira aurtengo helburu.