Mediku azterketak
Lan-arriskuen Prebentziorako 31/1995 Legearen 22. artikuluan zehazten denari jarraikiz, enpresak bere zerbitzura dauden langileei tarteka bere osasun-egoeraren zaintza bermatuko die, lanarekin lotutako arriskuen arabera. Zaintza horrek barne hartzen du protokolo zehatzen araberako edo langileak bere jarduera egitean dituzten lan-arriskuen arabera dauden beste bitarteko batzuen araberako mediku-azterketak egitea. Azterketa osasun-egoerari buruzko galdera sorta batek, miaketa fisikoak eta medikuak egoki iritzitako probek osatuko dute.
Zaintza hori langileak bere onespena ematen duenean soilik egin ahal izango da. Borondatezkoak dira, aurrez langileen ordezkariek txosten bat aurkeztuta, lanaren baldintzek langileen osasunean dituen eraginak ebaluatzeko edo langilearen osasun-egoera bere buruarentzako, gainerakoentzako edo enpresarekin lotutako beste pertsona batzuentzako arriskutsuak izan daitezkeen egiaztatzeko ezinbestekoak diren azterketak edo lege-xedapenak derrigorrezko jotzen dituenak edo oso arriskutsuak diren jarduerak izan ezik.
Osasun-egoerarekin lotutako informazio guztiaren intimitatearen, duintasunaren eta konfidentzialtasunaren eskubideak errespetatuta egingo dira beti, eta ezin izango dira bereizteko edo langilearen aurka egiteko erabili. Emaitza konfidentzialki erabiliko da, eta osasun-zaintza egiten duten langile medikoek eta osasun-agintariek soilik atzitu ahal izango dute informazioa, Lan-arriskuen Prebentziorako Legearen 22. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, eta Datuen Babeserako Lege Organikoaren xedapenak betetzen direla zainduz, eta ezin izango zaio, hala, informaziorik eman enpresari edo beste pertsona batzuei langileen berariazko onespenik gabe. Alabaina, enpresak eta prebentzio-ardurak dituzten pertsonek edo organoek langileek lanpostua betetzeko egokiak ote diren edo babes- eta prebentzio-neurriak txertatzeko edo hobetzeko beharraz jakiteko egindako azterketen ondorioak ezagutuko dituzte, prebentzioari dagokionez dituzten zereginak ongi gauzatzeko.
Noiz egin daitezke mediku-azterketak?
- URTERO
Urtero izango du langileak mediku-azterketak egiteko aukera. Mediku-azterketa orokorra doakoa izango da langilearentzat. Orereta Ikastolan adostuta dagoenaren arabera, beste azterketa batzuk (urtero adieraziko dira zeintzuk) egiteko aukera ere izango du langileak (eta azterketa osagarri horien kostuaren erdia bakarrik ordainduko du).
Urteroko mediku-azterketaren berri asteko oharren bitartez emango da eta langileek egun batzuetako epea izango dute egin nahi duten ala ez adierazteko (langile atarian egongo da horretarako aukera, inprimaki baten bitartez). Mediku-azterketa egin nahi ez duen langileak ere adierazi behar du hori: mediku-azterketa ez duela egin nahi, alegia; langile atariko inprimakia betez.
- BAJA LUZE BATEN OSTEAN
Epealdi luzeko baja baten ostean, aitatasunari edo amatasunari lotutakoa ez denean, langileak aukera izango du mediku-azterketa eskatzeko. Epealdi luzea dela ulertuko da, gutxienez, bi hilabete igaro direnean bajan.
Horrelako kasu batean azterketa egin nahi izatekotan, langileak dagoeneko alta hartuta egon beharko du eta, ahal dela, alta hartu eta lehendabiziko egunetan egitea komeni da. Eskaera (edo ukazioa) alta-agiria helarazteko inprimakia betetzean egin behar da (langile atariko ezkerraldeko lasterbideetako “altak eta bajak” botoitik).