Emailaren erabilera: aholku orokorrak
Gogoratu, erakundearen eta erakundeko datuen babesa denon ardura dela eta guztiok hartu behar ditugula beharrezko segurtasun neurriak erakundean onartuta eta indarrean dauden politikek hala aitortuta.
Arazoren bat gertatu denaren berri izan edo susmotan egonez gero, mesedez, jarri hala dagokionarekin harremanetan ahalik eta bizkorren neurriak har daitezen.
Segurtasun neurriak
Emailarekin lanean aritzean oinarrizko segurtasun neurri batzuk hartu behar dira. Finean, zentzuzko neurriak dira, eguneroko bizitzan behin eta berriro hartuko liratekeen neurriak, baina teknologia berriak erabiltzean erabat erlaxatu eta aldera uzten ditugunak: Utziko al genioke ezezagun bati gure etxera sartzen, besterik gabe? Emango al genizkioke telefonoz gure kreditu txartelaren datu guztiak deitzen digun edonori? Ba sarean berdin jokatu behar da: zentzuz, prebentzio neurriak hartuz eta egiten ari garenaz jakitun.
- Begiratu nor den mezua bidali diguna, ez soilik bere izena, email helbidea bera ere bai.
Sarri gure kontaktuen ohiko izenak erabiltzen dituzte gu nahastu eta konfidati joka dezagun, kontuz! Atez ate dabiltzan iruzurgileek ere berdin egiten dute, telefono edo argi indar konpainia baten izenean datozela diote erlaxatu gaitezen.
- Gainbegiratu mezua ezer klikatu aurretik.
Espero ez genuen mezuren bat bada, bidaltzaile horrek mezu bat bidaltzea arraroa egiten bazaigu, emailaren gaia edo/eta mezua hutsik, beste hizkuntza batean edo guztiz arrotza zaigun gairen baten ingurukoa bada, kontuz! Eta mezuan web lotura bat badago, ez klik egin besterik gabe!
- Kontuz atxikitako fitxategiekin.
Ez zabaldu espero ez dugun fitxategirik. EXE, PIF, BAT, COM, DLL edo SRC luzapena duten fitxategiak ez bidali eta ez zabaldu. Fitxategi horietariko asko, gainera, zerbitzariek automatikoki blokeatuko dituzte.
- Ez sartu gure datuak eskatzen dizkigun webgune batera, zuzenean emaileko lotura batean klik eginez.
Gure datuak berrezartzeko edo eskaintzaren bat lortzeko gure datuak eskatzen dizkigun webgune baterako esteka bat emailez jasotzen badugu, ez sartu bertan. Zabaldu nabigatzailea eta idatzi zuzenean norberak bere kabuz bankuko url helbidea, adibidez. Phishing-a bezalako iruzurretan, banketxe, denda ezagun edo instituzioen webguneen kopiak egiten dira gure sarbideak lortzeko.
- Ez erabili laneko email kontua gauza pertsonaletarako.
Bereizi kontu pertsonala eta profesionala. Bakoitzarenak diren kontu pertsonalak doakoak dira: ni.eus, protonmail, tutanota, gmail, outlook…