HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (26.01.16)


ETAPA MAILAKOAK


Matrikulazioa

Datozen asteartean eta ostegunean, ate irekien saioak izango ditugula gogoratu nahi dizuegu. Saioak Esmalterian izango dira, arratsaldeko 17:30ean hasita.

Honekin batera, datozen astelehen eta asteazkenean bisitak ditugula jakinarazi nahi dizuegu.

Inauteriak

Datorren asteazkenean, hilaren 21ean, inauterietako lehen jakinarazpena jasoko dute familiek (baita guk ere). Mozorroaren inguruko mezua izango denez, ostegun goizerako, bi eraikinetan mozorroen ereduak prest edukitzeko eskaera egin nahi dizuegu.

Eskerrik asko!

Inauteri batzordea

Korrika txikia

Datorren asteazken eguerdian, hilaren 21ean, Korrika txikiko ibilbidearen lanketa egiteko elkartuko gara, Linoko irakasle gelan, eguerdiko 12:30ean.

Eskerrik asko!

Korrika batzordea


IKASTOLA MAILAKOAK


Solasean: norberaren hausnarketa egiteko eta bakarkako elkarrizketa eskatzeko EPEA LUZATZEA

Solasean-en epeak luzatu dira. Jende mordoa falta da norberaren hausnarketa egiteko eta eskatutako bakarkako elkarrizketak ere ez dira asko. Norberaren hausnarketa langile denek egitekoa da; elkarrizketa eskaera iaz egin ez zutenek eta iaz eginagatik aurten ere egin nahi dutenek egin behar dute. Mesedez, falta zaretenek egin eginbeharrak lehenbailehen. Langile atarian (azpimarren atalean) duzue horretarako aukera. Garrantzitsua da Solasean-etik ateratzen den informazioa prestakuntza planerako, plangintzarako… Aintzat har ezazue gaia, arren.

“Piztu itxaropena” kanpaina (Saharako errefuxiatuen aldeko janari eta baliabide bilketa): ikasgelako lanketa eta bilketa bera

Aurtengoan ere, “Piztu itxaropena” kanpainan parte hartzeko hautua egin du Elkartasun Batzordeak, ekimen honek gurean duen historia kontuan hartuz.

Geletan gaiaren inguruko lanketa espezifikoa egiteko proposamena luzatzen dizuegu.

  • HHn, ipuin-kontaketa egiteko eta bertako irudiak ikusteko aukera izateko tartetxo bat hartzea eskatuko zaizue.
  • LHn, Komunitate Proiektua irakasgaian, ipuinaz gainera, bideo baten bidez, saharar herriaren egoeraz hitz egin eta hausnarketa bultzatzea da proposamena.
  • DBH eta Batxilergoa. Zarauzko ikastetxe batzuetan egindako proiektu baten berri ematen duen bideoa pasa ziguten orain denbora pixka bat; ikasleek errefuxiatu sahararrei egindako bisita baten bideoa, hain justu. Hori lantzea da proposamena.

Hemen, etapaka banatuta duzue proposamen osoa. Besteentzat prestatutakoa ere egokia iruditzen bazaizue, AURRERA! Helburua, esan bezala, ikasleengan enpatia piztu eta janari bilketan emozionalki inplikatzea da eta!

Ondoren, ohiko janari bilketa egingo dugu: urtarrilaren 22an eta 23an izango dugu aukera etxetik gauzak ekartzeko. Urtarrilaren 26 goizean etorriko dira jasotakoaren bila. Bilduko direnak ondorengoak dira: hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, lekaleak eta konpresak.

Ikasleak eta familiak bezalaxe, zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu ekimenean parte hartzera.

Mila esker guztiagatik!

Elkartasun Batzordea

Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Ndank Ndank elkartearen “Hezkuntza antiarrazistaz hausnartzen” jardunaldia gehitu dugu. Langile atariko prestakuntza eta jardunaldien atalean topatuko dituzue ikastaroaren gaineko xehetasunak.

Lilaton 2026: emakumeok, anima zaitezte! [GOGORATZEA]

Eguberriko oporren aurretik esan genizuen eta orain gogoratu nahi dizuegu, Ikastolako hainbat emakumek “Lilaton”en parte hartzeari ekin ziotela orain urte batzuk eta aurten ere jarraipena eman nahi zaiola orduan hasitako bideari. Martxoaren 1ean egingo den “Lilaton”en izena ematera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu zuek ere, Ikastolako emakume langileak.  

Langile atarian topatuko dituzue Ikastolako talde-argazkira batzeko xehetasunak (aurrez www.lilaton.eus-en izena eman behar da, norbanako gisa). Anima zaitezte!

Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra langile atarian

Ikastolak egiten dituen aitorpen eta oparien kudeaketarako marko orokorra onartu zuen Artezkaritza Kontseiluak, 2025eko abenduan egindako bileran. Honen helburua, hala dagokien kasuetan, irizpide eta funtzionatzeko modu komunak ezartzea da.

Langile atarian (informazioa praktikoaren atalean, bestelakoen sailean) duzue dokumentua eskura, hala behar duzuenerako.

Sare sozialetarako bideo laburrak grabatzeko irizpide-sorta langile atarian

Argazkiez gain, Ikastolan gertatzen dena, Ikastolako “bizia”, bideo laburren bitartez ere kontatzeak Ikastolako sare sozialetako jardunari ekarpen esanguratsua egingo liokeela uste da. Horiek horrela, bideo labur horiek osatzeko “korteak” grabatzeko irizpideak idatzi dira; dena delakoa ere hitzordua, proiektua edo ekimena, argazkiez gain, irakasle, tutore eta langileek bideo “korteak” ere graba ditzaten. “Korte” horiekin bideo laburrak osatzeaz ez dute “korteen” grabatzaileek arduratu behar.

Langile atarian (informazioa praktikoaren atalean, bestelakoen sailean) duzue grabazioetarako irizpide-sorta eskura, hala behar duzuenerako.


BESTELAKOAK


Ikusgela.eus webgunea

ikusgela.eus webgunearen berri izan dugu. Mundua ulertzeko azalpen bideoen (diziplinaka sailkatuta eta erregistro freskoan) proiektua da Ikusgela. Helburu didaktikoa duten bideoak egitea da asmoa, euskarazko jakintza librea sortzeko eta jendarteratzeko. Bideo pedagogikoak, euskaraz eta libreak.

Ikasgelako jardunerako baliabide interesgarria izan daitekeelakoan ematen dizuegu honen berri.

Konfekoop aldizkariaren 107. zenbakia

Konfekoop-ek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aldizkaria argitaratzen du hiru hilabetero. Hemen duzue irakurgai azken alea, tartean irakaskuntzaren atala ere bada: hainbat irakaskuntza-kooperatibetako ordezkariek ikasturte hasieran Herbehereetara egindako bisitaz dihardu.