HIZKUNTZAK

HH Asteko oharrak (22.12.07)

 


Ikastola mailakoak


Kilometroak 23: Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmenta

Kilometroak 23 urtean murgilduta gaude bete-betean. Batzordeak eratuta, leloa eta irudia aurkeztuta eta denda martxan jarrita, Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmentari ekitea dagokigu orain. Denok elkarrekin, denon ahaleginari esker. Guztion laguntza eta elkarlana behar-beharrezkoak dira.

Kilometroen diru-iturri garrantzitsuena da Tanta, diru-sarreren ia erdia baitakar. Ikastolen aldeko festa guztien artean antolatzen da, urte osoan saltzen da, 5€ balio ditu txartel bakoitzak eta 60.000€ko saria jasotzen du zenbaki sarituak ekainaren amaieran egiten den zozketan. Etekinek Kilometroak 23ren gainontzeko irabazien jomuga bera izango dute.

Artezkaritzak erabaki du nori, noiz eta nola banatuko diren Tanta zozketa-txartelak. Langile-atarian dituzue xehetasunak.

2012-2015 arteko soldata diferentziaren kitapena

Hala dagokionak jakin beza, Ikastolak hilabete honetan kitatuko dituela ixteke dauden 2012-2015 arteko soldaten diferentziak. Hori eginda, afera hau amaituta geldituko da.

EAEko Hezkuntza Legea: ezohiko bilera abenduaren 15ean, 17:30ean Linon

Pasa den astean jakinarazi genizuen EAEko Hezkuntza Legeaz, haren testuinguruaz eta gakoez aritzeko ezohiko bilera abenduaren 15ean egingo genuela Linon, 17:30ean.

Bilerara joateko asmoa baduzue, bete, mesedez, langile-atariko inprimakia. Abenduaren 11 da izena emateko azken eguna.

Esmalteriako Ostiralak: Eguberriko apaingarriak sortzeko tailerra

Datorren abenduaren 16an, ostirala, Eguberriko apaingarriak egiteko tailerra antolatu du Ikastolak bi eta bost urte arteko haurrak dituzten familientzako. Esmalterian izango da, 17:00etatik aurrera. Joateko asmoa izanez gero, bete langile-atariko inprimakia. Abenduaren 15a da horretarako azken eguna.


Bestelakoak


Elkartasun Kutxa 2023: 800.000€ beharrik handiena duten proiektu eta Ikastolentzako

Elkartasun Kutxa Ikastolok beharrik handiena duten proiektuak eta Ikastolak laguntzeko dugun ekimena da. Euskal Herriko 113 Ikastolok egiten dugu urtero ekarpena Kutxara hori aurrera atera ahal izateko. Maiz Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Ikastolak izaten dira laguntza jasotzen dutenak.

Abenduaren 1ean egin zen Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia eta 2023an zortzi Ikastolaren artean 800.000€ banatzea erabaki zuen. Langile-atariko albisteen atalean dituzue xehetasun gehiago.

Gu Ikastola” materiala salgai

Ikastolen Elkarteak “Gu Ikastola” poltsak, motxilak, txapak… eskatzeko aukera zabaldu digu Ikastoloi eta ikastolakideoi. Langile-atarian topatuko dituzue produktuen xehetasunak eta eskaera egiteko aukera. Abenduaren 11ra arteko epea dago azken horretarako. Aurrerago jakinaraziko zaie eskatzaileei noiz eta nola egingo diren banaketa eta kobrantza.

Katalogoa.eus: Euskarazko Produktuen Katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998an Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena da, egun 115 toki-entitatek baino gehiagok sustatzen dutena. Besteak beste, 16 urte bitarteko gazteentzako euskarazko kultur produktuen bilduma eguneratua egitea da helburua. Eguberriak ate joka ditugula jakinik, interesgarria izan daitekeelakoan, www.katalogoa.eus webgunean topatuko dituzue hainbat eta hainbat aukera.

Hainbat artikulu interesgarri