HIZKUNTZAK
  • Etekinak: zeri ekarpena?

Kilometroak jaiari esker lortuko dugun etekin ekonomikoa inbertitzeko irizpideak Ikastola Ereduaren ezaugarri eta baloreen, eta Kilometroak ekimenari berari jarri dizkiogun helburuen baitakoak dira. Horiekin denekin egiten dute bat. Zehazki, xede hauetara bideratu nahi dugu dirua: 

1. Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzera

Urteetan, Ikastolak elkarlanean aritu izan dira eta elkarlan horrek Ikastolen mugimendu bizia sortu du, euskararen lurralde osoa, Euskal Herri osoa, barne hartzen duena. Ikastola guztiak ez gaude egoera berean, ordea. Une honetan, Iparraldeko eta Nafarroako Ikastolek guk baino egoera larriagoa bizi dute eta horiei laguntzera bideratuko dugu diruaren zati bat, elkartasuna baita Ikastolen oinarrietako bat. 

Orereta Ikastolak harreman estua du Hendaia, Biriatu, Urruña eta ZIburuko ikastolekin, Zubiak Eraikiz egitasmoari esker; baita Lesakako eta Berako ikastolekin ere. Egitasmo hori sendotu nahi dugu, Ikastola horietako gazteak elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko. 

2. Euskarari lotuta, herrian egun dugun erronka bati erantzutera

Kilometroak jaiak gure herriari zerbait uztea nahi dugu, jaia ez dugu Ikastolarentzat bakarrik egin nahi, herriarentzat eta herriarekin egin nahi dugu. 

Orereta Ikastola herri eragilea da, euskara eta euskal kultura ardatz dituena. Esparru horretan egin du bere ekarpena, 60 urte hauetan. Horregatik, herriko beste eragile batzuekin batera (Udala, ikastetxeak, Lau Haizetara euskara elkartea, Badalab…) euskararen eta euskal kulturaren inguruan ikusten dugun hutsune bati erantzuteko proiektu bat elkarrekin erabaki eta aurrera eramateko baliabideak jarri nahi ditugu (gazteen euskara erabilerari lotuta, etorri berriak euskara eta euskal kulturara hurbiltzeari lotuta…). 

3. Añabitarte ingurua eta Baserria egokitu eta berritzera

Gure Ikastolarako ere utziko dugu diruaren zati bat, gure komunitatea osatzen dugun guztiontzat erreferentzia den gune bat berritu eta egokitzeko: Añabitarte eta Baserria. Añabitarte eremu berezia da Ikastolako Ikastolakide denontzat, eta Baserria, urte hauetan guztietan zutik iraun duen ikurra, gure historiarekin lotzen gaituena. Añabitarte eta Baserria Ikastolako komunitatearen topagune indartsuak izatea nahi dugu, gure komunitatea trinkotzeko bitarteko aproposak.