HIZKUNTZAK
  • Eraikinak eta instalazioak

    Hezkuntza-beharretara egokitutako azpiegitura eta eraikinak

Orereta Ikastolak bost eraikin ditu, hiru gunetan banatuta: Haur Hezkuntza herriko erdigunean, Esmalterian (Koldo Mitxelena plaza) eta Linon (Lehendakari Agirre plaza); eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa Añabitarten, mendialdean.


Esmalteria eta Lino Berriak

Haur Hezkuntzan umearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten da lan Orereta Ikastolan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta: bera da bere bizitzako protagonista, Ikastola bere bidelagun da.

“Profesionalen formazio jarraiaz gain, espazio eta guneak beraiek ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude.”

Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogiak abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea da xedea. Profesionalen formazio jarraiaz gain, espazio eta guneak beraiek ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude: zirkulazio librerako, harremanak garatzeko, autonomia lantzeko, senak dioena garatu ahal izateko…

Haur Hezkuntzako espazioak erabat berrituta daude edota berrituko dira Ikastolako hezkuntza-proiektua integrala izan dadin. Aurrerapauso hori eman dugun lehenak gara Orereta-Errenterian.

Esmalteriako eraikina

Linoko eraikina

Añabitarte, arnasgune bat herrian

Añabitarten, mendialdean, du Ikastolak bere gunerik zabalena: espazio berdez inguratutako zein eraikin eta azpiegitura onez osatutako 100.000 m2. Arnasgune bat herrian. Ikasleek jolaserako zein egoteko leku zabalak dituzte, baita pilotalekuak, kantxa estaliak eta futbol-zelaia ere. Añabitarteko inguruneak aukera bikaina eskaintzen du ikasgelak kanpora ateratzeko ere, naturan eta naturaz ikasteko. Añabitarteko baratzea da horren guztiaren adibide garbietako bat.

“Añabitarteko inguruneak aukera bikaina eskaintzen du ikasgelak kanpora ateratzeko ere, naturan eta naturaz ikasteko.”

Bertan dago guneari izena ematen dion baserria ere. Añabitarte Baserria da ikasle, langile, familia zein Ikastolako bazkideen elkargune. Izan ere, eskola orduetatik kanpo, elkarte gastronomiko moduan funtzionatzen du Añabitarte Baserriak.

Ingurune berde hori eta haren inguruak ahalik eta ongien ezagutu eta haiei ahal bezain bateko etekina ateratzeko asmoz, orientazio-mapa bat sortzen ari da Ikastola herrian jada egon badiren beste hainbaten osagarri.

LHko eraikina

DBHko eraikina

Batxilergoko eraikina (Oiartzo)

Baso-eskola

2020-21 ikasturteko berrikuntza nagusietakoa da baso-eskola Orereta Ikastolan. Haurrek jolas librean eta esperimentazioaren bidez inguruarekin duten harremana sendotzea da helburua. Ikasleek naturaren parte direla sentitu eta zaintzen ikasten duten bitartean, hezkuntzako arlo ezberdinak gozamen eta askatasunetik lantzen dira.

“Ikastolako hezkuntza-proiektu eraldatzailean basoa bera ikasgela bihurtzen da, bere ohitura, arau eta edukiekin.”

Ikastolako hezkuntza-proiektu eraldatzailean basoa bera ikasgela bihurtzen da, bere errutina, arau eta edukiekin. Azken horiek kurrikulum ofizialean oinarrituta daude eta baliabide didaktiko garrantzitsuena natura bera da.

Ezagutu baso-eskolaren xehetasun gehiago

Gehiago jakin nahi? Entzun Euskadi Irratiko erreportajea.