HIZKUNTZAK

Kilometroak 23: Tanta zozketa txartelen banaketa eta salmenta

Kilometroak 23 denda

2022/12/14 5:00 pm

2022/12/17 1:00 pm

Orereta Ikastolan Kilometroak 23 urtean murgilduta gaude bete-betean. Urriaren 2an Ibarrako Uzturpe Ikastolaren testigua hartuz geroztik hainbat pauso eman ditugu. Eta eskerrak eman nahi dizkizuegu den-denei zuen hondar aletxoa jartzen ari zaretelako. Komunitatea indartzea, euskara eta euskal kulturari hauspoa ematea, eta orain artekoa posible egin dutenei eskerrak emanez etorkizuna eraikitzea dira Kilometroak 23ren helburu behinenak. Eta ari gara poliki-poliki bide hori egiten.

Orain, aipatutakoari jarraiki, Tanta zozketa-txartelen banaketa eta salmentari ekin behar diogu; denok elkarrekin, guztion ahaleginari esker. Guztion laguntza eta elkarlana behar-beharrezkoak izango dira.

Izan ere, Kilometroen diru-iturri garrantzitsuena da Tanta, diru-sarreren ia erdia dakar. Euskal Herriko Ikastolen festa guztiek batera antolatzen dute Tanta, urte osoan saltzen da, 5€ balio ditu txartel bakoitzak eta 60.000€ko saria jasotzen du zenbaki sarituak ekainaren amaieran egiten den zozketan. Etekinek, berriz, Kilometroak 23ren gainontzeko irabazien jomuga bera izango dute.

Nori, noiz eta nola banatuko dira Tanta zozketa-txartelak?

Orereta Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak, familia eta langileen ordezkariek osatzen duten Ikastolako kudeaketa-organo gorenak, Ikastolaren ezaugarriak eta testuingurua aintzat hartuz, honakoa erabaki du: 

  • Familia eta langile bakoitzak 30 txartel saltzeko ardura hartuko du. 30 txartel saltzeko denbora eta ahalegina eskatuko dira Kilometroak-en alde, komunitatearen eta Ikastolaren alde. Norbaitek gehiago saldu nahi izango balitu, ongi etorria izango da. Kilometroen aurreko edizioetan, 40 bat txartel saldu ditu familia bakoitzak, batez beste.
  • Kilometroak dendatik pasa behar da txartelen bila, abenduaren 14tik 17ra (Kilometroak dendaren ordutegia: astegunetan, 10:00-13:00 eta 17:00-20:00; larunbatetan: 10:00-13:00). Seme-alaba gazteenaren izenean prestatuko da gutunazala.
  • Eguberri garaia urtegarai aproposa izan daitekeelakoan, hil honen 30ean, familien txartelak saltzeko lehen Tanta Juntadizoa egingo da. Hala nahi duenak hitzordua du abenduaren 30ean Niessengo plazan 11:00etan, zozketa-txartelak elkarrekin saltzen hasteko. Aurrerago gehiago antolatzen badira, emango da haien berri.
  • Urtarrilaren amaierara arte, Tanta zozketa-txartelak saltzeko esklusibotasuna izango dute Ikastolako langile eta familiek. Ez du beste inork (Tanta batzorde ibiltariak, beste Ikastolek…) txartelik izango saltzeko. 
  • Eguberriak amaituta, 30€ko bost kobrantza egingo dira urtarriletik maiatzera bitarte (hilabetearen erdian). Salbuespenak salbuespen eta egoerak egoera, ez da txartelak itzultzerik izango.
  • tanta@kilometroak.ikastola.eus helbide elektronikoa jarri da martxan iradokizunak helarazteko, galdera eta zalantzak argitzeko zein argibideak eskatu ahal izateko. Alboan egotea eta bidelagun izatea da Ikastolaren helburua.

Tantaz tanta, errioa bete eta Erriola martxan jar dezagun; elkarrekin eta elkar lagunduz.

kilometroak