HIZKUNTZAK

Ikastolak Herriari emanaldia

Ikastola
Kursaal (Donostia)

2020/11/13 6:00 pm

2020/11/13 8:20 pm

Euskararen eta euskal kulturaren bost plaza handi dira Ikastolen jaiak. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak ere bai. Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien aurtengo edizioak bertan behera geratu ostean, berauen antolatzaileek, aldez edo moldez, ospakizun xume batzuk egin dituzte jaien urteari amaiera duina emateko. Halere, denen artean itxiera orokorra ere eman nahi izan diote pandemiaren urte honi, eta horretarako antolatu dute Ikastolak Herriari ekitaldi nazionala.

Anje Duhalde, Pauline eta Juliette, Xabi Solano eta Kimua Dantza Kolektiboa, Nogen, Demode Quartet, Korrontzi eta Oinkari dantza taldea izango dira azaroaren 13an Donostiako Kursaal aretoko oholtza gainera igoko direnak. Musika, kantua eta dantza uztartuko diren ekitaldian, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga arituko dira aurkezpen lanetan.

Urtero Ikastolen jaietan parte hartzen duten artistei eskerrak eman nahi zaizkie, baita urtero jaiotara etortzen diren herritar guztiei ere. Aldi berean, plaza bat eskaini euskal kulturari, urte gogor honetan sektorea bortitz kolpatu baitu pandemiak. Urtero gure jaietan presente diren babesleak ere aintzat hartu dira, eta, nola ez, baita jaiak antolatzeko ilusioa, lana, elkarlana eta auzolana eskaini duten Ikastolen komunitatea ere.

Plaza murriztua da Kursaal-a Ikastolen jaien dimentsioarekin alderatuta. Pandemiaren ondorioz, gainera, murritzagoa izango da, 400 ikuslerentzako lekua egongo baita bakarrik. Baina, era berean, Ikastolen jaien babesle den EITBri esker, Ikastolak Herriari ekitaldia Euskal Herriko etxeetara iritsiko da, azaroaren 21ean emanaldia telebista bitartez emango duelako euskarazko kateak.

Sarrerak salgai

Ikastolak Herriari ekitaldirako sarrerek 15 euro balio dute eta Kursaal aretoaren webgunearen bitartez eros daitezke. Azken astean, gainera, Kursaaleko txartel-leihatiletan erosteko aukera ere izango da.

Ikastolak ikastolak herriari jaiak