HIZKUNTZAK

Errigora – “Euskarari puzka” kanpaina: 10 urte bete-bete

2023/10/20 12:00 am

2023/11/09 11:00 pm

Errigoraren udazkeneroko “Euskarari puzka” kanpaina urriaren 20an jarriko da martxan eta azaroaren 9ra arteko epea egongo saskiak eskatzeko.

Berezia izango da aurtengoa, 10 urte betetzen baititu Errigora ekimenak. 2013ko udazkenean bidea urratzen hasi zenetik, 10 urte bete-bete pasa dira. Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete ditu Errigorak Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete du: 1.800.000 euro saskiek emandako mozkinekin; saski bakoitzaren balioaren % 25 Agerraldia ekimena indartzeko eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza laguntzeko erabiliz, hain justu. Udazken ezin aproposagoa dugu hau inoiz saskia eskatu duten guztiak eta lehenengoz eskatuko dutenak biltzeko eta inoizko eskaerarik handiena osatzeko denon artean!


SASKIAK


Errigoraren 10. urteurrenaren karietara, hastapenetakoari keinu eginez, 50€ko saski bakarra izango du aurtengo udazkeneko “Euskarari puzka” kanpainak: “10 urte bete-bete” saskia. Bertan, Errigorako ohiko ekoizleen bederatzi produktu berezi zein konbentzional egongo dira. Bost produktu amankomunak izango dira (zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa); beste laurak, berriz, orain artean saski zuri, beltz edo berdean egon diren produktuak. Saski bakoitza bakarra izango da, bost produktu amankomunak ez beste gainontzekoak ausaz sartuko baitira kaxetan.


ESKAERAK


Hementxe egin dezakezue eskaera: www.errigora.eus. Eskaera hortik eginez gero, nahi izatera, Orereta Ikastolako Esmalteriako eraikinean jaso ahal izango duzue saskia. Horretarako eguna eta ordutegia aurrerago jakinaraziko dira.


ERRIGORA ETA IKASTOLAK


Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa erdialdea eta hegoaldea ditu ardatz eta euskara ofiziala ez den gunean eragin nahi du, euskarari ez ezik, eremu hartakoak bertakoak diren elikagaiei eta lehen sektoreari Euskal Herrian bide emanaz.

Ohi bezala, aurten ere, saskien balioaren % 25 Agerraldia (Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria emateko sortu zen mugimendua) indartzeko eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza laguntzeko erabiliko da; tartean, bertako Ikastolei laguntzeko. Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!

errigora