Orain bi urte hasitako bideari jarraituz, aurten ere Blaitu MHLZ lehiaketak hiru hitzordu izango ditu eta hemen da lehena: Euskararen Egunari lotuta antolatu duguna, azaroaren 27tik abenduaren 3ra. ETBko Mihiluze saioan oinarrituta, familia giroan eta euskaraz momentu dibertigarri eta atsegina pasatzea da ekimenaren helburu nagusia; lehiari baino, gozamenari lotuta.
Azaroaren 27tik abenduaren 2ra bitartean, Blaitu MHLZ jolas bat eskainiko da egunero Ikastolaren webguneko Blaitu Klubaren atarian. Jolas horiek entrenamendu saioak izango dira abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jokatuko den lehiaketa handirako. Abenduaren 3ko lehiaketako familia irabazleak IrisarriLand parkerako sarrerak eskuratuko ditu etxeko kide guztientzat.
Parte hartu nahi izanez gero, egunero Blaitu Klubaren atarian argitaratuko diren esteketan klik eginez eta familiako kide baten izen-abizenak idatziz egin behar da, amaieran saritua nor den jakin dezagun. Blaitu MHLZ lehiaketan hala nahi duen herritar orok har dezake parte, ez Ikastolakideek bakarrik; Ikastolak berak Euskararen Egunari eta herriko Hamabostaldiari atxikimendua eman eta herritar oro ere horretara gonbidatu eta bultzatu nahi baitu. Elkar mugituz eta bustiz egingo dugu! Animatu eta parte hartu!