Zer da Blaitu Kluba?
2023-2024 ikasturtean Blaitu Kluba sortu da, LHko eta DBHko hainbat ikaslerekin eratutako taldea. LHko gela bakoitzeko ordezkari bat dago klubean, DBHn ordezkariak boluntarioak dira. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarrera duen edonork parte har dezake taldean. 2023-24 ikasturtean, guztira, 35 ikasle inguru daude.
Blaitu Klubak ikus-entzunezko edukiak sortu eta grabatuko ditu HH, LH eta DBHko ikasleek eta euren familiek ikus ditzaten. Bertan argitaratutako irudien erabilerarekin arduratsu jokatzea eskatzen da, ikasleen irudi-eskubideak babestu nahi baitira.
Hauek dira Blaitu Klubak dituen xede nagusiak:
- Blaitu Klubaren helburu nagusia Orereta Ikastolako komunitatean euskararen erabilera hauspotzea da. Komunitatea osatzen dugun ikasle, langile zein familiek uneoro egiten dugun hizkuntza hautuarekin kritiko izatea du helburu, ahalik eta egoera gehienetan euskaraz mintzo gaitezen.
- Blaitu Klubak egunerokoan kontsumitzen ditugun ikus-entzunezkoen hizkuntza hautuarekin kritiko izatea nahi du, euskarazko ahalik eta produktu gehien kontsumitu ditzagun. Horretarako, grabatutako edukietan euskal kulturari etengabeko erreferentziak egingo zaizkio, horiek ezagutu eta kontsumitzera bultzatuz.
- Blaitu Klubak aniztasunaren isla izan nahi du, irudietan agertzen diren erreferenteen aniztasuna kontuan hartuko da (sexu, genero, arraza, estilo…).
- Blaitu Klubak izaera integratzailea du. Euskarara eta euskal kulturara integratzeko berebiziko ahalegina egingo du, horixe baitu helburu nagusia. Ez da jarrera baztertzailerik (barrerik, isekarik, errespetu faltazko adierazpenik) onartuko, ez Blaitu Klubeko partaide izateagatik eta ezta Blaitu Klubeko kide ez izateagatik ere.
- Blaitu Klubak umore onaren aldarria egiten du. Uneoro transmitituko du hizkuntzarekiko izaera jolastia eta txantxazalea. Hizkuntzarekin dibertitzeak eta gozatzeak ekarriko du hizkuntza gustura erabiltzea.
- Blaitu Klubak familiak inplikatu nahi ditu. Behin baino gehiagotan adierazi eta entzun dugu euskararen egoera oso larria dela. Egoera kezkagarri horri erantzun nahian sortutako ekimena da honako hau, gure komunitatean eragin nahi duena eta, era berean, komunitatearen inplikazioa ezinbestekotzat jotzen duena. Askotan eskatuko da etxeetan aktibo jokatzea, gure edukiak ikustea, lehiaketetan parte hartzea, ideiak ematea eta ekarpenak egitea. Blaitu Klubak izaera irekia duenez, aurreko helburuak lortzen laguntzen duten ekarpen oro atsegin handiz jasoko dira blaitukluba@oreretaikastola.eus helbide elektronikoan.