HIZKUNTZAK
  • Hondakinen kudeaketa

    Ingurumenari dagokionean, Orereta Ikastola Koop.E.-ak ondorengoak egiten ditu ikas-etapa eta eraikin ezberdinetan:

    Esmalterian eta Linon, HHko eraikinetan, hondakinak gaika biltzen dira (ontzi arinak, papera, errefusa eta organikoa). Kanpoko guneetan, udaletxeak jarritako gaikako zaborrontziak erabiltzen ditu Orereta Ikastolak. Linoko eraikinaren kasuan, hondakinen kudeaketan ikasleek hartzen dute parte. Kaleko edukiontzi handietara eramaten ditu Orereta Ikastolak organikoa eta ontzi arinak, eta astean behin jasotzen da Ikastola atarian papera.

    LHko eraikinean ere, Zamalbiden hain zuzen ere, hondakinak gaika biltzen dira. Kanpoko espazioan, eremuan zehar, hondakinak biltzeko lau gune daude. Gune horietako bakoitzean, ontzi arinak, papera eta kartoia, errefusa eta organikoa biltzen ditu Orereta Ikastolak. Horrez gain, LHko eraikinaren barruan ere hondakinak gaika biltzen dira. Ikasgeletan ontzi arinak, papera eta errefusa biltzen dira batik bat, eta korridoreeetan zehar zein gela jakin batzuetan, organikoa biltzeko edukiontziak ere daude.

    Hondakinen kudeaketan ikasleek ere parte hartzen dute. LH1, LH2 eta LH3ko ikasleak kanpoko espazioa garbitzeko brigada osatzen dute eta gainerako mailek, (LH4, LH5 eta LH6ko ikasleek) ontzi arinak eta organikoa biltzen aritzen dira. Ontzi arinak auzoko edukiontzira eramaten dituzte eta organikoa, Ikastolaren eremuan bertan dagoen konposta gunera.

    Konposta gunean ikasleak aritzen dira lanean erreferentziazko irakasle batekin.

    Orereta Ikastolako konposta gunean lau konpostagailu daude. Bertara, astero, ikasleek edukiontzi marroietan bildutakoa botatzen dute eta ongarria lortzeko egin beharreko lana egin. Bertatik ateratako ongarria Ikastolako bertako baratze-proiekturako erabiltzen da.

    DBHko eraikinean, kanpoko espazioan, lau gune daude hondakinen gaikako bilketarako. Gune horietako bakoitzean, ontzi arinak, papera eta kartoia, eta errefusa biltzen dira. Horrez gain, eraikinaren barruan ere hondakinak gaika biltzen dira. Ikasgeletan ontzi arinak, papera eta errefusa biltzen dira batik bat, eta korridoreetan zehar zein gela jakin batzuetan organikoa biltzeko edukiontziak daude. Amaitzeko, DBHko eraikineko komunetan hilekoari lotutako produktuentzako edukiontzi espezifikoak ditugu.

    Jangelatan behin baino ez erabiltzeko ontzi eta bilgarriak gero eta gutxiago erabiltzen dira; berrerabilgarriak, ordea, gero eta gehiago. Olio bilketarako erakunde batekin hitzartua dugu jasoketa.

     

  • Baso Eskola

    HH3tik LH2ra arteko ikasleak Ikastolako baso eskolara joaten dira bi astetik behin.  Ikastolaren curriculumean txertatua dago proiektua, eskolak bertan ematen dira egun horietan.

    Basoaren birsortzea, zaintzea eta mantenua bermatzeko, zenbait lan egiten dira urtean zehar, ikasleekin edota profesionalekin.

    Ikasleek erabili ohi dituzten espazio publikoetan zein baso eskolan topatzen diren hondakinak jaso egiten dituzte ikasleek, garbiketa-egunak egin ohi dira.

  • Baratzea

    LH 3. mailako ikasleek baratzea ikas-proiektuan parte hartzen dute. Bertan, lurraren egoera aztertzeaz gain, garaian garaiko produktuak landatu/erein eta horiek zaintzen aritzen dira. Garai bakoitzean dagokion uzta jasotzen da, batzuetan ikasleen artean banatuz eta besteetan, aldiz, Ikastolako jangelari eskainiz.

  • Plaka fotoboltaikoak

    Orereta Ikastolak LHn, DBHn, Baserrian eta Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioan behar den elektrizitatea plaka fotoboltaikoen bitartez eskuratzen du. Inbertsio hori bere hornitzaile eta aliatu den Goiener-Nafarkoop kooperatiben bitartez egin zuen 2020an.

  • Ibilgailu elektrikoa eta Urbanoaren erabilera

    Orereta Ikastolak mantenurako eta beste hainbat gauzetarako behar duen ibilgailua erabat elektrikoa da, erregai fosilen erabilera gutxitzeko asmoz. Ikastolan dagoen karga-gunea erabiltzen da ibilgailua kargatzeko (bertara heltzen den elektrizitatea Ikastolako teilatuetan dauden plaka fotoboltaikoetakoa da).

    Urbanoan iristen dira Errenteriatik datozen Batxilergoko gure ikasleak, Udalarekin adostuta. Honela gure karbono aztarna txikitzen dugu.

  • Papera eta fotokopiak

    Ingurumenarekiko jasangarria den inprimagailu-erabilera egiten du Orereta Ikastolak. Gehiegizko fotokopiak edo nahi gabe egindakoak ekiditen dituen sistema dago martxan. Inprimagailuari agindua bidaltzean ez du automatikoki inprimatzen: erabiltzaileak gailu dagoen lekura joan, logeatu eta eskaera baieztatu egin behar du inprimatu ahal izateko. Gisa horretara lan eginez, kopia eta paper asko gutxitzen ditu Orereta Ikastolak.

  • Garapen Jasangarriko Helburuen Diagnostikoa

  • Jangelan hornitzaile eta elikagai erabilera arduratsua

    Jangelan lehentasunez bertako hornitzaileekin lan egiteko hautua dugu eta horien adibidea da Errigorari erosten dizkiogula hainbat elikagai.