HIZKUNTZAK

Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak 2020ko urrian onartutako Añabitarteko Baserriaren Erabilera Araudi Orokorra ezagutu eta errespetatu behar du elkarte gastronomikoa erabiltzen duen Orereta Ikastolako bazkide orok.

2022ko maiatzeko Artezkaritza Kontseiluan Baserriaren giltza-kudeaketaren inguruan hartutako erabakietara egokitu da, baita internet bidezko erreserba sistema eta kontsumo-orriak betetzeko ordenadore sistemara ere.

Lehen atala: Añabitarte baserria

1.1. Baserria

  • Gogoratu ikastola batean gaudela, mesedez, denen ardura da dena txukun
    mantentzea gero bertan haurrak ibiltzen baitira.
  • Añabitarteko baserria familia bolondresek kudeatzen dute. Lantaldera
    baserriko edozein bazkide elkar daiteke. Erabilerarekin lortzen den dirua,
    baserriko mantentze lanetarako eta bertan hobekuntzak egiteko inbertitzen
    da.

1.2. Bazkideak

  • Baserriko erabiltzaile arduradun bezala onartuak izango dira:
    • Orereta Ikastolako bazkide titularrak eta hauen senar-emazte edo bikotekideak. (Seme-alaba eta gurasoak ez dira Baserriko bazkide gisa onartuko)
    • Orereta Ikastolako langileak
    • Orereta Ikastolak, dagokien organoen erabakiz, horrela izendatutako pertsonak
    • Bazkide izateko derrigorrezkoa da 18 urteak beteak izatea
  • Bazkideak Baserrira eramandako gonbidatuen jokabidearen arduradun eta erantzule izango dira.

Bigarren atala: araudia

2.1. Erreserbak

  • Erreserba bazkideak egin beharko du, horretarako zehaztutako bideak jarraituz.
  • Bazkideak giltzik ez badu, horretarako jarritako bideak jarraituz jaso beharko du.
  • Baserriko giltza ezin da beste pertsonekin (bazkide edo ez bazkide) partekatu.
  • Zenbakia duen mahai bat hartzeko, lehenengo erreserbatzea
    derrigorrezkoa da. Ez da inongo kasuan beste bazkide batek erreserbatu
    duen mahai bat erabiliko

2.2. Baserriko egonaldia

  • Bazkideak une oro egon beharko du Baserrian, bere gonbidatuak bertan dauden bitartean. Bere taldetik lehena izango da sartzen eta azkena ateratzen.
  • Ikastolako eremuko atea itxita mantenduko da, bereziki Ikastolako bulegoa itxita dagoenean (lanegunetan, 17:00etatik aurrera; jaiegunetan eta oporretan, egun guztian zehar).
  • Txakurrik ezin da sartu; ez Baserri barrura, ezta Ikastolako eremu osora ere.
  • Erretzea debekatuta dago Baserri barruan zein Ikastolako eremu osoan.
  • Zigarro-puntak lurrera botatzea erabat debekatuta dago eta falta larritzat hartuko da.
  • Baserria txukun mantenduko da beti:
    • Plater, ontzi, edalontzi, mahai tresna eta gainerakoak ondo garbitu, lehortu eta bere tokian jasoko dira.
    • Erabilitako mahai eta aulkiak joan aurretik garbitu egingo dira.
    • Erratza pasako da erabilitako gunean eta haren inguruan.
    • Aulkiak mahai gainean utziko dira Baserria garbitzea errazteko.
    • Mahai eta aulkiak tokiz mugitu eta kalera atera ahal izango dira. Egonaldia bukatzean beren tokira bueltatuko dira beti.
    • Sukaldea jaso eta garbitu egingo da erabili ondoren.
    • Baserria eta ingurua txukun mantendu eta zainduko dira.
    • Sortutako zaborra norberak eraman behar du eta dagokion zabor-ontzietara bota (ez paperontzietara).

2.3. Elkarbizitzarako arauak

  • Ez da gainerako bazkide zein gonbidatuak gogaituko dituen portaera eta jarduerarik onartuko (musika altua, zarata, etab.)
    • Beste bazkide batek hala eskatuz gero, musika itzaltzea derrigorrezkoa izango da.
    • Adin txikikoen behar bezalako portaeraren jarraipena egingo da.
  • Ondoko bizilagunekin ere elkarbizitza arauak berdin zaindu beharko dira.
  • Ikastolako instalazio, ekipamendu, material zein beste edozein motako aktiboen hondatze, puskatze, lapurtze edota kalteen arduraduna bazkidea izango da. Abisua pasa beharko dio Baserriko lantaldeari. Abisurik pasa ezean, harek ordaindu beharko du eta falta larri gisa hartuko da. Ordaindu ezean, falta oso larria izango da.
  • Erabiltzaileren batek beste norbaitek portaera desegokia izan duela irizten badu, Baserriko lantaldeari jakinarazi diezaioke.

2.4. Kontsumoak

  • Baserria erabili ondoren eta bertatik joan aurretik kontsumo orria (nota)
    bete behar da, momentuan horretarako prestatutako medioen bidez
    (papera, ordenagailua, etab.).
  • Kanpoko edari guztiengatik deskortxea ordaindu beharko da (unitate bat botilako).
  • Erabiltzaile guztiek ordaindu behar dute Baserriaren erabilpenagatik, haurrek zein helduek. Horretarako, kontsumo orrian zehaztu behar da erabiltzaile kopurua.
  • Kontsumo-faltak. Baserria kudeatzeko lantaldeak gainbegiratzen ditu astero kontsumoak. Gerta liteke zurekin harremanetan jarri behar izatea hutsegiteak dauden asteetan. Ez da inor susmopean jartzen; asteko erabiltzaile guztien kolaborazioa ezinbestekoa da kontuak kudeatzeko garaian.

2.5. Baserritik joatean

  • Ziurtatu ateak eta leihoak ongi itxita daudela; argiak itzali, gasa itxi eta su eta labeen mandoak iraungita daudela.
  • Baserriko atea giltzaz itxiko da, baita Ikastolako eremuko hesiko atea ere (ondo bultzatu eta gero zarrailari buelta eman behar zaio).

2.6. Xehetasun gehigarriak

  • Egoera bereziei aurre egiteko, Baserriaren kudeaketa taldeak (Ikastolako dagokion organuaren oniritziarekin) xehetasun gehigarriak onartu ahal izango ditu.
  • Gehigarri horiek araudi honen osagarri izango dira eta bertako arauen balio eta ondorio berberak izango dituzte. Indarrean sartzen direnean, bazkideei jakinaraziko zaizkie Ikastolako ohiko informazio bideen bidez. (Adibidez, 2020ko COVID-19 pandemiari aurre egiteko protokoloa, etab.)

Hirugarren atala: faltak eta zigorrak

Orokorrean, hiru mailatako arau-hausteak eta horiei dagozkien zigorrak ezartzen dira:

3.1. Falta arinak

  • Besterik zehaztu ezean, araudiko edozein arau-hauste, falta arina izango da.
  • Lehen faltak, abisua suposatuko du.
  • Arau bera bigarrengoz, edo hiru arau-hauste arin pilatzea falta larritzat hartuko da.

3.2. Falta larriak

  • Bazkideak ezin izango du Baserria erreserbatu ezta erabili ere (beste bazkide batek gonbidatuta izan arren) urtebeteko epean. Falta larria egin duela jakitera ematen zaion unean sartuko da indarrean zigorra.
  • Bazkideak zigorra beteko ez balu, falta oso larriatzat hartuko da.
  • Bazkideak bigarren falta larria egingo balu, falta oso larritzat hartuko da.

3.3. Falta oso larriak

  • Bazkideak ezin izango gehiago Baserria erreserbatu ezta erabili ere (beste bazkide batek gonbitatua izan arren).

Faltak Baserriko kudeaketa taldearen batzarrak erabakiko ditu, bazkidea entzun ondoren. Erabakiari helegitea jar diezaioke bazkideak Artezkaritza Kontseiluan.

Giltza/Txartela

  • Baserrira sartzeko txartel nominatiboa behar du bazkideak.
    Eskuratzeko 60 € jarri behar ditu fidantza moduan. Txartela bazkide titularraren izenean egongo da beti.
  • Bazkideek baserrira joateko beraien izenean egongo den txartela eskatu behar dute. Langileek Ikastolako beraien txartela erabiliko dute.
  • Txartela galtzen duenak, berria eskatu ahalko du, berriro ere 60€ ordainduz. Txartela galdu duela ohartu bezain laster adierazi beharko du baserria@oreretaikastola.eus helbidera, berria eskatu ez arren.
  • Txartelak funtzionatzeari utziko balio, bazkideari txartel berria entregatuko zaio, beti ere aurreko txartelaren truke.
  • Txartela puskatuko balitz, bazkideari txartel berria entregatuko zaio, beti ere aurreko txartelaren truke eta 30€-ko gehigarria ordainduta.
  • Txartela bazkideak (eta bere bikoteak baserrian altan emana badago) esklusiboki erabili ahal izango dute, eta ezin izango diote beste inori utzi.
  • Txartelak eskuratzeko jarritako dirua baserriko kontuan ingresatuko da.
  • Bazkideak baserrian baja eskatu eta giltza bueltatutakoan, jarritako fidantza bueltatzea eskatu ahal izango du. Hasieran jarritakoa bakarrik itzuliko da (ez galera edo puskatzeagatik jarritakoa) eta baserriaren kontuek itzulera posiblea egiten duten momentuan; ez du berehalakoa izan beharrik. Baja eskatu ondoren, ezin izango du urte natural bat pasa arte berriro ere alta eskatu.