ETAPA MAILAKOAK
MILA KILO ZORION!
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
12: Iñaki Zapirain
Datorren asteko ekintzak: Ikus Calendar
- 6C: Pantaila adeitsuak
- Jarraipen batzordea
- LH: Jolaslekuko 2. bilera
Jarraipen batzordea
UKPan adierazi genuen bezala, aurtengo helburuetarako bat LHko jarraipen batzordeak sistematizatzea da. Hiruhileko honetako lehen bilera datorren astelehenean egingo dugu.
Zubiak Eraikiz – Nafarroa
Ikasturte hasieran, gelen esleipena egitea zegokionean, ikasturte honetan Ipar Euskal Herriaz gain Nafarroarekin ere zubiak eraiki nahi genituela aipatu genizuen. Azken zubi honek badu ibilbidea gure ikastolan, DBHko ikasleak Berako Labiaga Ikastolarekin harremanetan baitira duela ikasturte batzuetatik hona. LHn, berriz, zubi berria litzateke eta aurtengoan LH 5. eta 6. mailako kideek izango duzue horretarako aukera. Aipatutako Ikastola linea bakarrekoa izanik, 5. eta 6. mailako irakasleen artean hitz egin eta maila bakoitzetik gela bat aukeratzea eskatu nahi dizuegu.
Aurtengo helburua gutun, bideo edota bestelako baliabide bidez elkar komunikatzea litzateke, eta hala suertatuko balitz, hirugarren hiruhilekoan aurrez aurreko topaketa bat antolatzea. Jakinik zubi sendoak pixkanaka eraikitzen direla, lehen hiruhileko honetan (abenduaren hasierarako) Berako lagunentzako lehen trukea prestatzea eskatzen dizuegu.
Harremana zein gelak izango duen dakizuenean Ainara Aranburi esaiozue, berak jarriko baitzaituzte harreman zuzenean Berako irakasleekin.
Asteko kanta
Blaituko Musikaz Blai atalean aurkeztutako lau euskal abestiren bideoklip bozkatuena DUPLAREN Tirikitrauki izan da. Beraz, datorren astean abesti hau entzungo dugu.
IKASTOLA MAILAKOAK
Osasun azterketa osagarriak: kobrantza
Pasa den ikasturtearen amaieran osasun azterketa osagarriak egin zenituzten langileei datorren ostegunean, azaroak 14, kobratuko zaizue azterketa horien kostuaren % 50a; langileari ordaintzea dagokiona, hain justu.
Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua
Langile atariko prestakuntzen eta jardunaldien atala eguneratu dugu. Berritasunak “Natura” formazio irteera eta “Komunikazio positiboa eskola eremuan: bizitzarako hezkuntza” jardunaldia dira. Langile atarian dituzue xehetasunak.
Gau Beltza: argazki eta bideo galeriak eta balorazio inkesta
Gau Beltza pasa berritan, gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu osteguneko festan parte hartu zenuten denei; modu batera edo bestera jaia zuena eginez, zuen hondar aletxoa jarri zenuten guztiei. Gustu izanez gero, langile atarian duzue bideo eta argazki galeria ederra.
Bide batez, proposamen eta iradokizunak jaso eta arian-arian jaia doitzeko eta hobetzeko asmoz, Gau Beltzeko lantaldeak balorazio-inkesta prestatu du; besteak beste, langileek erantzuteko. Langile atarian topatuko duzue aipatu inkesta. Asko eskertuko genizueke erantzuteko tarte bat hartzea. Mila esker, aldez aurretik.
Zubiak Eraikiz – Herrigintza: gogoratzekoak
- Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia: Pasa den azaroaren 3an amaitzen zen Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia eskatzeko epea. Geroztik eskaerak jaso ditugu eta epea luzatzea erabaki dugu: azaroaren 10a da Hendaiako Ikastolako Eguberriko txokolatezko egutegia eskatzeko azken eguna. Oraindik egin ez eta erosi nahi baduzue, langile ataritik egin dezakezue. 12 euro balio ditu, eskura emango da eta entregatzean ordaindu behar da eskudirutan.
- Seaskako egutegia: langile ataritik eskatzeko epea ere azaroaren 10era arte luzatu dugu. Langile ataritik eskatuz gero, eskura emango da eta entregatzean ordaindu beharko da eskudirutan. Ikastolako bulegoetan ere salgai izango da azaroaren erdialdetik aurrera. Hala erosiz gero, momentuan jaso eta ordaindu beharko da (agortzen diren arte izango dira salgai). Seaskako egutegiak 4 euro balio ditu.
- Kaskarotenea Ikastolako kirol-jertseak eta telazko poltsa: langile atarian topatuko dituzue eskaintzaren xehetasunak eta eskaera egiteko aukera. Azaroaren 10a da eskaerak egiteko azken eguna. Ostean, eskura emango dira eta entregatzean ordaindu beharko dira eskudirutan.
- Errigora: martxan da Errigoraren urteroko udazkeneko kanpaina. Saskiak eskatzeko epea azaroaren 14an amaitzen da. Otarreak www.errigora.eus webgunean eskatu behar dira; hala nahi izanez gero, Ikastolaren Esmalteriako eraikinean jaso daitezke iristen direnean (azaroaren amaiera aldera).
ETAPA ARTEKOAK
HIZPRO | Kalko okerrak
Iaz hasitako bideari jarraiki, aurten ere Hizpro taldeak euskarazko kalko okerren lanketa bideratuko du ikastolan. Gauzak horrela, hilabetero euskarazko kalko oker bat hautatuko dugu eta gelan landuko dugu. Tutorea arduratuko da hilabeteko kartela inprimatu eta horren lanketa egiteaz, baita DBHko ikasleek sortutako bideoa ikasleekin partekatzeaz ere. Hizpro taldeak, berriz, Ikastolako sarreretan jarriko ditu kartelak. Azaroko kalko okerretan, ordea, ez dugu bideorik izango, beraz, soilik kartelaren lanketa egingo dugu.
Hauxe da hilabete honetako kalko okerra: HHko kalko okerra | LH eta DBHko kalko okerra
Animo! Blaitu mingainak eta busti euskaraz!
HH-DBH | Ziur Iturengoa zela arotza?
Euskal abesti herrikoiak arotza Iturengoa zela dio; Erramun Joakin omen zuela izena eta San Kristobal urtu zuela joareak egiteko. Iturenen ez dakigu, baina gurean badira arotz oso finak. DBH4ko hainbat gazte egur zatiak lantzen aritu dira azken asteetan. HH3ko eta HH4ko ikaskideen izenak mimoz eta fin-fin zizelkatu, margotu eta bernizatu dituzte. Eta behin tailerreko lanak amaituta, Esmalteria eta Linon izan dira banatzen. Irakurri gehiago langile atarian (albisteen atalean).
BESTELAKOAK
Donamartiriko Arberoa Ikastola: elkartasunerako deia
Donamartiriko Arberoa Ikastolaren eraikinetako bat erre zuen sute batek pasa den urriaren 28an. Kalte pertsonalik izan ez bazen ere (bakantzetan ziren ikasle eta irakasleak), kalte materialak handiak izan dira eta eraikina berreraikitzeko diru-bilketa jarri dute martxan. Hemen ari dira jasotzen dohaintzak. Ekarpena egitera gonbidatu nahi zaituztegu.
2025eko Herri Urrats eta Nafarroa Oinez aurkeztu berri dituzte
Aste honetan aurkeztu dituzte 2025eko Herri Urrats eta Nafarroa Oinez. Lehena, “Elgarrekin” lelopean ospatuko da datorren maiatzaren 11n. Abestia Dupla talde arabarrak egingo du. Bigarrena, berriz, Atarrabian egingo da urriaren 19an “Buruz, bihotzez, oinez” lelopean. Gehiago jakiteko, irakurri aurkezpenen albisteak (Herri Urrats | Nafarroa Oinez).