HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.09.29)

 


ETAPA MAILAKOAK


Bakarkako guraso bilerak

1. eta 4. mailako tutoreek urriaren 4rako bakarkako guraso bilerak egiteko hitzorduak eskaini behar dituzte Inikan. Urriaren 4tik aurrera, gurasoek hitzorduak hartzeko aukera izango dute.

Leihoak eta ateak

Irakasle bakoitzak, proiektorea eta argiak itzaltzearekin batera, bere gelako edo azken klasea bukatu duen gelako leiho eta ateak ONDO itxita gelditu direla ziurtatu behar du.

Bateratzen galdetegia

Oraindik irakasle batzuk ez dute galdetegia bete. Egun hauetan zehar, bete ez dutenek bete egin behar dute.

Datorren astelehena: URRIAK 2

Aste luze, gogor, emozionante eta politaren ondoren datorren astelehena pisutsua izango denez, asteleheneko eguerdia ostegun edota ostiral eguerdiarekin ordezkatzeko aukera luzatu nahi dizuegu, eguna lasaiago joan dadin; adostu ezazue mailakideekin.

KiVa eguna

Datorren ostiralean, urriak 6an, KiVa eguna ospatuko dugu. KiVa batzordeak xehetasun gehiago emango dizkigu datorren astean.

Practicum

Eñaut Egibar Ugaldek praktikak egingo ditu gurean irailak 21-abenduak 15 bitarte (Iker Mujika eta Maitane Sanchezen gelan)

Zubiak Eraikiz

Ikasturte honetan ere Ipar Euskal Herriko hainbat Ikastolekin harremanetan jarraitzen dugu. Aurten, ikasleen arteko harremanak sendotzea dugu helburu. Horretarako hemen dituzue gelen esleipenak. Lehen hiruhileko honetan, lehen kontaktua egin beharko dugu geletako tutore eta ikasleekin. Beraz, astelehenetik aurrera harremanetan jar zaitezkete haiekin.

Liztor europarrak

Ikasturte hasieran esan bezala, baserri pareko zuhaitz baten enborrean liztor europarra espezieak kabia egina dauka. Espezie babestua denez, udaletxekoak ez dira hura kentzera etorriko. Beraz, liztorrekin bizi behar dugula ikusita, aukera paregabea bilakatu zaigu ikasleekin gaia lantzeko. Bide batez, jolasgaraian ikasleek ez dituztela xaxatzen ziurtatu beharko dugu. Aste honetan ere hiru haurrek, zirikan ibili ondoren, ziztadak jaso dituzte eta.

Asteko kanta

Urriaren 8an, Etxarri Aranatzen Nafarroa Oinez ospatuko denez, aste honetan  “Nafarroa osoan bai!” kanta entzungo dugu.


IKASTOLA MAILAKOAK


Prestakuntza eta jardunaldiak: eskaintza eguneratua

Langile atarian (prestakuntzen eta jardunaldien atalean) EHUko udazkeneko ikastaroen atala topatuko duzue; gehitu berri dugu.

Kilometroak 23: azken-azken txanpa… Eta animo mezuak Hendaiako Ikastolatik!

Heldu da urriaren 1a, Kilometroak Urteari amaierako ginga jartzeko momentua. Eguraldia lagun, ziur egun ederra aterako dela. Mila esker bihotz-bihotzez urte guztian egindako lanagatik; eta igandean, lanean aritzeaz gain, hartu gozatzeko tartea ere!

Ikastolako ikasle ohia eta egun Hendaiako “Gure Ikastola”ko gurasoa den Lander Garrok mezu ederra bidali digu Berria egunkariko iritzi artikulu honetan. Irakurri eta hartu indarrak iganderako!


ETAPA ARTEKOAK


Oiartzo | Aisialdiko hezitzaile titulua ateratzeko aukera Ikastolan bertan

Seigarren urtez, haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du Oiartzo Ikastolak, Ikastolen Elkarteko Aisiola hezitzaile eskolaren eskutik. Aisialdiko taldeetako, udalekuetako, eskolaz kanpoko ekintzetako, jangelako… hezitzaile izateko aukera eskaintzen du aipatu tituluak. Lanbidek homologatua da eta 2023an hamasei urte (batxilergoko lehenengo maila edo baliokidea) edo gehiago bete edota beteko dituen herritar orok eman dezake izena. Ikastaroa Ikastolan bertan egingo da. Langile atarian (albisteen atalean) topatuko dituzue xehetasun gehiago.


BESTELAKOAK


Ikastolen Elkarteak ikasturte hasierako ekitaldia egin berri du

Ikastolen Elkarteak pasa den irailaren 23an egin zuen ikasturte hasierako ekitaldia Vianan (Nafarroa).  Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berria  aurkeztu zen bertan, Ikastolentzako zoru komuna izan nahi du, ikuspegi pedagogiko komun bat Ikastola guztientzat. “Bazatoz?” liburuan bildu da.

Bestalde, 2024ko udan Ikastolen VII. Batzarra egingo dela ere aurreratu zen irailaren 23ko ekitaldian, biharko Ikastolak irudikatzeko egingo den gogoeta-prozesua izango da. Horrez gain, Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zen, baita Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio bat ere. Xehetasun gehiago, www.ikastola.eus webgunean.

Hainbat artikulu interesgarri