HIZKUNTZAK

LH Asteko oharrak (23.03.31)


ETAPA MAILAKOAK


Adaxka berriak: Baionako festa

Datorren igandean, apirilak 2, Baionako Lauga aretoan eskainiko dugun “Adaxka Berriak” emankizunari lotutako azken zehaztapenak:

  • Familiarekin joango diren haurrek 09:45ean egon beharko dute aretoaren sarreran, eta arduradunekin egongo dira ikuskizun osoak irauten duen bitartean.
  • Ikastolak antolatutako autobusean doazenek 09:00etan egon beharko dute Niessengo autobus geltokian. Autobusa bueltan toki berera bueltatuko da 14:00etarako. Maiatzeko erreziboan kobratuko dira autobuseko txartelak (LH2ko ikasleenak ez beste bidaiarienak).
  • Arropari dagokionean, galtza ilunak eta kolore biziak dituzten elastikoak janzteko eskatu digute. Etxean ziur baduzuela aproposa den zerbait!

Topaketak

Apirilaren 21ean, Ingurugelatik Topaketa interesgarri hau antolatu dute Gasteizen kanpo espazioen garrantziari bruruzkoak. Informazio gehiago, hemen.

Klaustroa

Apirilaren 20an klaustroa izango dugu. 13:10ean Areto Nagusian elkartuko gara. Gai zerrenda:

  • Matrikulazioa eta ereduak (Anartz eta Egoitz).
  • Langileon konpetentziak eta ebaluazioa (Naroa S.)

Ordezkapenak

Apirilaren 17tik maiatzaren 5era: Iker Mujikak ordezkatuko du Oñatz Gonzalez.

Apirilaren 17tik maiatzaren 5era: Lucia Larreak ordezkatuko du Maialen Gurrutxaga.

Jone Briñasen amatasun baja Unai Aznarrek egingo du.

Asteko kanta


IKASTOLA MAILAKOAK


Berritasunak langile atarian: bidai-gastuak

Bidai-gastuak langile ataritik erregistratzeko aukera martxan da (ezkerrean, goialdean, gasolina-hornigailuaren ikonoa). Hemendik aurrera, hala behar duzuenetan, bertatik egin ahal izango dituzue gestio horiek.

Ikas-ereduen afera: berritasunak

Otsaileko klaustroetan, Ikastolako ikas-ereduen testuinguruaz, eboluzio historikoaz, etorkizuneko asmoez eta proposamenak (bederatzi urteko aldaketa mailakatua) zekartzan ondorioez aritu ginen. Klaustroetan aurkeztutako proposamen bera eraman zen otsailaren amaierako Urteko Ohiko Batzar Nagusira.

Geroztik, egoera aldatu egin da: beren seme-alabak ikas-ereduz aldatzeko eskaria egin duten familien kopuruak izugarri egin du gora eta kudea ezina da egoera, joko-arauek ez dute tamaina horretako erauntsia kudeatzeko aukerarik ematen. Eta eskariei ezezkoa emateak ez du onarpenik, Ikastolaren kasuan hau guztia izapide administratibo soil bat bada ere. Egungo testuinguruak eta iritzi publikoak ez ditu gauzak errazten.

Horiek horrela, zuzendaritza-taldearen eta Artezkaritza Kontseiluaren erabakiz, Ikastola osoko ikasgela eta ikasle guztiak eredu bakarrera pasatuko dira 2023-24 ikasturtean. Aldaketa, beraz, kolpetik egingo da ikasturte bakarrean. Artezkaritza Kontseiluaren asteazkeneko (martxoak 29) bileran hartu zen azken erabakia eta Ikastolak eskaera ofiziala helarazi dio jada Hezkuntza Saileko lurralde ordezkariari.

Erabakia aldatzeak aldaketak dakartza bidean, ez azken emaitzan: gela- eta lanpostu-galera berbera izango da hemendik hamar urtera, galeraren abiadura da aldatuko dena. Hasierako bide-orriari jarraituta baino lehenago galduko ditugu gela gehiago, baina esan bezala, amaieran, kopuruak berberak izango dira.

Hiru ikasturte ditugu hau guztia ahal bezain ongien kudeatzeko, lehen hiru ikasturteetan ezin baitugu legez ikasgela bat baino gehiago galdu kurtsoko. Artezkaritza Kontseiluak eta zuzendaritza-taldeak egoera ahalik eta modu txukun, zintzo, garbi eta gardenenean kudeatzeko ahalegina egingo dute, horretarako konpromisoa hartzen dute. Familiekin eta langileekin hitz egingo da gaiaz; egoerak zuzen-zuzenean eragingo dien lankideekin berariaz hitz egingo da kontuaz.

Oporraldiaren ostean jardungo dugu gaiaz. Bide-orrian aldaketak egon direnez, lehenbailehen eman nahi izan dizuegu horren berri.

Matrikulazioa: hainbat aipamen

HH2-DBH4: OTSAILEKO MATRIKULAZIO KANPAINAREN BEHIN-BEHINEKO LEHEN BALORAZIOA ETA BEHIN-BEHINEKO ZERRENDAK

Hemen duzue otsaileko matrikulazio kanpainaren behin-behineko balorazioa, Ikastolako datuekin soilik egindakoa (momentuz, beste daturik ez baitugu).

Prentsan gori-gori dagoen gaia da eta ziurrenik jakingo duzuenez, EAEko hezkuntza sistema osoa kexu da Hezkuntza Sailaren 2023-24 ikasturterako matrikulen kudeaketarekin. Aste honetan atera dira onartuen eta ukatuen behin-behineko zerrendak. Hezkuntza Sailak berak jarritako irizpideak ez dira betetzen eta banaketak zeren baitan egin diren ez du azaldu nahi; gardentasuna falta da. Horren adierazle dira atzo eta herenegun administraziopeko ikastetxeetako guraso elkarteek, Kristau Eskolak eta EHIk hedabideetan egindako adierazpenak. Ikastolok egoerari buruz egiten dugun irakurketaren, eta horren baitako jarrera eta erabakien berri xehetasunez jakiteko, hemen duzue EHIk kaleratutako prentsa oharra.

Orereta Ikastolari berari dagokionean esan, behin-behinean, gaur-gaurkoz eta momentuz, gurean matrikula egin duten familia guztiak izango direla onartuak.

OIARTZO: AURREMATRIKULA EPEA ZABALIK DA APIRILAREN 21ERA ARTE

Batxilergo ikasketak egiteko aurrematrikula-epea zabalik da martxoaren 27tik apirilaren 21era. Oiartzoko aurreikuspenek datorren ikasturtean lehenengo mailan hiru ikasgela izango ditugula diote. Momentuz, kanpaina txukuna izaten ari da. Azpimarratzekoa da Haurtzaro Ikastolan batxilergoa egingo dutela esan eta Oiartzoren aldeko hautua egin dutenen ehunekoan igoera nabarmena egotea aurten. Pozgarria da datua.

HAUR ESKOLA: MATRIKULAZIO KANPAINA ASTE SANTUKO OPORRALDIAREN OSTEAN

Hezkuntza Sailaren “Haurreskolak” partzuergoaren matrikulazio-kanpaina apirilaren 24tik maiatzaren 16ra egongo da zabalik. Ohi legez, Ikastolako haur eskolako matrikulazio-epea ere garaitsu berean jarriko dugu martxan.

Berritasun nagusienetako gisa (nagusiena ez bada), Hezkuntza Sailak jakitera eman du bere kudeaketapeko haur eskolak debaldekoak izango direla datorren ikasturtetik aurrera, %80ko asistentzia eta beste hainbat baldintza betetzea eskatuz familia erabiltzaileei. Egoera hori izanik, Ikastolak bere haur eskolako kuota osagarriaren zenbatekoa HHtik DBH 2. mailara arteko gainontzeko ikasleen berbera (54,90€/hil.) izateko apustua egin eta arriskua hartu du. Jangelako erabiltzaileak izanez gero, 39€ gehiago ordaindu beharko dira zerbitzu horregatik.

Ikusiko da zein emaitza ematen dituen matrikulazio-kanpainak eta zein bide hartzen duen etorkizunean honek guztiak.

Artezkaritza Kontseilua: martxoko bileraren deskargua

Asteazkenean, martxoaren 29an, izan genuen Artezkaritza Kontseiluaren martxoko bilera. Bertan landutako gairik mardulenek (matrikulazioa eta ikas-ereduen afera) beren tarte propioa dute asteko ohar hauetan. Horiez gain, ondokoak aipagarriak direnak:

  • Oiartzoko berriak:
  • 2. mailako ikasle ia denek egin dute unibertsitaterako sarbide-proba egiteko eskaera. Datua ona da.
  • Oiartzoko ikasle/familia eta langileei banatu zaizkie saltzea dagozkien Tanta zozketa-txartelak.
  • Konfekoop-eko (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) Irakaskuntza Batzorde Sektoriala berritu behar da eta talde berrian parte hartzeko proposamena heldu da Ikastolara. Artezkaritzak ontzat eman du proposamena eta hortaz, Orereta Ikastolak ordezkaritza izango du Konfekoop-eko Irakaskuntza Batzorde Sektorial berrian.

Prestakuntza: eskaintza berria

“Osasuna-Eskola” eskaintza berria (Hezkuntza Sailak eta Osakidetzak elkarlanean antolatua) eta hezkuntza arloko online ikastaroen atala eguneratuta topatuko dituzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).

Kilometroak 23: hainbat aipamen

“TANTA” IBILTARIA: BOLUNTARIO-ESKAERA

Martxoan, Tanta talde ibiltaria martxan jarri genuen sagardotegi-garaia aprobetxatzeko. Astigarragan izan ginen martxoko larunbatetan eta orain apirilekoetarako deialdia zabaldu nahi dizuegu. Beraz, Tanta zozketa-txartelak saltzen aritzeko aukera baldin baduzu, bete langile atariko hala dagokion inprimakia. Anima zaitezte!

MAIATZAK 6: “12 ORDUZ ERRIOLAN” IKUSKIZUN MARATOIA

Maiatzaren 6an “12 orduz Erriolan” egitasmoa egingo dugu. 11:00etan hasi eta 23:00etara arte diziplina diferenteetako emanaldiak izango dira Lehendakari Agirren plazan (Linon) antolatuko ditugun hainbat espaziotan. Euskara ardatz izango duten emanaldiak eskainiko ditugu. Ekimen parte-hartzailea izango da: herriko, eskualdeko eta bailarako sortzaileei oholtza bat eskaintzea da asmoa. Margolariak, dantzariak, musikariak, kontalariak, antzezleak, malabaristak… Aniztasuna nahi dugu, bai diziplinetan eta baita adinetan ere. Emanaldi laburrek eta luzeagoek, guztiek izango dute lekua larunbat horretan Lehendakari Agirren plazan.

Zuek zeuek edota zuen inguruko norbaitek artista gisa parte hartu nahi izanez gero, bete langile atarian topatuko duzun galdetegia, eta, ondoren, antolatzaileok jarriko gara izena eman dutenekin harremanetan. Izen-ematea apirilaren 21ean itxiko dugu. Anima zaitezte eta anima itzazue etxeko eta inguruko artistak! Guztion artean beteko dugu oholtza; hamabi orduz, ekin eta ekin!

UZTAILAK 19: URMUGA FESTIBALAREN GELDIALDIA AÑABITARTEN

Atzo aurkeztu zen 2023ko Urmuga festibala eta aurtengoan, Kilometroak eta Erriola presente izango dira bertan. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera mendiz eta musikaz lotzen duen jaialdiaren laugarren edizioa uztailaren 12tik 30era ospatuko da. 19 mendi ibilaldi edota zeharkaldi eta 12 kontzertu eskainiko ditu Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena. Kontzertuetako bat Añabitarten izango da, uztailaren 19an. Joango gara gogoangarria izango den ilunabarrak bere egingo dituen talde eta artisten berri ematen; bien bitartean, apuntatu hitzordua agendan!

Urmugatik pasatu dira eta pasatuko dira aurten ere Euskal Herri osoko eta atzerriko musikagintzan erreferente diren izen ugari. Sekula musika emanaldirik ospatzea pentsatuko ez litzatekeen naturagune zoragarri eta berezietara gonbidatu nahi da jendea. Hiri eta populazio gune nagusietatik atera, eta mendia eta musika uztartuz, kultur proposamen aberatsa Euskal Herriko landa eremuetara zabaltzea da asmoa. Ikusi Urmuga 2023 aurkezpen bideoa.

“Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez!” manisfestazioa Baionan apirilaren 22an: Ikastolako autobusa

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile guztiek manifestazioa deitu dute datorren apirilaren 22rako Baionan (Suprefaturatik, 17:00etan), “Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez!” lelopean. Seaska ere deitzaileen artean da. Hemen irakur dezakezue albistea, eta deialdiaren xehetasunak ezagutu.

Ikastolon ikuspegi nazionalagatik, gure kokapen geografikoagatik eta Zubiak Eraikiz egitasmoan bidaide ditugun hainbat Ikastola Ipar Euskal Herrikoak direlako, aproposa iruditzen zaigu Orereta Ikastolako komunitatea apirilaren 22ko manifestaldian parte hartzera gonbidatzea.

Ikastolak hara joateko autobusa antolatuko du, 13€ (helduak) edo 8€-ren (haurrak) truke. Manifestaziora Ikastolak antolatutako autobusean joan nahi izanez gero, bete langile atariko inprimakia horren berri emanez. Apirilaren 18a da horretarako azken eguna. Ostean, xehetasunak helaraziko dizkiegu izena eman dutenei.

Ikastola prentsan: Batasunaren Bidean ekimena

Opor onak pasa!

Eskerrik asko orain arte egindako lanagatik. Gozatu oporrez, eta bueltan jarraituko dugu denon artean Ikastola egiten, aurrera egiten.


ETAPA ARTEKOAK


DBH | Cansat, satelite bat sortu eta sari bat irabaztearen abentura

Ikastolako DBHko zazpi ikaslek osatutako talde bat Espazio Agentzia Europarrak antolatzen duen CANSAT lehiaketan parte hartzen izan da lehenengoz. Pasa den martxoaren 25ean izan zen Lerinen (Nafarroa).

Ikasturtean zehar sortu duten freskagarri-lata baten tamainako satelitetxoa kohete baten bitartez kilometro bateko altuerara jaurti zen eta erortzerakoan hainbat aldagai (tenperatura eta presioa, besteak beste) neurtu eta transmititu zituen, baita kalte handirik gabe lurrera iritsi ere 🙂

Ikastolako taldeak epaimahaiaren aintzapespena jaso zuen: talde profesionalenaren aitortza jaso zuten, hain justu. Zorionak eta bejondeizuela, gazteak! Segi urrunera begira amesten!

Irakurri kronika osorik langile atarian (albisteen atalean)


BESTELAKOAK


Ekiherri, Orereta-Errenteriako energia komunitatea

Aste honetan aurkeztu da Ekiherri, gure herriko energia komunitatea; herritarrez osatutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba, herritar guztiei irekia. Egungo energia eredua aldatzea, energia berriztagarriei hauspoa ematea, kontsumoa eta gastua murriztea, eta energia-burujabetzarako bidean pausoak ematea ditu, besteak beste, helburu. www.ekiherri.eus webgunean topatuko dituzue xehetasunak.

Talde eragilea osatuta, komunitatea eratzea da orain hurrengo pausoa. Herritar guztiei irekitako prozesu baten bidez, bazkideek beraiek erabakiko dute nola eratu nahi den energia komunitatea eta zein proiektu garatuko dituen.

Ekiherri proiektuak Ikastola Ereduarekin oro har eta Orereta Ikastolaren ezaugarri nahiz izaerarekin berariaz bat egiten duela sinetsita, Orereta Ikastola egin da kooperatibako bazkide. Eta Ikastolako komunitateko kideak ere gonbidatu nahi ditu horretara. Hemen eman dezakezue izena; anima zaitezte!

Hainbat artikulu interesgarri