Etapa mailakoak
Mila kilo zorion
Mila kilo zorion
dizugu eskaintzen,
beste urte berri bat
duzulako hasten.
Baietz asmatu zenbat
dituzun betetzen,
zergatik ez ditugu
txaloka kontatzen?
- Martxoak 14: Maitane Sanchez
- Martxoak 16: Anjelmari Elkano
Zaintzak
Zaintza orduen taula eguneratu dugu eta aldaketa batzuk egon dira. Bakoitzaren zaintza orduak taulan adierazita dagoenarekin bat egiten duen ziurtatzea eskatzen dizuegu. Okerrik balego koordinatzaileei jakinarazi.
Argazkiak
Behin behinekoa bada ere, azpian duzuen estekan gelako argazkiak gordetzeko karpeta izango duzue. Gela bakoitzarentzat karpeta bat izango duzue eta ikasturtean zehar ateratako talde osoko lauzpabost argazki gordetzeko irizpidea jarraituko dugu.
Ikasturte bukaeran argazki hauek izango dira gurasoek ikusiko dituztenak.
https://hodeia.oreretaikastola.eus/index.php/f/294676
Udalekuak-Zirimola
Martxoaren 20an, astelehena, Zirimolako begiraleak pasako dira LH3, LH4, LH5 eta LH6. mailako geletatik udaleku itxiak aurkeztera. Aurkezpenak 5-10 minutukoak izango dira. LH6. mailako kasuan, Atzegikoen hitzaldiak izango dituztenez, goizean goiz, 9:00etatik 9:30era edo goizeko azken orduan, 12:00etatik 13:00etara pasako dira aurkezpenak egitera.
Asteko kanta
- Martxoaren 19an aitaren eguna izanik, ondorengo kantak entzungo ditugu datorren astean.
Ikastola mailakoak
Errigora: udaberriko kanpaina 2023
Udaberriko Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina atzo jarri zen martxan eta martxoaren 29a bitarteko epea egongo da eskaerak egiteko.
Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska daitezke; auzolanari esker, norbere herrian euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa bidoietan banatzen da, eta arroza, pasta, lekaleak eta kontserbak 12 ontziko sortetan, proposamena urte osorako beste eskatzea baita.
Eskaerak www.errigora.eus webgunetik egin daitezke. Eskaera horrela eginez gero, Ikastolan bertan jaso ahal izango duzue eskatutakoa.
Anima zaitezte kanpainan parte hartzera eta zuen ekarpena egitera!
Prestakuntza: eskaintza berria
Hezkuntzako berrikuntza proiektuen diseinuaren gaineko espezializazio ikastaroa (berritasuna) eta online ikastaroen atala eguneratuta topatuko dituzue langile atarian (prestakuntzaren atalean).
MoreretaON: marea morea errioan!
Azken urteetan martxoaren 8an Ikastolak Añabitarten ikasle, langile, familia eta zenbait eragiletako ordezkariekin egin izan duen etenik gabeko hainbat orduko korrikaldia herriaren erdigunera jaitsi da aurten; errioaren bueltara, nora bestela Kilometroak urtea izanik. Langile atarian duzue kronika irakurtzeko eta argazki-galeria ikusteko aukera. Eguraldiaren iragarpen ezegonkorrak erdiguneko arratsaldeko saioa bertan behera uztea ekarri bazuen ere, ederra izan zen ekimena! Eskerrik asko MoreretaON posible egiten duen talde eragileari eta aste honetako korrikaldian parte hartu duzuen denei!
Kilometroak 23: hainbat ekimenetarako boluntario eskaera eta hurrengo hitzorduak
BOLUNTARIO-ESKAERA: TANTA IBILTARIA, TONBOLA, EUSKARAREN ERRIOA ETA BATASUNAREN BIDEAN
Bagoaz aurrera Kilometroak urtean eta hemendik urrira bitarteko hainbat ekimen martxan jartzeko momentua iritsi zaigu. Tanta ibiltariaren lantaldea, Tonbola, Euskararen Errioa eta Batasunaren Bidean ekimenak abiatzeko ordua, hain justu. Eta zuen parte-hartzea behar dugu horretarako. Langile-atarian topatuko dituzue lantalde bakoitzari dagozkion xehetasunak eta izena emateko inprimakia. Anima zaitezte!
BATASUNAREN BIDEAN (MARTXOAK 24)
Euskara batuari eta haren sortzaileei eskerrak eman eta gorazarre egiteko helburuz, Batasunaren Bidean ekimena izango dugu martxoaren 24an. Orereta-Errenteria (Gamon Zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren omenezko eskultura) eta Donostia (Alde Zaharreko plaza berria) elkartuko dituen giza-katea osatuko dugu euskara batuaren sorreran eta ibilbidean garrantzitsuak izan diren hamabost pertsonaren izenak izango dituzten 500 metro pasatxoko zatiak lotuz.
Martxoaren 17an egingo da ekimena aurkezteko prentsa-agerraldia. Orereta Ikastolak sustatuta, ekimenak Euskaltzaindiaren eta gainerako lurraldeetako Ikastolen jaien babesa ere jaso du eta, horregatik, Euskal Herri mailako ekimena izango da Batasunaren Bidean. “Ikastolak Herriari” lemapean egingo da, hori baita urtero Ikastolen bost jaiek (Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Kilometroak) ekimen bateratu bat antolatu eta berau herriari eta herritarrei eskaintzeko duten modua. Hortaz, Euskal Herri guztiko Ikastolez gain, beste sareetako ikastetxeak, eragile sozio-kulturalak eta hala nahi duten herritar denak ere gonbidatuko dira ekimenean parte hartzera. Parte-hartzaile bakoitzak zapi bat eta Euskaltzaindiak prestatutako liburuxka jasoko ditu egunaren oroigarri gisa.
Hau izango da eguneko programa (azken xehetasunen faltan):
- Goizean, Euskaltzaindiako zuzendaritzaren bilera Udal Areto Nagusian
- 10:45 > Hasiera ekitaldia Lehendakari Agirre plazan
- 11:00-11:30 > Giza-katea
- 12:00-12:30 > Amaiera ekitaldiak ibilbidean zeharreko bost gunetan (Orereta-Errenteriako Lehendakari Agirre plaza, Pasaia, Herrera, Donostiako Zurriola Ikastola, Donostiako Alde Zaharreko plaza berria). Besteak beste, Euskararen Errioa izango da bertan.
- 15:00 > Euskaltzaindiako kideen bisita Ikastolako ikasleei
- 17:30 > Giza-katean beren zatia izango duten hamabost pertsonei omenaldi instituzionala Udal Areto Nagusian
Eguna hurbildu ahala, jasoko dituzue haren gaineko xehetasun gehiago.
ADAXKA BERRIAK (APIRILAK 2)
Kilometroak 23-ko ekimenen artean, Adaxka Berriak izeneko proiektua dugu. Proiektu honen bidez, Ikastolako 2. mailako ikasleak, Ziburu eta Hendaiako Ikastoletakoekin batera, tradiziozko 6 euskal kanten moldaketak ikasten ari dira, Landarbaso Abesbatzaren eskutik. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa eta Euskal Kultur Erakundea (Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren garapena eta hedadura helburu dituen erakundea) ditugu bidaide proiektu honetan.
Adaxka Berriak ekimenaren azken helburua maiatzaren 20an Musikasteren baitan kontzertu bat eskaintzea bada ere, horren aurretik beste zita bat izango dugu. Izan ere, Herri Urratsen 40. eta Pirritx, Porrotx eta Marimototxen 35. urteurrenera gonbidatu gaituzte. Baionan izango da festa, apirilaren 2an, 11:00etan hasita.
Ekimenean parte hartzen ari diren 2. mailako ikasleek doan joan eta sartu ahal izango dute festara. Gainontzeko ikastolakideek:
- emankizunerako sarrera (10€) Xenpelar Kulturdendan, Arkaitza tabernan, Kilometroak dendan eta www.herriurrats.eus webgunean eros dezakezue. www.kilometroak.eus -en ere laster egongo da horretarako aukera.
- herritik Baionara joateko autobusa antolatuko du Ikastolak. 09:00etan aterako da herritik eta 14:00etarako etorriko da bueltan. 13€ (helduak) edo 8€ (haurrak) balioko du joan-etorriko txartelak. Behar bezala antolatu ahal izateko, bete langile atarian topatuko duzuen inprimakia Ikastolak antolatutako autobusean joateko asmoa baldin baduzue. Martxoaren 28a da izena emateko azken eguna. Apuntatu direnekin harremanetan jarriko gara xehetasunen berri emateko, ondoren.
Zubiak Eraikiz: pandemia osteak orain arte eman duena
COVID-19aren izurriteak Zubiak Eraikiz egitasmoa geldialdian egotea ere ekarri du. Aurtengo ikasturtean berrekin zaio proiektuari eta poliki-poliki hasi martxa hartzen eta fruituak ematen. Hauxe orain artekoa:
- HH: oparitxoen bidez egin da lehen hartu-emana. Gure txikiek marrazkiak bidali zizkieten Iparraldeko lagunei aurkezpentxo batekin eta aste honetan jaso berri dute erantzuna: Inauteriak nola ospatu dituzten partekatu dute gurekin bideo batzuen bitartez! Laster izango dugu proposamen gehiagoren berri.
- LH: HHn egin gisan, eskutitz eta marrazki bidez daude harremanetan ikasleak Hendaia, Biriatu eta Ziburuko haurrekin. Ikasturte honetan oraindik ez dute aurrez aurre egoteko aukerarik izan, baina iristear da hori ere: martxoaren 24an, Batasunaren Bidean ekitaldiaren egunean, euskara batuari gorazarre egiteko giza-katean parte hartu ostean, Añabitarten elkartuko dira hartu-emana duten ikasgelak elkarrekin bazkaldu eta une atsegin bat pasatzeko asmoz.
- DBH: Larzabalgo kolegioarekin abiatu dute lehen harremana DBHkoek, eta ikasleek eurek aurkezpen gutuna bidali berri diete dagoeneko bertako ikasleei. Horretaz gain, Inauteriak Ikastolan eta herrian nola ospatu ditugun azaltzen duen bideoa ere partekatu dute bertako ikasleekin. Harreman honetan Euskaraz Biziko DBH 1. mailako ikasleak ari dira bereziki lanean. Lapurtarren erantzunaren zain daude, eta ea aurrerantzean hartu-emana suspertzea lortzen den. Hemendik aurrera ere izango duzue egitasmoaren berri.
Bestelakoak
Udalekuak: Udalaren eta EHIren eskaintza
Udalak eta EHIk eman duten beren udaleku-eskaintzaren berri. Hemen topatuko dituzue lehenaren zein bigarrenaren gaineko xehetasunak. Ikastolak antolatzen dituen udalekuen berri datorren astean emango dizuegu.