DBHko Jarraipen Batzordearen 2022-23 ikasturteko laugarren bileran ondorengo gaiak landu dira.
Berrikuntza pedagogikoa: ebaluazioa eta buletin berria
Etapen arteko kohesioa eta koherentzia kontuan izanik, ebaluazio buletin berriaren diseinua eta nondik norakoak azaldu dituzte DBHko pedagogia erreferenteek. Guraso bilera orokorretan emandako azalpenean sakondu eta zehar konpetentziak nahiz oinarrizko konpetentziak buletin berrian nola irudikatuko diren azaldu dute. Adierazi da Orereta Ikastolakoa propioki den eredua gauzatzea dela helburua.
2023/24 ikasturteari begira
A) ESKOLA EGUTEGIA ETA ORDUTEGIA. EGUNGO EGOERAREN AURREAN, ALTERNATIBAK
Batetik, Hezkuntza Sailak eskola egutegia eta ordutegia txertatzeko duen aplikazio zurruna; eta bestetik, aurtengoan izandako gorabehera legala, aurrerantzean ez dugu irailean eta ekainean jardun trinkorik izango. Gainera, ikasleekin irakasleek igarotzen dituzten orduak ugaritu egin dira (Hedatze, irteerak…) eta honek hurrengo ikasturteetarako irakasleen koordinazio orduak murriztu ditu nabarmen. Beraz, koordinazio horietarako irakasle taldeak zuen denbora murriztu denez, aurrerantzean ezinezkoa izango zaio irakasle taldeari orain arteko lanak modu berean gauzatzea: ezinezkoa baita denbora laburragoan, zereginak modu berean gauzatzea.
Irakasle taldeak eta Zuzendaritzak argi du ezinbestean gauzatu beharrekoak direla lan batzuk: etapen arteko tutoretza eta orientazio koordinazioa, ebaluazio bilerak, monografikoak eta ikasleen jarraipen estua, berrikuntza pedagogikoan aurrera urratsak ematea, diziplina arteko proiektuen sorkuntza eta doikuntza, mintegien arteko koordinazioa, guraso bilerak… Bigarren mailan leudeke bost eguneko ikasbidaiak, maila guztietan gauzatzen diren ikasbidaia zein irteerak, sortaldeen ondorioz aurrera eraman ohi diren bestelako proiektuak…
Horretaz gain, legeak horretarako aukera emanda, 2023/24 ikasturtean saioen iraupena 5 minutu murrizteko aukeraz hausnartuko da, horrek koordinazioetarako denbora areagotuko bailuke.
B) ITUNAK ETA LAGUNTZAK
Ofiziozko proposamenari uko egin zaio, hainbat egokitzapen/hobekuntza eskatzeko. Erantzuna epe laburrean jasotzea aurreikusten da.
C) PLANGINTZA AURREIKUSPENAK ETA IBILBIDEAK (LOMLOE)
Legeak DBH 4. mailan hautazko gai osagarria txertatzera behartzen du Ikastola, eta hortaz, hiru ordu atera behar izan dira arlo osagarri hori bideratu ahal izateko: Matematika, Lengua eta Euskara ziren minimotik gora zeuden arloak, eta hori izan da aplikatu dena. Modu horretan, 4. mailara doazen ikasleek euren ibilbideko bi arlo aukeratzeaz gain, ibilbidearen hautazko osagarria (3h) eta aukera gai askea (2h) hautatu behar izan dituzte. Derrigorrean eskaini beharreko irakasgaiak diseinatu eta eskaini behar izan dira, beraz.
D) ZUZENDARITZA TALDE BERRIA
Zuzendaritza trantsizioaren mesedetan, Irati Muxikak bere azken urtea izango du DBHko zuzendari lanetan. Ane Badiolak eta Jon Iriondok jarraituko dute beste urtebetez, Olatz Mimendia kide berriarekin batera Zuzendaritza talde berria osatuz.
3.- Ekintza osagarriak: Gau Beltza, MoreretaON, Erronka, Ikastola Eguna…
Ikastolak herriari eskaintzen dizkion jardueren artean urtean zehar badira estrategikoak eta garrantzitsuak bilakatu diren hainbat ekimen. Horiek guztiak aurrera eramateko, ordea, lan eta koordinazioa beharrezkoa da. Argi izan behar da, irakasle eta familien inplikazioa ere behar-beharrezkoa izango dela egun horiek aurrera atera ahal izateko. Mezua familien artean zabaltzeko eskatu da.
4.- Norberak lekarkeena
- A) Inikaren erabileran hainbat hobekuntza proposamen eta doikuntza mahai gainean daude, eta hurrengo ikasturtean aplikatu nahi dira horietako batzuk.
- B) Familia eskolak: eskaerak egiteko eta familien interesetatik abiatzeko une aproposa da, ahalegina egitea eskatu da.
- C) Errespetua: Ikasturte amaiera honetan hainbat guraso eta irakaslerekiko presioa areagotu da. Elkar zaindu eta babesteko eskaera kontuan izatea garrantzitsua da. Moduak eta prozedurak zaintzearen garrantzia azpimarratu da: ohiko prozedurak dira azterketen berrikuspenak, tutoreekin zalantzak argitzea, azterketa mintegiko kideren batek berrikus dezan eskatzea…